Sugeak txoriari

jon ordonez garmendia
2010eko urriaren 10a
00:00
Entzun


Zero zenbakia eta hutsa ez dira gauza bera. Lehenengoak zerbait adierazten du, eta bigarrenak, adierazteko ezer ez dagoela. Eusko Jaurlaritzak «zero tolerantzia» hizpide duenean ez du esan nahi, besterik gabe, tolerantziarik ez dagoela. Zero horrek tolerantziaren ukazioa adierazten du, jasan ezintasuna, eta hutsik dagoen zerbaitetik baino harago doa.

Montesquieuk zioen lege izaerak ez duela ezer justu egiten, baizik eta zerbait justua delako izan behar duela lege. Erne ibili beharko zukeen horrelako hitzak esatean gaur egun Ilustrazioko pentsalariak. Izan ere, Euskal Herrian ez du justiziak politika egiten; politikariek egiten dute justizia, eta sugeak txoriari begiratzen dionean bezala, begiratu eta zaindu egiten dute, gainera.

Txori Barroteko kideen absoluzioarekiko desadostasuna agertu zuen Jaurlaritzak herenegun, Auzitegi Nazionalaren epaia jakin bezain pronto. Atzo fiskaltzak helegitea jarri zuen, PPk hori eskatu bezain laster. Justiziaren erabakiak errespetatzen dituzte, bai, sugeak txoria errespetatzen duen moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.