Gipuzkoak eta Euskadik itun bat behar dute, EAJ buru izango duena eta modernizazioa ipartzat hartzeko eta ekoizpen eredu berri bat diseinatzeko prest dauden indar politiko guztiak batuko dituena, nortasun diskurtsoak sordinaz apalduta». Luis Haramburu Altuna dixit El Correo-n, ekainaren 7an argituriko iritzi artikulu baten. Eta hor bertan, beste aipamen hau: «EAJren eta euskal konstituzionalismoaren garaia da».
Luis Haranbururen desira eta proposamenak begi bistan zuen amua luzatzen ziola EAJ-PNVriamu hori harrapa zezan eta tranpa horretan jausi zedin. PNVk etorkizunerantz begiratu nahian, ez zirudien ur antzuetan itotzen utziko zuenik bere burua, eta amu pozointsu hori bertan utzirik, bere errekan dihardu igerian. Beraz, hemen, bakoitzak bere uretan dihardu igerian zein arrantzan eta ur bare zein bizietan ekingo die bidaiari, zirimolak datozenerako ere prestatuz eta indarrak hartuz.
Luis Haranburu Altunari erantzunez, ur handietarantz doa euskal biztanleria, orkestra eratzeko asmotan, beraz, tronpetari sordina jartzearen garaiak ustel geratu baitira. Halamoduzko tronpeta jotzen nuen neuk ere garai baten, turuta edo tronpetari izandakoa naizbehartutako soldaduskan, gogo gabeko musika jotzera behartzen gintuzten orduan, «do-do-mi-do-do, mi-do-mi-do-sol-sol»… baina garai horiek pasa ziren, eta tronpetak beste musika bat jotzen du orain eta hemen. Eta hemen eta orain, azkureak sortzen zaizkit sentitzen ez dudana derrigorrez sentitu behar dudala esaten didatenetan.
Eta joan goaz, errekan behera arranontzian, urak abiada hartu du, eta geldiezinezko uretan goaz, euskal itsasorantz. Joan goaz,ez gaude geldi, eta bagoaz eta bagabiz musika berrian. Sonoritate berria izan behar duen orkestra baten premian dago gure herria, mundu guztira geure bertako soinuak eramateko desiran. Euskal Herrian, Espainian, zein munduan entzun dezaten hemengo musika. Gure tronpetari sordina jarri nahi lioketen horiek norabidean geratu dira.
Beraz, presta ditzagun ondo fliskornoak, tronpak, tronboiak, flautak eta flautinak, funtzioa hastera doa eta. Presta ditzagun baita timbalak eta gehitu diezaiogun geure orkestra honi txalaparta, gailegoak eta eskozesak beren gaita itsatsiko luketen bezelaxe. Eta Poloniatik honantz etorritako korda (kontrabaxuak, txeloak biolak eta bibolinak) geureak eginik, eta eurekin batera eraman dezagun gure musika muga guztietatik kanpo beste edozein lurraldetara.
Ozenki eta argi inongo estridentzia eta garraztasun gabeko musikan jardutea, hauxe da herri honen gehiengo baten nahia. Geure harrizko herri honetako harrobi sendoetatik ateratako harria zizelkatuz eta konplexurik gabeko eraikuntzan garen hau adieraztea eta aideratzea da gakoa. Ez dago inor ahaztu beharrik, denak baitira bertako harriak, harritxokorrak zein harri sendoak, harri luzangak, zein harri borobilak. Gure Oteizak esango zukeen moduan, euskak kultura berpiztu dezagun, atera gaitezen sartu garen edo sartu izan gaituzten tunel luze ilun hortatik.
Berriro geure orkestrara eta tronpeta kontuetara itzuliz, jo dezagun arnas betean tronpeta, hauspoak betez eta putz eginez, ozen eta kontent entzun diezaguten hemen eta han, han etahemen nor garen. Euskadunok gure musika nahi dugun bezalaxe, beste mundu osoko musika ereoso dugu atsegin. Nire desira,guk gurea ez den musikaentzuten dugun era berean,geurea ere entzuteko gai izandaitezela, besterik ez, eta ez da gutxi.
Inork ez du dudarik, ez luke izan behar, XXI.eko euskal biztanlegoak, zentzu unibertsalean jartzen duela bere helburua, eta hortaratxe bideratu nahi duela bere sena.Entzunezina egiten zait eta aspergura damait aldiro-aldiro aho betez aipatzen duten zentzu identitario hortatik alde egin behar dugula entzuten dudan bakoitzean. Identitaterik ez duenik ez da ezer, identitate barik ez da inor, ez gaitzala eraman betiko soflama higuingarrietara.
Bide eta eginkizun ederra dugu, eta, Antoine Saint-Exupéry abenturalari eta idazle handiak zioen antzean, «mundu guztia baztertzen da norantz jo, argi daukan gizakiaren aurrean». Hauxe, urte hauetan argitu beharrekoa, hemen euskaldunon auzia, arnas betean tronpeta jo ala sordinapean jarrai. Bitoriano Gandiagarenaspaldiko «Euskaldun batek gatx jakin leike zer gura dauan» argitzen doalakoan.
Ez dakit bizi eta sentitzen ote duzun euskal kultura Haranburu jauna. Ez dugu ezagutzen elkar baina agian ez gara elkarren arrotz. Edota zure itsasorratzak eta nireak akaso ez dute norabide bera markatzen eta urrutiegi gaude. Baina zuk deusestatzen duzun identitatea goraldu nahi dugun gehienok, XXI.eko unibertsaltasunaren bidean dihardugu geurean eta garen hau aideratzearen alde gaude, XXI.eko modernitatean bizi nahi dugu, Europako lurralderik preziatu eta prestatuenean. Horixe asmoa.
Tronpetara berriro etorriz, ken dezagun behingoz sordina. Har dezagun arnasa eta egin dezagun putz gogotsu eta sakon. Zalantzarik ez izan, orkestrarik onena eta abesgarriena musikariek elkar ulertzearena dela, nota guztien arteko armonia goxoenak aideratuz. Esaidazu Haranburu jauna, zer izango lirateke Camarón, Enrike Morente edo Velazquez bezalako artistak identitatea galduko balute eta berea goretsiko ez balute.
Halakoxe orkestra nahi nuke nik, adimenez eraikitakoa, soinurik ederrenez eta ezaugarritasunaz jantzia. Zureak eta nireak koska edo talka egin dezakete geure joanean, baina, nik neuk ere, zeuk bezalakoxea izan nahi nuke, baina inongo galbahetik eralgi gabe, hau da, bertatik urrunera begiratu nahi duen euskal gizaki unibertsal bat.
Baina, ez diezaiogun ekarri behartu nahi ez duena izaten, ez eta nahi ez gendukeen bidea harrarazten. Sentitzen ez duena derrigortzeak ez du zentzurik, eta zein musika jo eta nola, bakoitzaren aukeran egon beharko luke. Baina pentsaera guztiak errespetagarriak izan behar diran bezalaxe, inoizko baten, berandu baino lehen, euskal biztanlegoak erabakitzeko ahalmena izan beharko luke zein norabide hartu edota zein itsasorantz joan nahiko lukeen, eta galdetu beharko zaio, Mediterraneo handirantz begiratuz ala Atlantiko handiagorantz zuzentzea nahiago lukeen. Bertan izateko eta munduaren aurrean agertzeko eta mundurantz zabaltzeko ere modu eta bide desberdinak dira noski.
Bitartean, nik tronpeta jotzen jarraituko dut, sordinarik gabe, noski, ahalik eta armonikoen, entzun diezadaten eta agian nitaz aspertu daitezen, edota, gustagarriago egin diezaien nire tronpetaren soinua. Arratiako esaera batek dioen legez: «Mihin bako arrana ugerrak jan».
Tronpeta jotzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu