Topaketak LGTB gurasoentzat

Olga Alarcon
2011ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Askotan, honelakoak entzuten ditugu: Zer gehiago nahi dute gay eta lesbianek? Jada berdinak badira, zer nahi dute orain?

Gay eta lesbiana batzuentzat duela ia sei urte iritsi zen lege-berdintasuna, urte askotan gogor ahalegindu eta borrokatu ondoren. Horrek aldaketa eta hobekuntza sozial garrantzitsuak ekarri zituen, baina ez neurri berean guztientzat. Ez da berdin izan herri txiki batean edo Bilbo handian bizi direnentzat. Askotan, herri txiki horietako pentsaera homofobikoaren erasopean dauden horiek ez dira beren eskubideak erabiltzera ere ausartzen.

Era berean, egoera ez da berdina homosexual edo lesbiana gazte batentzat edo helduago batentzat. Azken hauek hobekuntza nabarmenak izan dituzte, bikotekideari edo lan-baldintzei dagokienez, gainerakoen eskubide berberak izaterakoan. Baina gauza bat da eskubideak izatea eta beste bat horiek erabiltzen ausartzea, arestian aipatu bezala.

Zer gertatzen da gaur hazten ari diren gay eta lesbiana gazteekin? Zer gertatzen da botorik ematerik ez duten nerabe homosexual horiekin? Beren gaitasunen arabera izan litezkeen pertsonak eta hiritarrak izatera iristeko babesten eta hazten al ditugu? Ematen ote dizkiegu gazte orok merezi dituen errespetua eta babes berezia?

Bizitzako garai horretako babesari buruz hitz egiten dugunean, funtsezko bi eremu hartu behar ditugu kontuan: eskola eta familia.

Duela urte batzuk eskolari buruz hausnartzen hasi ginenean, egoera etsigarri batekin egin genuen topo: LGTB gazteak (Lesbiana, Gay, Transexual, Bisexual)ikusezinak ziren, oharkabean pasatu nahi izaten zuten gainerako ikasleen irain eta erasoei ihes egitearren—hori guztiz frogatuta dago—, edo errealitate latz horren aurrean irakasleek beste aldera begiratzen zuten, egoera arintzen saiatu ere egin gabe eta, bide batez, beren hezkuntza-funtzioak bete gabe utziz.

Egoera hori aldatzearren, Gehituk zenbait urte daramatza hezkuntza-esparruetan lanean, programa desberdinen bitartez. Izan ere, gay, lesbiana eta transexual gazteen ikusezintasuna gainditzea da helburua, baina, eta familia? Zer egoera bizi dute gay eta lesbiana gazteek beren familietan? Zer egoera bizi dute gazte transexual eta bisexualek? Babestuta al daude?

Zergatik dute horrenbeste beldur hainbat gaztek edonoren aurrean diren bezalakoak agertzeko, baita beren gurasoen aurrean ere? Gurasoek galdetuko al diote inoiz bere buruari beren seme edo alabaren bat homosexuala ote den, pertsona guztiak beti heterosexualak direla aurrez pentsatu gabe? Gazteek beren nortasuna garatu eta adierazi ahal izateko moduko familia-egoera bat sortu beharko lukete gurasoek, haien orientazio afektibo eta sexuala edozein izanik ere.

Galdetzen ote diogu geure buruari zer gertatzen den egoera honetan dauden gainerako kaltetuekin? Nola sentitzen dira gazte horien gurasoak? Beren seme eta alaben bizitzako prozesu oso garrantzitsuak galdu dituzten eta oraindik ere galtzen ari diren aitak eta amak dira. Aitortu edo ez, beren seme-alaben zaintza eta heziketa alboratuta eduki dutela eta inoiz errepikatuko ez diren esperientziak galdu dituztela pentsatuko dute. Konturatzen dira ez dituztela ezagutzen beren semeak eta alabak maitemindu diren lehen aldiak eta ondo ezagutu dituzte bere ondorengoak babesten ez dituen gizarte homofobo honetako arriskuak.

Gehituko kideek eta inguruan ibilitakoek badakigu ez dugula babesik izan bizitzako funtsezko hainbat arlotan; aitzitik, beste gazte batzuek estalita izan dituzte behar horiek guztiak, eta horregatik, umezurtz izan gara (eta sentitu gara) arlo horietan. Bakardadean hazitako gazteak izan gara. Ez dugu aitarik edo amarik izan gure lehenengo maitasunei eta desengainuei buruz hitz egiteko, ezin izan dizkiegu senitartekoei gure bikotekideak aurkeztu, eta azken batean, bakarrik eta etsiak jota egon gara, gure lagunek egoera berberak beren senitartekoekin gozatzen eta partekatzen zituzten bitartean.

Hori nahi duzue zuen seme eta alabentzat? Guk ez, horixe ezetz. Lgtb gazte osasuntsu eta babestuak nahi ditugu, ez daitezela bakarrik egon.

Duela urtebete baino zertxobait gehiago, gure elkarteko kide gazteen guraso batzuek ibilbide berri bati ekin zioten. Lehen urratsa AMPGYL gay eta lesbianen gurasoen elkarteko beste guraso batzuekin harremanetan jartzea izan zen. Haiek zenbait urte daramatzate Espainiako estatuan lan egiten, batez ere Katalunian, baina baita beste erkidego batzuetan ere. Gero, gaur egungo AMPGYLen Euskadiko saila eratu zuten. Estatuko AMPGYLek urtero jardunaldi batzu antolatzen ditu, eta aurtengoan Donostian izanik, gu ere atsegin handiz ari gara laguntzen topaketa horren antolaketan.

Jardunaldi hauek aukera paregabea izan daitezke zuk, gazte LGTB baten aita edo ama zaren horrek, zure zalantzei, kezkei eta proiektuei buruz hitz egin dezazun beste aita eta ama batzuekin. Baita zuretzat ere, zuk ere zure kezkei buruz hitz egin ahal izango baituzu beste gazte batzuekin, askatasun eta normaltasun osoz. Eta baita zuretzat ere, zure semea edo alaba desberdina dela dakizun horrentzat, oraindik ere gay, lesbiana edo transexuala dela aitortu ez badu ere. Badakigu ez diozula bere prozesuari (edozein dela ere) aurrea hartu behar, baina jakinarazi iezaiozu, sentitzen duena sentitzen duela, duen nortasuna duela, haren ondoan egongo zarela eta zure laguntza izango duela.

Esther Nollak, AMPGYLeko lehendakariak ,askotan esaten du bere hitzaldietan asko eskertzen diela LGTB kolektiboei, hauek beti egon baitira bere seme homosexualari laguntzen bera egon ez den momentuetan, berak eman ez ziona ematen. Kolektiboek eta erakundeek ahal izan duguna egin dugu gure gazteak defendatzeko, beren sexualitatea bizitzen lagunduz eta beren auto-estimua handitzen saiatuz, baina argi dagoenez, zuei bakarrik dagokizue gurasoen eginkizuna betetzea.

Ez ezazu aukera hau galdu, jar zaitez gurekin harremanetan eta hartu parte. Partekatzea gozatzearen eta bizitzearen pare baita. Zuek eta zuen seme eta alabek merezi duzue.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.