Tafalla Oinez 2011

Jose Mari Esparza Zabalegi.
2011ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Euskarari bizirik iraunarazteko borroka, denboraren joanean, eromen atabiko gisa ageri da, ezin amaituzko kixotekeria gisa, ezin azalduzko erresistentzia gisa. Horixe egiaztatzea dagokigu orain Tafallako piedemonte edo jalkin lurretan: hantxe banantzen baitira ager vasconum eta saltus vasconum zeritzenak; hantxe baitiraute, elkarri musuka, hainbat toponimo aurkarik, hala nola Olibadiak eta Iratxetak; hantxe urriago ageri baita haritza, eta usuago hazten erromeroa; hantxe, non euskararen azken aztarnek haren heriotzaren kontrako protesta bat baitirudite; eta hizkuntza XX. mendean piztu izanak, berriz, haurgintzako oinazeen antza baitu.

1682rako, Tafallako Francisco Eraso, ezbairik gabe haien alde jarririk, harro ageri zen herrikideek jarraitutasuna eta irmotasuna erakutsi zutelako «beren jatorrizko hizkuntza gordetzen». Hizkuntza hura, Erasok idatzi zuenez, «ezinago perfektua zen, eta idazteko modukoa, guztiak bezalakoa, etabeste asko baino askoz leunagoa eta ahoskatzen errazagoa». 1790ean, harenauzoan, Artaxoan, herriko elite guztia —alkate, errejidore, ventenante eta erretoreak— hainbat auzitan nahasirik ibili zen, guztiek aho batez galdatu zutelako herriko notarioa euskaraduna izatea, «hizkuntza horixe izaki herrian eskuarki zerabiltena». Haize kontra zihoazen, eta galdu egin zuten auzia. 1795ean, Tafallako erretoreak, Intxauspek, apaiz bat eskaini zuen «hainbat mutiko euskalduni kristau ikasbidea irakatsi eta lehen jaunartzerako prestatzeko, nire atseginerako». Ikastola jainkozale bat, ahalegin betean, Argien Mende hark —beste hainbat kontutan hain argigarriak— ez zezan itzal gure hizkuntza.

1815ean, Artaxoako hogeita hamar mutil gazte baino gehiago auzipetu zituzten Mendigorrian, borrokaldi batean parte hartu zutelakoan. Lekuko batek ezagutu bide zituen, «euskaraz mintzo zirelako korrika zihoazela» (F. Mayora: Euskera en Artajona). Artaxoako hizkuntzak salatu zituen mutil gazte haietako batzuk 1876ra arte bizi izan ziren. Harrigarria: Artaxoako 40 mitikoek euskaraz mintzatzen entzun zieten aitona-amonei.

Azkenik, 1931n, Tafallako David Jaime politikari errepublikano, laiko eta euskaldunak (aldi hartan ezohiko parpaila ziren lau adjektibo) proposatu zuen eta lortu zuen Nafarroako Foru Diputazioak onartzea, lehenbizikoz, euskararen koofizialtasuna. Gero, 1936ak isildu egin zituen ahoak, eta josi mihiak.

Eraso, Intxauspe, Artaxoako zinegotziak, David Jaime eta, orain, Nafarroa Oinez izan dira, lau mendean, gure hizkuntzaren hegoaldeko mugen aldezpen tematiaren ordezkari. Gal ez zedin tematu ziren batzuk. Hura berreskuratzen besteak. El imposible vencido (Ezina egina) deitu zion Larramendik.

Baina Nafarroa Oinez eta gainerako lurralde historikoetako haren jaialdi senideak eskolak eraiki ahal izateko dirua biltzeko jardunaldi batzuk baino askoz ere gehiago dira. Batik bat, jostirudi ezinago irrigarria dira; herriaren energia xahutze halako bat; talde izaerako irakasgaia; ibili dabilen herri baten alegoria.

Bi mila pertsona lanean, borondatez; asko eta asko urte osoan, hainbat arlo espezializatutan —segurtasunari dagokion sailean bakarrik izan ohi dituzte urtero jende arazoak, idiosinkrasia arrazoiak direla eta—. Aldi baterako abangoardia bat baino ez dira, hurrengo urtean andre eta jaun boluntarioen beste batailoi bat etorriko baita. Inork ez du huts egingo.

Ez dago ia buruzagitzarik, mundu guztiak badaki zer egin behar duen, eta andre eta gizon guztiak dira erantzunkide. Euskara bada amalgama nagusia, gainerako osagai ideologikoak ere ez dira garrantzi txikiagokoak: jakinik urratsez urrats, gelaz gela eratu dutela hirugarren hezkuntza boterea, historiako bi monopolioren artekoa, Elizaren eta Estatuaren artekoa. Auzolanaren kultura lehengoraturik komunitatean, elkartasunik eza eta ahal duenak ahal duena irizpidea eragiten dituen gizartean. Herri espazioak eta espazio kooperatibistak sorturik, jabetza pribatuaren aldean. Gure kultura bazterreko bihurtu nahian tematurik dabiltzan botere handiei aurre eginik, eta haiek garaiturik. Euskararen Legearen eta haren burdin hesien gainetik jauzi eginik; bozkario dotorez jauzi egin ere, ibilian, dantzan, kantuan… Jakitun gara globalizazio kapitalistaren Bardeari aurre egiteko lehenbailehen aldeztu beharra dagoela aniztasunaren basoa, hizkuntza guztiena, pentsatzeko molde eta antolatzeko modu guztiena. Eta, gainera, behetik gora aldezturik, taldearen interesa lehenetsirik, demokraziaren eta herri boterearen funtsik zintzoenean.

Nafarroa Oinez da gure gizarte osoaren ispilutxoa, non bere buruari begiraturik atera dezakeen daukanik eta onena. Balizko etorkizun bat geure esku dugula iragartzeko. Izan ere, ametsetako mauka herriak, gizarte humanistak, gutiziatutako independentziak eta paradisu sozialistak, ziur asko, eguneroko Oinez baten antz handia behar dute izan.

Igandean Tafallan. Zatoz eta bizi ezazu.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.