Huheziko irakasle eta ikerlaria

Teknofilosofia

Egoitz de La Iglesia Ganboa
2025eko uztailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Teknologia inoiz baino presenteago dugun honetan, galdetu al diozu zeure buruari zer leku duten hitzek algoritmoz menderatutako mundu batean?

Judy Wackman soziologoak argi esaten digu: inoiz baino denbora libre gehiago dugu Mendebaldeko gizarteetan eta, hala ere, inoiz baino denbora gutxiago duela sentitzen duen gizartea gara. Paradoxa hau teknologiaren promesaren muinean dago. Teknologia orokorrean, eta bere bertsio digitala bereziki, denbora aurrezteko dela esan zaigu; teknologia gehiago izateak denboraren bizipen azeleratuago bat izatera garamatzala dirudi, ordea.

Mugikor adimendun hori eskuratu zenuenetik, aisialdirako tarte handiagoa duzu ala denborari etekin handiagoa ateratzen diozu? Aisialdirako denbora areagotzera bainoago, ekoizpenaren optimizaziorantz goazela sentitzen dugu. Zergatik, ordea?

Garapen teknologikoaren atzean dagoen logika, izan ere, merkantilista da. Garapen teknologikoa beharrezkotasunaren logikapean saltzen zaigu. Ordea, garapen teknologikoa ez da fenomeno natural bat, baizik eta interes ekonomiko, politiko eta sozial ezberdinei erantzunen dien mugimendua. Teknologia ez da horrela garatzen bilakaera modu hori bakarra edo optimoa izateagatik, modu horretan bilakarazten delako baizik. Argi esan eta izan behar dugu: teknologia ez da neutrala, ezta bere garapena ere.

Jar dezagun auzia begirada filosofikoaren pean. Zein da gizakion eta teknologiaren arteko harremana?

Egin dezagun denboran atzera. Afrika ekialdeko sabana batean, duela milioika urte, gure arbaso urrun bat dago han. Ez du bizirauteko gaitasun fisiko deigarririk. Sabanako animaliarik ahulena dirudi. Gizakiok bukatu gabe jaiotzen garen animaliak gara; neotenia izendatu zuen fenomeno hau E. Cassirer antropologoak.

Ez dugu bizirauteko beharrezkoa den sena eta hutsune edo gabezia horretatik mundua ulertu behar dugu. Hutsune hori osatzeko teknologiaz baliatu gara, P. Sloterdijken esanetan. Hau da, gizakiok naturan egokitzeko dugun modua teknologia sortzea da. Bestela esanda, teknologia sortzera beharturik gaude; hori baita munduan egoteko dugun modua.

Baina kontua ez da hori bakarrik, tresnen bidez mundua eraldatzeaz gain geure burua ere eraldatu dugula baizik. Milioika urtetan zehar, gizakiak eta teknologiak elkarrekin eboluzionatu dute, elkarri forma emanez. Teknologiaren bidez natura eraldatu genuen hasieran; baina, aldi berean, eta oharkabean, gu ere eraldatuz joan gara.

Egun, urrats berri bat egin dugu eta teknologiaren bidez mundu berri bat sortu dugu: errealitate digitala. Bertan, gizakiaren bertsio digitala edo Homo virtualis-a daukagu. Honek suposatzen dituen auzi etiko, sozial, kulturalak askotarikoak badira ere, adimen artifizial sortzailearen (ASS) etorrerarekin beste pauso bat eman dugu.

E. Cassirer antropologoak, P. Sloterdijkez bestera, esan zuen gizakiok teknologia bainoago kultura sortzen dugula; hau da, jatorrizko gabezia biologikoari erantzun kulturala ematen diogula. Beraz, animalia kulturalak gara eta errealitatean gure lekua bilatzeko egiten dugun guztia kultura da.

Tresna hauen atzean dagoena, ordea, nolabait berria da. Oinarrian Large Language Model-ak (LLM, Hizkuntza Eredu Handiak) daude. LLMak zer diren ulertzea funtsezkoa da. Oso sinple esanda: imajinatu haur bat hizkuntza ikasten: milaka aldiz entzuten du egurra, ura, jan... Pixkanaka, hitzen arteko erlazioak ulertzen ditu. Ura edan esaten entzuten du, baina inoiz ez ura entzun. Patroiak ikasten ditu. LLMek antzeko zerbait egiten dute, baina eskala ikaragarrian. Milioika liburu, artikulu, webgune... dena batera irakurtzen dute. Ez dute ulertzen, patroiak detektatzen dituzte eta patroi horietatik abiatuta, kalkulu estatistikoak egiten dituzte.

Hemen dago koxka: nondik datoz patroi horiek? Gizakiok idatzitako testuetatik. Gure aurreiritziak, gure akatsak, gure ikuspegi mugatuak... dena jasotzen dute. Zein gizakiren hitzak pasatu dira historiara? Nortzuk dute mundu digitalean aztarna uzteko gaitasuna?

Eta beste zerk elikatzen ditu LLMak: datuek. Hauek elementu natural bezala azaltzen dizkigute; naturako mineralak bailiran. Baina datuak ez dira errealitate objektiboak; gizakiak sortu ditu. Datuek gure jardueran dute jatorria, eta gizakiok erabakitzen dugu zer den datu eta zer ez.

Adibide argi bat eman dezagun. Pentsatu GPS batean. Itxuran, A puntutik B puntura joateko biderik laburrena edo azkarrena ematen dizu. Datu objektiboetan oinarriturik: distantziak, trafiko datuak, denborak... Baina GPSak bide bat beste baten gainetik aukeratzen duenean, erabaki kate bat dago atzean. Zergatik autobidea, auzo txiki batetik pasatu beharrean? Nork erabaki du trafiko arina zer den? Zergatik gidatzen zaitu kale komertzial batetik? Badira kasuak non GPS enpresek akordioak baitituzte gasolindegiekin edo merkataritza guneekin, edo non algoritmoak sistematikoki saihesten dituen auzo pobreak, seguruak ez direla interpretatuz. GPSak ez dizu bide objektiboena ematen; programatzaileek garrantzitsutzat jo dituzten irizpideen araberako bidea ematen dizu.

Hau guzti hau horrela izanda ere, adimen artifizial sortzailea integratu nahi dugu hezkuntzan, osasun zerbitzuetan, komunikazioan... Baina ba al dakigu zein mundu ikuskera zabaltzen ari garen? Galdetu al diogu geure buruari zein mundu mota eraiki nahi dugun? Ez al genuke galdera horren erantzunarekin bat egiten duten datuetan entrenatutako AASa eraiki beharko?

Mundu justu, berdinzale eta demokratiko bat eraikitzen lagunduko diguten tresnak behar ditugu. Teknologia eta gizakia errealitate beraren bi aurpegi direlako, ezin da bata bestea gabe ulertu.

Hori da gure erronka, hortxe dago gure lana eta ardura. Erantzuteko gai ez bagara ere, dagoeneko erabakiak hartzen ari gara. Norabidea guk aukeratuko dugu edo algoritmoak erabakiko du?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.