Tia Urbana

2023ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Urbana Bujanda Garcia, Paulino Bujanda Garciaren eta Fortunato Bujanda Garciaren arreba zen. Fortunato Bujanda Garcia nire aitona zen, nire aitaren, Inosen Bujanda Sarasolaren, aita. Donostian, Antigua auzoko Matia kalean bizi izan ziren. Nik ez nuen ezagutu ahal izan, 1936. urtean zendu baitzen. Nire aita Inosenek batzuetan hitz egiten zuen bere aitaz, osabaz eta izebaz, Paulinoz eta Urbanaz, Tia Urbanaz. Tia Urbana prostituta zen, bai. Luxuzko prostituta, hain zuzen. Gure aitak esaten zuen lez, «ez zuen ez bularrik ez ipurdirik». Dotorea zen, oso elegantea, guapa guztiz. Beti, beti, beltzez jantzita. Guztiz erakargarria. Emakume ederra omen zen. Pittin bat makilatua, soilik pittin bat, leun.

Nire aita Inosenek zioenez, berataz hizketan, oso maitagarria omen zen, goxoki eta karamelu eleganteak, frantses itxurakoak, oparitzen omen zizkien bere ilobak ziren Benito, Luisa, Inosen, Gerardo, Paki eta Txarori. Papertxo erakargarriz tolestatutako karamelu eta goxoki ezberdinak hain zuzen. Inork ez omen zion gure aita zenari inoiz hain goxoki eta maitasunez hitz egin. Iparraldean bizi omen. Iparraldean lana egiten omen, Biarritzen inguruan agian. Segur aski, baieztatu gabe, bonbardaketa batean hil omen zen, bonbardaketa alemanen eskutik omen zetorren, aitaren ustez. Tia Urbana ziur aski, eta, baina, baieztatu gabe, goi mailako ofizial aleman baten maitalea omen.

Fortunato Bujanda Garciak, ezagutu ez nuen aitonak, ez omen zuen arrebaz hitz egiten, ez zuen hartaz ezer jakin nahi, mespretxu zion. Fortunatok etxetik bota omen zuen arreba. Behin, aitonak haserre bizian horrelako zerbait aurpegiratu omen zion: «Urbana, lo has buscado y lo has encontrado». Aita Inosenen ustez, ez zen ziur, ez omen zuen berriro ikusi, 1925eko zorigaiztoko egun hartan istripua gertatu zenetik (Antiguako tunelean aita Inosen montadiña eginez tranbiara igo nahian, labaindu, erori eta tranbiak hanka moztu belaun parean. Montadiña: xoxak poltsikoan gordetzeko bidexka).

Baina Urbana Bujanda Garciaz ari ginen. Hamaika urte barru guda zibila, krudelkeria latzaren lekuko. Fortunato hila jadanik, haren emaztea, Igeldoko baserri bateko alaba Luisa Sarasola, baita ere. Sei seme-alabak umezurtz. Eta guda. Desastrea. Osaba Benito eta osaba Gerardo, Saseta batailoian sartu ziren, Aita Inosen bezala, Beti Aurrera konpainian, metrailadore sailean. Eta alderantziz, horrela da bizitza, osaba Paulino faxisten alde jarri zen, frankistekin bat egin zuen, Benta Berriko Suchard lantegiko gerentea zelarik. Familia hautsita beraz, apurtuta. Zorionez, Fortunatok eta Luisak, senar-emazteek ez zuten ikusi egoera tragiko hau, ez. Benito hila Peña Lemonan faxisten aurka. Aita Inosen eta Gerardo osaba preso Santoñan, ondoren Dueso eta Puerto de Santa Maria kartzeletan urtetarako.

Berehala Bigarren Mundu Guda, lazgarria. Milioika hilak. Hitlerren erokeria basatiaren hasieraren hasiera. Alemanak Iparraldean. Eta... Tia Urbana desagertu egin zen. Bai. Desagertu. Arrastorik ez. Ezer ez. Gaur arte. Jakingo ote zuen Tia Urbanak bere ama Luisa eta aita Fortunato zenduak zeudela? Jakingo ote zuen Tia Urbanak bere hiru iloba neskak, Luixi, Paki eta Txaro, gerrako haur gisa erbestean zirela? Jakingo ote zuen Tia Urbanak bere iloba zaharrena, Benito, faxisten aurkako borrokan hil zela Peña Lemonan? Jakingo ote zuen Tia Urbanak bere beste bi ilobak, Inosen eta Gerardo, preso kartzelan zeudela? Historia guztiz gogorra(k). Goian bego Urbana Bujanda Garcia, Galo Jose Bujanda (Nafarroako Abartzuzako karlista goi-mailako ofizial sutsua) eta Alodia Garcia Nafarroako emakumearen alaba: «No hableís en 'vascuen' que no os entiendo!».

Zauden lekuan zaudela, Tia Urbana, bi muxu laztan Inosen zure iloba hanka bakar haren hiru seme alaben partez, Joxemanuel, Arantxa eta Juanramon. Tia Urbana, ez gara, ez, inor zu epaitzeko, ez, baina bai zutaz gogoratzeko eta maitatzeko. Euskal lurrak eta itsasoak emeki zaindu zaitzatela. Agur sentitua, Tia Urbana. Izeba.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.