Sortu alderdia legezko izan ala ez izan gakoak bi adar ditu: (1) ETAk etorkizunean egin ditzakeen balizko ekintza «terroristen» inguruan Sortuk estatutuetan jadanik hartua eta plazaratua duen jarrera, alegia errefusa, arbuioa nahikoa den, eta (2) ETAren existentziarekiko berarekiko Sorturen erantzuna, ia gainontzeko alderdi «demokratiko»-ekin batera erakunde armatuaren amaiera edo akabera lortzeko esfortzuak egingo ote dituen. Lehenengo eztabaida antzua da. Hitzek edo terminoek jasotzaile batzuengan eragiten dutena (perlokuzioa) berauen esanahien eta asmoen gainetik jartzea dakar. Condena sarrerak erdal hiztegietan definizio eta erabilpen ezberdin eta polisemikoak ditu: epailearen zigorra, jainkoak jarritako kalte edo salbazioaren ukatzea, deitoratzea bera. Gainera, condena berbaren inguruko eztabaida erdarara lerrotzen da, gaztelerari nolabaiteko nagusitasuna aitortuz. Zuhur jokatu behar da: batetik, alderdien legeak berak ez du condena-rik eskatzen; bestetik, itzulpen hutsa egin beharrean, euskal semantika eta pragmatika lehenetsi beharko genuke: «gaitzespen», «kritika», «errefusatze», «deitoratze», «arbuiatze», «ukatze», eta abarren atzetik nahiko indarra dago (ilokuzioa): adierazten diren kasu orotan ETAri ezetz esaten ari zaio. Galdera da ia uko hori egiazkoa den.
Bigarren eztabaida hau korapilatsuagoa da. ETAri EZ esateak zer dakarren aztertu behar da. Horrek berriz beste bi gako ditu: deitoratzea bera iraganera proiektatu behar ote den eta juridikoki zer exijitu dakikoeen. Juridikoki ETArekiko lotura edo harremanik ez izatea, laguntzarik ez ematea, «konibentzia»-rik edo ulerkeriarik ez izatea nahikoa izan beharko litzateke alderdien legearen ikuspegitik legezko izateko. Gehiago eskatzea, haratago joatea, moralki onargarri izan daitekeen arren, juridikoki ezberdina izan daiteke. Sorturi egiten zaizkion eskakizunak, alegia ETAren iraganeko biolentzia deitoratzea eta ETAri desegiteko edo desagertzeko exijitu diezaion, politikoki eta moralki zilegi dira, agian ezinbesteko. Baina juridikoki exijitzen dena da talde horiekin ez nahastea, eta eskakizun moralei begira juridikoki nahikoa da ETAren biolentzia gaitzestea, benetan gaitzestea eta ez itxuran. Estrasburgoko Giza Eskubideen Europar Auzitegiak emandako irizpideak —pluraltasun politikoaren balioa— kontuan hartuz eta bereziki ikusita oinarrizko askatasunak murrizten dituzten neurriak modu hertsian interpretatu behar direla, aztertu beharko da ea alderdi berriak ETArekin (ezkutuko) harremanik duen, Batasunaren jarraipena den, biolentziari uko egiten dion, terrorismoarekiko urruntze garbia dagoen eta estatutuak Estrasburgok onetsitako alderdien legearen araberakoak diren, besterik ez.
Sortuk garbi utzi du, bere estatuetan, ez duela zerikusirik ETArekin, ez duela inolaz ere babesten, onartzen, bidezkotzat jotzen edo barkatzen eta biolentzia arbuiatzen duela. Poliziak ETArekin nahasten duen frogarik aurkezten badu, froga horiek baliorik gabeko asmakizun hutsak direla erakutsi behar du Sortuk, ETArekin inolako harremanik ez duela garbi utziz, zalantza izpirik gabe. Poliziaren txostenen gainean oinarrituta Estatuko Abokatutzak eta Fiskaltzak Sorturi leporatzen badiote Batasunaren jarraipena dela, hori frogatu egin beharko dute, ez bakarrik salatu. Sortuk kontrako frogak aurkeztu beharko ditu. Sorturen estatutuetako konpromisoak ekintzetan eta praktika politikoan frogatzea oso zaila da. Prentsan agertu diren adierazpen frankotan froga diabolikoak eskatu zaizkio Sorturi. Ez bada existitzen, zer froga dezake? Inork ez du nahi — hala sinetsi nahi dugu behintzat— ETAren atentaturik Sorturen asmoak zintzoak diren ala ez frogatzeko. Orduan nola froga dezake ezer estatutuen edo bere bultzatzaile eta kideek esandakoaren eta egindakoaren gaindi? Egia da askoz errazago eta argiago izango dela jujeentzat Sortuk aldentze-urruntze pauso nabari bat ematen badu ETAren desagertzea eskatuz. Baina hori eginda ere, salatzaile ofizialek Sorturi Batasunaren «jarraipena» izatea leporatzen badiote eta auzitegiek argudio hori ontzat jotzen badute, ezin izango da alderdi berririk eratu, mugimendu sozio-politiko horretan sortu nahi den alderdi oro jarraipen bat izango delako. Alderdien legearen xedea bera deuseztatuko litzateke: ezin inoiz alderdi berririk sortu.
Denon artean Sorturi lagundu behar diogu, ETAri desagertzeko eskatuz. Horrexegatik, Lokarrik eta herritar talde batek otsailaren19rako deitu manifestazioa funtsezkoa izan zen: Sorturen legeztatzea eta ETAren desagerpena eskatu zirelako. Sortuk manifestazio horren deialdi-mezuarekin bat egin izanak, gutako askorentzat, geratzen ziren zalantzak argitzeko balio izan du, ETAren desagertzea ezinbestekotzat jotzen duelako. Gainera, azken kale borrokako intentsitate baxuko gertakizunak deitoratu egin ditu. Ildo beretik jarraitu behar du etorkizunean.
Sorturen estatutuak irakurrita, zalantza izpiak desagertzen dira, eta legea aplikatu besterik ez dago legezkoa izan dadin. Behin legezkoa denean, aukera eman behar zaio zintzo ari dela frogatzeko, bai praktika politikoaren eta bai bere kideen portaeraren bitartez. ETArekiko loturarik modu sinesgarrian frogatuko balitz, ordenamendu juridikoak baditu tresna nahikoak lotura horiek zigortzeko, bai erantzukizun pertsonala bide penaletik exijituz, bai alderdi politikoa baliogabetuz.
Sortuko al da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu