Hasiera batean kontrakoa badirudi ere, oso berri ona da elkarbizitza demokratikorako Eliza Katolikoaren nagusi batzuen ustea, alegia, laikotasuna tolerantziaren kontrakoa dela aldarrikatzen duena. Madrilgo kaleetan bota diren oihuak entzun baino lehenago Laicismo intolerante izeneko sermoia artikulu gisa argitaratua zuen Agustin Garci-Gasco artzapezpikuak (07-04-14an, Las Provincias egunkarian). Gutxieneko informazioa eskuratzeko gauza den edonork jakin dakienez, apezpikuak okertuta daude --erabat, gainera-- laizismoa tolerantziaren kontrako jotzean. Ez dugu zehatuko orain okertuta modu interesatuan ala inozentean, eta albo batera utziko dugu momentuz ea bakarrik faltsua ala gezur zikina den holakorik esatea, nahiz eta indizio asko egon norabide zehatz batera apuntatzen dutenak.
Laikotasuna (laicidad, laïcité) eta laizismoa bereiztea gustukoa du Eliza Katolikoak, gero baieztatu ahal izateko neurri baten barnean mantentzen bada laikotasuna desiragarria eta zentzuduna dela, eta laizismoa, aldiz, arbuiagarria eta errefusagarria dela, muturretakoa eta zuhurgabea izateagatik, guztiz erlijioaren kontrakoa, esaten dutenaren arabera. Eztabaidako txikikerietan guztietan sartu barik, nekagarriak baitira oso, argiagoa dirudi laizismoa laikotasunaren aldeko mugimendutzat ulertzea, autore askok azaldu duten legez. Horrela Estatuaren laikotasuna defendatzen dugun pertsonok, laizistak (hau da, laikotasunaren aldekoak) ginateke. Izan ere, laizismoa -eta honek bilatzen duen laikotasuna- aniztasun moral eta erlijioso handiko gizarteetan bizikidetza bermatzeko garantia bakarra da. Hiritar guztiak berdinak garela legearen aurrean defendatzen du laizismoak, ezin dela inor baztertu bere sinesmen erlijiosoak direla medio. Laizismoa garaipen historikoa dugu, erlijioen aurkako borrokan gauzatu zena, erlijioak behar den lekuan kokatu nahian (eta ez, apezpikuek askotan esan duten modura, erlijioei esker sortua). Estatua eta Eliza separatu, politika eta erlijioa bereizi, bekatua eta delitua desberdintzen zuelarik, Europan sortu zen laizismoa iritzi desberdinak defendatzeko eskubidea babesteko asmoz. Hau da, laizismoa, laikotasuna defendatzen duen jarrera gisa ulerturik, tolerantzia ideiaren garapenaren ondorioz agertu zen.
Jonh Locke, laikotasun aldeko guztien ikonoa ez dena, fede gabeekiko tolerantzia inondik inora ez zuelako nahi, erlijio askatasuna bai baina ez kontzientzia askatasuna bilatzen zuelako, konturatu zen, hala ere, gizarte batean ikuspuntu erlijioso eta moral desberdinak egoteko bide bakarrak Eliza eta Estatuaren arteko bereizketa zehatza eta osoa inplikatzen zuela. Thomas Hobbes-ek, bere aldetik, politika hutsaren lehentasuna eskatu zuen, oinarri erlijiosoak dituenaren aurrean. XVII. mendera arte ukatu ezintzat jotzen zen hainbat sinesmen erlijioso eta irizpide moral izatea kaltegarria zela. Baina hortik aurrera apurka-apurka zabalduz joan zen bestelako ustea. Erlijio gerren kontura Europan zehar izandako sarraskiak bukatu nahian, eraikitzen hasi zen eremu publikoa gizaki guztiok komun ditugun ezaugarrietatik abiatuta, arlo pribatura eramanda iritzi erlijioso eta moralak, bereizten gaituztenak. Azken honek ez badu esan nahi ere erlatibismo morala ekidinezina dela derrigorrean, batzuek planteatu nahi izan duten legez, posmodernoak besteak beste. Elkarbizitza ahalbideratzea, oinarria ez zelarik sinesmen berberak konpartitzea: hori izan da tolerantzia ideia zein praktikaren emaitza historikoa Europan XVI. eta XVII. mendeetatik aurrera. Emaitza garestia eta babestu beharrekoa, kontuan hartzen badugu zelako sufrimendua sortu den eta zenbat jende hil den tolerantziaren aldeko borrokan. Ez dago esan beharrik zelako papera jokatu zuten erlijioek, katolizismoa barne, aipatu sufrimendua hedatzen.
Ez dugu zertan XIX. medera joan, Pio IX Aita Santuak argitaraturiko Syllabus gogoratzeko, non sinetsi eziniko aldarrikapenak egiten diren pentsamendu, kontzientzi eta erlijio askatasunaren kontra, kaos politiko, ideologiko eta erlijiosoa ekarriko zuten libertateak, autorearen arabera. Era berean, ez dugu gogoratu behar haren aitzindaria zen Leon XII.aren entziklika Libertas Praestantissimum, askatasuna eta liberalismoaz aritzen zena, non Pontifizeak adierazpen askatasuna kondenatzen zuen, Estatuak erlijio bakarra profesatu behar zuela defendatu, kontzientzia eta kultuen askatasuna eragotzi eta norberak norberaren ustearen arabera nahi duen erlijioa, edo erlijio bat ere ez, profesatu ahal dueneko iritzia gaitzetsi egiten zuen. Eta ez dugu horren urruneko garaietara jo beharrik, gaur egun bertan Pedroren katedran eseri diren azkenekoek, XX. eta XXI. mendeetan jada, harritu egin gaituztelako aparteko testuekin, hala nola Fides et Ratio edo Evangelium Vitae entziklikak, Juan Pablo II.aren mandatuan argitaratuak, baina biak Ratzinger Kardinalaren eraginpean idatziak, egun Elizaren buruzagia, Benedikto XVI.a izenpean. Entziklika horiek irakurtzean ondorio batera ailegatzen da: Eliza Katolikoak tolerantzia eta giza eskubideen defentsa formala egiten du in extremis bakarrik eta ondo datorkionean. Harritzekoa bada ere, Eliza, lotsatu gabe, tolerantzia eta eskubideen kontrako izugarrizko jazarpenak bete ostean, agertzen da orain horien defendatzaile. Lasai ederrean, Elizaren jazarkundepean jardun diren printzipio berberak altxatzeko gauza da Eliza Katolikoa, gaur egun ukatzen badizkigu ere katolizismoarekin bat ez gatozenoi. Gogorra, ezta?
Baina ulertzen da, hala ere, zergatik berri ona den Elizak pentsatzea laizismoa intolerantea dela, nahiz eta guztiz okertuta egon? Laizismoa deskalifikatu, mespretxatu, gaitz iritzi nahi duelako, baina bakarrik egin dezakeelako hori tolerantzia baloretzat hartuz, ona dela aldarrikatuz, babestu eta hedatu behar dela esanez. Ongi etorriak! Bazen garaia! Publizitate gutxiko baina garaipen ederra delakoan nago, intrantsigentzia erlijiosoaren kontra burutua, bai eta erlijioen borondate lehiati eta nekagaitzaren aurka, hiritar guztien bizitza publiko zein pribatua arautu eta zuzendu nahi duena. Ea lehenbailehen beste aurrerapausotxoa ematen duten eta tolerantzia norberarekin bat ez datorrenari ere aplikatu behar zaiola ulertzen eta onartzen duten. Eta bide batez, ea behingoz konprenitzen duten dotrina katolikoaren aldeko sermoiak botatzeko leku aproposak pulpituak direla, eta apaizen entzuleria egokia, fededunak. Batzuk nekatzen hasi baikara jaun horien predikuak entzuteaz, bereziki zelan bizi behar dugun errepikatzen digutenean.
############
Elkarbizitza ahalbideratzea, oinarria ez zelarik sinesmen berberak konpartitzea; hori izan da tolerantzia ideia zein praktikaren emaitza historikoa Europan XVI. eta XVII. mendeetatik aurrera
############
Tolerantzia eta laikotasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu