'Texas is the reason'

2013ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Kennedy presidentea erail zutela 50 urte bete dira aurten. Hainbat hedabide urte hauetan guztietan adoretu diren konspirazio teoria desberdinekin gora eta behera ibiliko dira. Teoria horiek duten garrantzia gutxietsi gabe, funtsezkoa den galdera bat erantzun beharra dago. Zerk, eta ez nork, hil zuen Kennedy?

Misfits horror-punk taldeak 1978. urtean bere bigarren lana kaleratu zuen, Bullet izeneko singlea. Kennedyren erailketaren ilustrazio batek lau abestiri bide ematen die. Haietako lehenak, eta lanari izena ematen dionak, erailketa bera du ardatz. Abestiaren leloa bozgorailuetatik irtetean, hurrengoa entzuten dugu Glenn Danzigen eztarri urratutik: «Texas is an outrage when your husband is dead / Texas is an outrage when they pick up his head / Texas is the reason that the president's dead». Texas omen zen Kennedyren erailketaren atzean ezkutatzen zen arrazoia. Baina zer esan nahi zuten horrekin New Jerseykoek?

Konplexua da guztiz garai hartako Estatu Batuetan aipamen horren atzean zegoena adieraztea. Elementu ugari eta korapilatsuak daude horren barruan. Baina bi dira, guztien gainetik, Texas hori osatzeko eragina izan zutenak: antikomunismoa eta arraza bereizkeria. Batak eta besteak erabateko eragina izan zuten JFK presidentetzan izan zen urteetan.

Etxetik kanpo komunismoaren hedapena ematen ari zen munduko hainbat txokotan. Aurreko hamarkadetan komunismoaren mamuarekin gizartea ikaratu eta gero, JFK ez omen zen horri aurre egiteko pertsonarik aproposena. Antikomunista askoren aburuz, Kennedyk jarrera malgua erakutsi zuen Kubako misilen krisiaren aurrean, baita porrot galanta jaso ere Bahia de Cochinosen.

Etxe barruan komunitate afroamerikarra aurrera eramaten ari zen borroka kontrolaezinezko uholde bilakatzen ari zen. 1963ko abuztuan eskubide zibilen mugimenduak Washingtonen antolatutako martxaren arrakastaren ondoren, hegoaldeko estatuetako gizarte zurian beltzen aurreko beldurra hedatu zen. Beldurra eta haserrea gobernuaren jarrerarekiko. Protesta martxa bat izan behar zuena kapitalizatu zuen Kennedyk, bukaeran afroamerikar liderrekin Etxe Zurian batzartuz. Hegoaldeko zurien artean beltzen aurkako erasoak gogortu ziren. Hiriburuko martxa egin zenetik hiru astera, Birminghameko eliza afroamerikar baptista batean ipinitako lehergailuak lau haur hil zituen. Esan bezala, agintaldi gatazkatsua, 1963ko azaroaren 22an Dallas —Texas— hirian hiru tiroz bukatu zena.

Erailketa gertatu eta egun gutxira, Malcolm X-ek «The chickens come home to roost» erantzun zuen gertakarien inguruan itaundu zutenean. Oiloak oilategira itzuli dira, edo beste modu batera esanda, Kennedyk landatutako fruitua jaso zuen. Malcolmen hitzetan, iparramerikar gizartean hainbat urtez elikatu zen desberdinaren aurkako politika bortitzaren ondorioa besterik ez zen izan presidentearen erailketa. Estatuak gizarteari erakusten dionean desberdinak —beltzak zein komunistak— indarkeriaz trata daitezkeela, gizarteak jokaera hori barneratzen du.

Texasen hil zuten Kennedy. Texasek jarri zuen kargadorean JFK erail behar zuten baletako bat; iparramerikar gizartearen alderdi zuri, errepublikano, arrazista, bortitz eta intrantsigentearen ikur den estatuak, bakarra ez bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.