GKS-KS eta Itaiako kideak unibertso berezi bat ari dira konfiguratzen Euskal Ezkerraren baitan. Hori ez da gauza txarra, aldiz, aberastasuna eta aniztasuna dakarkio gure ezkerrari. Alabaina, esaten eta egiten duten gauza askorekin eztabaidatu behar dugula deritzot, beste eragile guztietatik desmarkatzen baitira beti. Batzuetan desmarkatzea ona da, baina ez beti, sistematikoki. Gauza bera ideiei eta proposamenenei dagokienez. Ematen du ez dagoela proposamenik zeinetan desberdintasun edo desadostasunik agertzen ez duten.
A-30eko grebaren inguruan, zenbait tokitan berriro ere, beren aldetik manifestatzera deitu zuten, eta erreibindikazioen inguruan ere desberdintasuna ageri dute zaintzen auziaz eztabaidatzean. Hauxe da aipatu zutena Nadia Perez eta Irene Ruiz Itaiako kideek (BERRIA):
«A-30erako deituriko Greba Orokor Feministaren harira, Mugimendu Feministak zaintza esparru osoa berrantolatzeko helburua mahaigaineratu du deialdi horrekin eta irtenbidea instituzio publikoak interpelatu eta presionatzean kokatu dute, azaldu dutenagatik erakundeen ardura baita zaintzarako eskubide unibertsala aitortzea eta bermatzea. Instituzioak gizartearen eraldaketarako tresna gisa kokatzea eta estatuaren kudeaketa aurrerakoiena sinestea ameskeria hutsa da».
Merezi du argudio hau eztabaidatzeak: eraldaketa sozialista bultzatzeko tresna gisa, argumentuak hein handi batean arrazoia izan dezake (gaurko instituzio burgesak ez baitira izango gerokoen berme eta eragile), baina, gauden gizarte kapitalistan zaintza publikoa eta ez pribatua gauzatzeko argudio bezala, guztiz faltsua da, eta langile mugimenduaren eta senide inplikatuen aldarrikapenen aurka doa. Hala, gizarte sozialista lortu arte ezin dugu estatu kapitalista behartu ongizatearen esparruan? Ez al da horixe bera azken mende erdian langile mugimenduak borrokaren bidez lortutakoari uko egitea? Eta horixe bera da justu neoliberalismoa eta EAJ ahultzen eta desegiten ari direna pribatizazioen bidez? Erreformak dira, baina beharrezkoak.
Eta hau ere esan zuten: «Instituzioetan langileon interesak defendatzeko eta bermatzeko aukera bakarra instituzioetatik kanpo indar politiko independentea sortzea da. Horrek berma dezake instituzio burgesen aurrean, proletariotzaren instituzioak gailentzea. Kontrara, instituzioen baitan indar posizioa lortzera bideraturiko proposamenak ez du zapaltzen gaituen kapitalaren markoa gainditzeko aukerarik».
Sindikatuek, familiek eta zaintza alorrean ari diren langileek pribatizazioari aurre egiten dioten garaiotan, Itaiak indar politiko independentean jartzen du indarra, hori egin ezean gure teilatuari harrika gabiltzalako bestela. Horrek esan nahi du udaletxeei, aldundiei, gobernuei, ezin zaiela eskatu zaintza publikoa berma dezaten. Eta orduan, zaintzak delako erakunde guztiz alternatibo horren baitan (alderdi, sindikatu, kontseilu, edo auskalo...) geratuko lirateke. Auskalo nola finantzatutakoak, laguntza publikotik ezin baita ezer hartu burgesak direlako, ezta?
Bukatzeko: «Zaintzaren sektorearen eta zerbitzuaren miseriazko baldintzei eta lan banaketa sexualari aurre egiteko, konkretuki, oinarrizko bi aldarri izan behar genituzke kontuan: lehena, zaintza lanen sozializazioa, hau da, zaintza lanek emakumeon ardura izatetik gizarte osoaren ardura izatera pasatu behar dute. Zaintza lanak ezin dira familiako esparru pribatuan geratu, gizartearen antolaketak zerbitzu horretaz arduratu behar du. Bigarrena, guztiontzako soldata berdintasuna. Hau da, klaserik gabeko gizarte bat».
Zaintza-lanen sozializazioari buruzkoarekin ados, feminismoaren aldarri historikoa da, baina klaserik gabeko gizartea soldata berdintasunean finkatzea iruzur bat da. Soldata parekotasunak desberdintasuna gutxitzen du, baina ez du berdintasuna lortzen. Horretarako, gizartearen oinarrian dauden produkzio moldeak goitik behera alda beharko genituzke, baita propietatea bera ere. Beraz, Itaiaren planteamenduan elkartzen dira muturreko ezkerkeria instituzio alorrean eta inuxentekeri galanta gizarte aldaketarako baldintzen baitan.