Steven Pinker euskaraz

2011ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Euskal Unibertsitatearen eskutik argitaratu berria da Steven Pinker hizkuntzalari eta zientzialari kognitibo ezagunaren Hizkuntza-sena izeneko lan klasikoa. Benetan gertaera pozgarria da linguistikaren eta zientzia kognitiboen azken ekarpenak ezagutu nahi dituenarentzat. Pinker, ikerlari kanadarra, Noam Chomskyren jarraitzailea da, eta punta-puntako intelektuala. Bestsellerrak izan diren lau saiakera gogoangarriren egilea da.

Bik giza gogoaren egitura ikertzen dute. 2002an, The Blank Slate (Arbel hutsa) liburu mamitsua idatzi zuen. Haren tesia oso argia da: gogoa edo adimena ez da hutsik sortzen, arbel hutsa edo orri zuria balitz bezala (tanquam tabula rasa). Giza izaeran bada «sortzetiko zerbait» iraunkorra dena. Kultur desberdintasunen gainetik, gizakiengan badira aldagaitzak diren berezko ezaugarri batzuk. Giza izaera historiaren eta gizarte harremanen emaitza dela dioen printzipio hori faltsua da.

Gogoak nola lan egiten duen argitzen saiatu da bere How the mind works dibulgazio lanean, konputazio teoria eta hautespen naturala oinarritzat hartuz. Aurrerapen handiak egin diren arren, ez dugu oraindik ongi ezagutzen gogoaren funtzionamendua.

Beste bi lanek hizkuntzaren izaera aztertzen dute: aipatzen ari naizen Hizkuntza-sena da bata, arrakasta izugarria izan duen liburua, eta gaztelaniara El mundo de las palabras bezala itzuli den The Stuff of Thought da bestea. Eguneroko hizketa arruntari erreparatuz, gure pentsamendu eta emozioen ikuspegi adierazgarria azaleratzen zaigu. Hizkuntzak bere baitan txertatuta dauka espazioaren, denboraren, kausalitatearen, sexualitatearen teoria bat.«Ideia horien xehetasunak aldatu egiten dira hizkuntza batetik bestera, baina beraien logika bat bera da».

Gizakiok hitz egiteko instintua dugu, «2hizkuntza-sena», gainontzeko animaliek ez dutena. Hizkuntza gure ahalmen biologiko bat da, ikusmena edo arnas aparatua bezalaxe. Ez da asmakizun kulturala, organo biologiko bat baizik, gure burmuineko makineria miragarriaren pieza bat. Hizkuntza trebetasun konplexu eta berezitua da, haurrarengan berez-berez garatzen dena, ahalegin kontzienterik egin gabe.

Gizakiok, mundura etortzen garenean, aurre-egitura edo ezaguera linguistiko batzuekin jaiotzen gara: Gramatika Unibertsala deitu dio Chomskyk. Hizkuntza guztietan badira egitura komun batzuk, «unibertsal linguistikoak», alegia. Hizkuntza guztiek egitura berak dituzte, gramatikazko arau berak, erregela sistema berak. Unibertsal linguistiko —fonologiko, gramatikal eta semantiko— horiek giza izaeraren zati dira, sortzetikoak, alegia. Ondorioz, haur batek berdin ikas dezake hizkuntza bat edo bestea.

Chomskyk bi ezaugarri nabarmendu zituen. Abiapuntuan gertakari sinesgaitz bat dago: hitz multzo mugatua erabiliz, ezin konta ahala esaldi molda dezakegu. Haur bakoitzak eskuratzen duen mintzaira hori eraikuntza aberats eta konplexua da. Haurrak, bestetik, gurasoen irakaspen formalik gabe garatzen ditu hizkuntza jakin bakoitzarengramatika mental hori. Horregatik dio Chomskyk hizkuntza guztien gramatikei komuna zaien eredua dutela haurrek sortzez, Gramatika Unibertsala, alegia.

Iritzi berekoa zen Koldo Mitxelena bera ere: «Gizona (nahiz zuri, nahiz beltz, nahiz hori) gizon den bezalaxe, giza hizkuntza ere ez da, funtsez, giza hizkuntza baizik, alde eta aldi oro, nahiz axaleko ñabardurez bereiz agertu». Hau da, hizkuntza partikularrak giza hizkuntza orokorraren «axaleko ñabardurak» dira. Itxurazko aldakortasunaren azpian, funtsezko batasuna ageri da munduko hizkuntza guztietan, azpiegitura kontzeptual bera. Pinkerrek, halere, ez du hizkuntza natural bakoitzaren berezitasuna ukatzen.

Horra hor betiko galdera: ba al da pentsamendurik hizkuntzarik gabe? Zaila da erantzuten, baina Chomskyk eta bere jarraitzaileek uste dutenez, mintzairak eta pentsamenak jatorri desberdina dute. Izan, hizkuntza eta pentsamendua ez dira gauza bera. Bata bestetik independenteak dira: hizkuntzaren premiarik gabe ere pentsatu egin daiteke. Hizkuntzarik gabeko pertsonek ere badute pentsamenduaren hizkuntza, «gogoera», alegia—neuk ere hitz horixe erabili dut mentalese itzultzeko nire Hizkuntza ados jartzeko da lanean—.

Gogoeraz edo «mentalesez» pentsatzen dugula diote Jerry Fodorrek eta Steven Pinkerrek. Hona hemen benetan harrigarria egiten zaigun baieztapena: «Jendeak ez du ingelesez, euskaraz, txineraz edo apatxez pentsatzen; pentsamenduaren hizkuntza batez pentsatzen du». Hizkuntza bat jakitea, hortaz, gogoeratik geure hitzetara itzultzen jakitea da.

Hizkuntzak mugatzen al du pentsamendua? Hizkuntzak pentsaera taxutzen duela aldarrikatu zuten B. Whorf eta E. Sapir hizkuntzalariek. Egin diren esperimentuek frogatzen dutenez, hizkuntzak badu zerikusia pentsamenduaren baitan. Hala ere, hizkuntza bakoitzak pentsaera desberdin bat moldatzen duela esatea «ergelkeria erabatekoa eta frogaezina» iruditzen zaio Pinkerri.

Gizadiaren historian hurbil dagoen tragedia bat gogoratzen digu Pinkerrek bere liburuko kapitulu batean: mundu osoko hizkuntzen % 90 (3.600 eta 5.400 bitartean) desagertzeko zorian egongo dira mende honetan. Iragarpen horrek kezkatu egin behar gintuzke. Zer egin? «Hizkuntzen galera batzuei aurrea har diezaiekegu, deusezte kulturalaren kausa sozial eta politiko errepresiboenak geldiaraziz ez ezik, hizkuntzotarako pedagogia-materialak, literatura eta telebista garatuz». Euskara, beraz, bide onetik doala dirudi.

Azkenik, zorionik beroenak eman behar dizkiogu Garikoitz Knörri egin duen itzulpen bikainarengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.