LABeko ordezkariak Telefonica-Movistarren

Telekomunikazioak, burujabetza nazionala, internazionalismoa

Iñaki Armendariz Illarramendi eta Arturo Ruiz de Loizaga Gonzalez
2025eko maiatzaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Telefonica SAk, iraganean Espainiar Estatuko komunikazio monopolioa zen eta gaur egun egoitza nagusia Madrilen duen multinazionalarentzat lan egiten dugularik, Europako, Amerikako eta Asiako 24 herrialdetan du presentzia, eta telekomunikazioetako produktuak, zerbitzuak eta azpiegiturak ustiatzen ditu. Apirilean Akziodunen Batzar Orokorrak deklaratutako datuekin, 563 milioi euroko irabaziak izan zituen, eta, zeharka eta komunikabideek egindako filtrazioen bidez, 2025eko bigarren seihilekoan aurkeztuko duen plan estrategikoarekin txertatua, estatuan 5.000 langileri —Hego Euskal Herrian 200-250 ingururi— eragingo dien Enplegu Erregulazio Espedientea iragarri du.

Azken urtean eta hilabete gutxiren buruan, Zuzendaritzak eta egitura jabeak aldaketa garrantzitsuak izan dituzte. Estatuko administrazioa, SEPI Distribuzio Partaidetzarako Estatu Sozietatearen bidez, akziodun printzipal bihurtu da, akzioen %10ekin, eta duela gutxi egindako Akziodunen Batzar Nagusian, zuzendaritza talde berria eratu du Marc Thomas Murtra Millar presidente exekutibo berria ofizialki izendatuta.

Murtra Millarrek 52 urte ditu, eta industria ingeniaria da, Ingalaterran jaioa. Bi nazionalitate ditu, britainiarra eta espainiarra. Beste bat ere badu, katalana alegia, oraindik orain ofiziala ez dena. Haren ibilbide profesionala profil teknologiko bati lotuta egon da eremu pribatuan eta publikoan: gerente eta kabineteburu karguak izan ditu Bartzelonako Udalean eta Espainiako Industria Ministerioan, Kataluniako Alderdi Sozialistaren bidez.

Politika ultraliberal-neoliberalen hamarkadek markatu dute enpresa eta sektore estrategiko hau, batez ere Europan eta Amerikan. Ez dugu ahaztu behar gure herrialdean EAJk parte hartu zuela 90eko hamarkadan sortutako zuntz optikoko sare publikoaren pribatizazioan eta Euskaltelen deskapitalizazio publikoan.

Telefonican, milioi askoko irabaziekin eta azpikontratazio kate konplexu eta zabalarekin, langileen heriotza eta istripu larri ugari baimentzen dira altuerako lanen esparruan, hauek saihets daitezkeelarik inbertsioarekin, trebakuntzarekin eta prebentzioarekin.

Telefonican, euskal, katalan eta galiziar nazio historikoetako langileen ordezkariek jasaten dugun apartheida, zuzendaritza eta batez besteko soldata masaren ratio eskandalagarria eta langileen erakundeak zuzendaritzan dugun parte-hartze falta aldatu beharreko funtsezko gaiak dira.

Bestalde, ekonomiako sektore estrategikoen funtsezko publifikazio prozesua oso lotuta ikusten dugu ekoizpen ereduaren trantsizio sozioekologiko eta energetikoarekin.

Eredu pragmatiko, konplexu eta bideragarri bat aldarrikatzen dugu, politikoa izan behar duena, nazio eta nazioarte mailako trantsiziokoa, demokratikoa eta parte hartzailea, sektore estrategikoen publifikaziorantz iragaten dena, hala nola telekomunikazioak, energia, bankuak eta teknologikoak, aukera emango dutenak herri langileak eta gizarteak, oro har, ekonomia demokratikoki erregulatu ahal izateko, planetaren muga biofisikoen barruan eta autosufizientzia konektatua gidari izango delarik; beharrezko internazionalismoa, alegia. Ekonomiak bizitza onerako balio dezala, eta ez giza eta material suntsiketarako, desberdintasunerako eta diskriminaziorako. Ireki dadila, eta ireki dezagun matrize ultraliberal arriskutsu, bidegabe eta suizida aldatzeko aukera demokratikoa.

Eta itxaropenez agurtzen dugu euskal nazio askapenerako fronte zabalaren inguruan mugimendu politiko, langile, herrikoi eta gazteen artean izaten ari den eztabaida bizia, trantsizio sozioekologikoaren ereduari buruz, herri gisa aurre egin behar baitzaio mundu mailan dugun klimaren eta lehengaien krisiari.

Telekomunikazioei dagokienez, ez gaituzte konbentzitzen Europako autonomia estrategikoaren proiekzioek, operadore handi gutxi batzuentzako proiektuarekin (Telefonica bertan egongo litzateke), Estatu Batuetako eta Txinako eredua antzeratuz. Herrien Europan oinarritutako autonomia estrategiko europarraren aldeko apustua egiten dugu, jasangarria, deszentralizatua eta munduan lankidetzara eta harreman komertzialetara irekia, langile klasearen eskubideen errespetua eta garapena oinarri izango dituena.

Duela gutxi iragarritako enplegu erregulaziorako espedienteari aurre egingo diogu guztiontzako enplegu duina izateko eskubidearen aldarrikapenarekin, lan harremanen euskal esparrua eta erabakitzeko eskubidea errespetatzeko ideia indartsuaren eskariarekin eta publifikatutako eta jasangarriak diren telekomunikazioen eraikuntza nazionalaren eta nazioartekoaren ideiaren defentsarekin.

Beldurraren, paralisiaren, shock-aren, amildegi militarraren eta etsipenaren aurrean, egungo mundu mailako borroka kulturala irabazten ari direlarik, sindikalismo ona, zientzia ona eta politika ona aldarrikatzen ditugu. 

Sormena eta bultzada aldarrikatzen ditugu lan eremuetatik; irakaskuntza, ikasketa eta ikerketa zentroetatik; jomuga garaile izango duen eta bizigarria eta normalizatzailea izango den euskalgintzatik, gizarte eta kultura ehunetik; feminista, antirrazista, antimilitarista den herri mugimendutik; gazte mugimendutik, eta auzo eta herrietatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.