Baserritar ohia

Traktoreetatik harago

Jose Antonio Lekue Jauregi
2024ko martxoaren 5a
05:00
Entzun

Nekazaritza sektoreak zuhurtasuna behar du momentu honetan traktoreen atzean dagoen egoeraren diagnostikoa egin eta etorkizunerako alternatiba aurkezteko.

Arazoak eta kezkak asko dira, baina ezin da nekazari-abeltzain bakoitza bere eskakizunekin itsutu.

Bi aukera daude, 60ko hamarkadan hasi zen agroindustriari tiraka jarraitu eta elikadura sintetikora jo, kapitalak gura duen moduan, edo bide berri bat ireki, eta behingoz, elikadura burujabetzarantz abiatuko den norabidea hartu.

Arazoa sektore guztiarena da, estrukturala. Nekazaritza eta abeltzaintza «tradizionala» baztertu egin dira, eta azken urteetan bultzatu den agroindustriak frakasatu egin du, iraun ezinik dabil. Jadanik ezin du elikadura merkea eskaini eta klima aldaketan izugarrizko eragin negatiboa izaten ari da.

Arazoei orokorrean erantzungo dien alternatiba zehatza behar da, nekazaritza eredua goitik behera eraldatuko duena. Eta horretarako politika publiko berriak behar dira. Gobernu ezberdinak apelatu behar dira eta neurri konkretuak eskatu, elkarrekin bide berri bat jorratzeko.

Epe ertainerako, 2024-2035 urte arteko plan berritzaile bat egin beharko litzateke. Nekazaritza eredua aldatu eta erreleboa ziurtatzeko ahaleginak egingo dituena, sektorea gaztetu eta arnasa berria ekarriko liokeena, nekazariei eta abeltzainei baldintza duinak eskainiko lizkiekeena. Eta plan horren barruan sartuko lirateke, baita ere, azken egunotako mobilizazioetan egin diren beste hainbat eskakizun, besteak beste, arazo komertzialak, prezioak kostuen azpitik ez egotea, burokrazia lanak erraztea, lurraren erabilera erregulatzea, azpiegiturak eguneratzea...

Errutinatik irteteko garaia da, elikaduraz ari gara hitz egiten, herritarrak elikatzeaz. Eta lurra ondorengo belaunaldiei baldintza hobeagoetan uzteaz.

Topikoa da, baina denok esaten dugu krisi egoeretatik ateratzen direla bide berriak, baina ausardia behar da. Politika publiko eraldatzaileak behar dira, elkarlana eta konfiantza berreskuratzea, horretarako gardentasuna eta aliantzak ere landu behar dira.

Behetik gorako indarra ezinbestekoa izango da arestian esan dugun guztia lortzeko, horretarako mobilizazioak eta lehendik sortuta dauden hainbat elkarte sortzen ari diren elikadura mahaiak eta abar bultzatu behar dira.

Europako Batasuneko Granjatik Mahaira moduko leloak eslogan hutsean geratu ez daitezen, tokian tokiko ekimenak indartu, eta behetik gorako indar berritzaile bat sortzeko ahalegina egin behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.