Termodinamikaren bigarren printzipioaren arabera, sistema itxiek, gure gorputzak eta gizarteak kasurako, prozesu naturalek, entropiara jotzen dute (desordenarik handiena, antolaketa minimoa), alegia, oreka termodinamikora, bestela esanda, heriotzara. Horregatik, bizidunek kanpoko entropia handitu behar dute barruko antolakuntzari eusteko, ordena ateratzen dute ingurunetik, hil egin behar dute bizitzeko.
Horrela, bizitza hedatu egiten da espazio posible guztietara, eta izaki bizidunen arteko lehiak hala eskatzen badu, gero eta forma konplexuagoak eratzen ditu, batez ere zenbat eta espazio urriagoa izan. Ildo horretatik, gizakia gero eta gehiago hedatzen eta antolatzen joan da, gero eta gizarte handiagoak eta jendetsuagoak eratzen, eta, aldi berean, biodibertsitateari gero eta kalte handiagoa eragiten, gero eta heriotza gehiago. Aurrerapena. Giza balioa den neurrian, eraikuntza ideologiko bat da; naturan, berriz, prozesuak daude, izaki bizidunen eta euren habitaten arteko oreka-desorekak.
Gizakiok, amaiera entropikoaren aurka emandako pauso bakoitzaz, mundua gero eta txikiagoa egin dugu, pauso bakoitza biosferaren zati baten kontura, ekosistemen txirotze progresiboa. Gaurko janaria, biharko gosea, etziko heriotza. Eta zelakoak izan dira mozkinak?
Zibilizazioaren aldats hori Neolitoan hasi zen. Paleolitoan 30 gizaki eta landare nahiz animalia desberdin ugari bizi ziren toki berean, Neolitoan, berriz, 300 gizaki, hiruzpalau landare mota eta etxe-animalia gutxi batzuk biziko ziren. Eta onurak? Arkeologiak erakutsi du ezen, aldaketa horrek espezieari ugaltzen itzel lagundu ziolarik, gizakiek bizitza-kalitatean asko galdu zutela. Nekazari-abeltzainen bizimodua gogorragoa zen, dieta mugatuagoa, osasuna txarragoa, minak hezurretan, makalagoak eta baxuagoak ziren, eta bizitza ez zuten luzeagoa; izan ere, Paleolitikoko ehiztari-biltzaileen longebitatea Europako nekazariek XVIII. eta XIX. mendearen zati batean zutenaren antzekoa zen, 60 urte inguru. Baina baserritarrak ugariagoak ziren, politikoki antolatuak eta militarki eraginkorragoak.
Oztopo edo lehiatzaile diren landareak, animaliak (otsoak, hartzak, jaguarrak...) eta gizakiak hiltzen ditugu, eta balio digutenak bereizi, menpean hartu, esklabo bihurtu. Kalkolitoan hasten dira gerrak, gero eta sarriagoak edo suntsitzaileagoak. Eta gaur egun, teknologia tranpa hilgarria bihurtu da gizateriarentzat. Gainera, arma modernoek, urrutitik hiltzen dutenez, lausotzen dituzte agresibitatea inhibitzen duten mekanismoak, bideo-jolasak balira bezala. Neolito-Kalkolitotik aurrera lurra eta baliabideak kontrolatzeko gatazkak gizakia gizakiaren harrapari bihurtu du. Botere-orekaren geopolitika hasi da.
Gaur egun, giza biomasa (%36) eta etxe-ugaztunena (%60) ugaztunen biomasa osoaren %96 dira. Etxe-hegaztien biomasa basatiena baino hiru bider handiagoa da. Izugarrikeria horrek ez dakar ezer onik. Artropodoak biomasa osoaren erdia dira.
Zibilizazio guztiak ingurunearen suntsitzaileak izan dira, eta horrek zibilizazio batzuen kolapsoa eragin du, beste batzuek, berriz, bizirik iraun dute, lur berrietara hedatzeko zortea edukita, lurrok biziro astindu dituztelako (Amerika, Australia, Afrika, Asia). Baina gaur egun ez dugu nora joan. Geratzen ote zaigu denbora jokabide hori irauli eta entropiarako joera bizi hori apaltzeko? Badirudi bizpahiru aukera ditugula albait denbora gehien bizirik irauteko: orain arteko ibilbidea aldatzea, edo iraultzea, biodibertsitatea berreskuratzearren; galaxiako beste planeta batzuk konkistatzea (Star Wars), edo, hori bezain fantastikoa, ingurumenari kalte egiten ez dion zibergizaki hibridoen zibilizazio berria sortzea, adimen artifizialez (erlijio-sinesmen berria) egin ere, termodinamikaren legeak garaitzeko modukoa.
Lehenengo aukera utopiko samarra da, gainerakoek, berriz, zientzia-fikzioa dirudite, korronte platoniko-aristotelikoaren bertsio idealista-futurista. Ildo horretatik, batzuek uste dute giza garapenak psikismo unibertsalera garoatzala (masa-izpiritu-energia fusioan), halako moldez non unibertsoko materia bere buruaz kontziente izatera helduko den (Hegel, idealismo absolutuaren aita pontekoa, pozik legoke), entropia gainditurik. Naturala eta naturaz gaindikoa bat eginda, Zerua lurrean.
Niretzat, ziberbaikortasun hori eskapismo hutsa da. Niri irudiko, kasurik onenean, norabidez aldatu eta, neurri batean, atzera egitea dugu aukera bakar, lar baikor izanik, eta horretarako biodibertsitatea berreskuratu behar genuke, kontzesio barik, interes ekonomikoen (abeltzaintza estentsibo desegokia kasu) eta politikoen (botoak) gainetik. Biodibertsitateak ekosistema osasuntsuak behar ditu, harrapari apikalak, otsoak, hartzak, azeriak, azkonarrak... Muga eta aukera hori izan behar luke edozein jarduera ekonomikok eta garapen sozialak.
Baina Euskal Herrian otsoak eta hartzak akabatu ditugu. Otsorik ez 2016az geroztik, ezkutuko ehiztariek, sarritan nazionalistak eta abertzaleak, hurreratzen zaizkigunak akabatzen dituztelako, Euskal Herria ezinbestean behar duen otso iberiarra arrisku larrian jarririk. EAJk eta EH Bilduk badakite hori, eta, jakina, legez kontrako ehiza hori amaitu nahi dute. Zelan? Legeztatuz. Euskal Herrian ez dago irtenbiderik, ez gobernuan, ez haren alternatiban. Star Wars-en eta zibergizakiaren ametsa geratzen ote zaigu? Niri, ez.
Oharra: Artikulua J.L. Arsuagaren Vida, la gran historia liburuan dago oinarritua.