Tsunamiaren atarian

2017ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Aldarri bat dabil ahoz aho Europan. Abian jarri ditu askatasunaren inprimategiak, pitzatu kantzelaritzetako horma gotorrak. Europa zaharreko indar guztiak elkartu dira bere aurka. Alabaina, gero eta ozenago entzuten da bazter guztietan: «Votarem!».

Sasilege guztien gainetik, bozkatuko dugu. Herritarrok garelako subiranoak, geure buruari ematen dizkiogun lege legitimoen iturburu, eta ez estatuen legezkotasun ilegitimoen helburu. Asko dago jokoan, gure etorkizuna estatu egitura autoritario eta esklerotikoen esku uzteko: Kataluniako Estatu independente baten auziaz harago, Espainiako Estatuko 78ko erregimenaren amaiera eta Europako Batasunaren egituraketa, esaterako.

Europako nazio-estatuak dira, edo, zehatzago esanda, estatu horiek gobernatzen dituzten elite eta politikari nazionalistak, beren interesak lehenetsiz, Europako Kontseiluan duten ordezkaritzaren bidez, Europako Batasunean agintzen dutenak, guri europar herritartasuna bera ere ukatzen digutenak.

Europako komunitate naturalen eta herritarren ekinbide politikoak, iraganeko formulak errepikatu eta nazio-estatu berriak eraiki ordez, lehendik daudenak eraistea izan behar luke xede. Eskoziako erreferendumak eta Katalunian gertatu den lurrikarak agerian utzi dutenez, nazio-estatuen Europako Batasun antidemokratikoaren egituran arrakalak eragin daitezke. Hori da, hain zuzen, elite nazionalen kezka nagusia. Komunitate naturalen eta herritarren eskakizunak beraien aginteari amaiera emango dion Europako herritarren Errepublika baten ernamuina izan daitezkeela.

Baina, utopia europarraren bideetatik urrun, katalanek bozka dezaten eragozteko borondate irmoa dute Espainiako Estatuko elite politiko eta ekonomikoek. Estatuak de facto Kataluniako autogobernua eten eta salbuespen egoera ezarri izana da horren erakusgarri. Badakigu, hortaz, salbuespen egoera arau bihurtu duen salbuespen estatu horrek eskura dituen neurri hertsagarri guztiak erabiliko dituela, hutsik egin gabe. Hori da, ordea, egin zezakeen hutsegite handiena, indarkeria hutsa erabiliz, errepresioa sozializatuz, espainiar estatuaren zimenduak kolokan jarri dituen Kataluniako herritarren aldarria isilarazi zezakeela pentsatzea.

Aitzitik, ilusioa sozializatu du. Katalunian epizentroa izan duen lurrikarak lau haizetara zabaldu ditu bertan errotutako tradizio errepublikano, liberal eta libertarioaren hazi emankorrak. Irakatsi digu eraldaketa prozesuak behetik gorakoak direla, ez dagoela autoritarismoaren galbidetik, norbere herriko herritarrak aintzat hartu gabe edo odol hotzean erailda, askatasunaren helmugara iristerik. Edo akaso uste duzue, oraindik ere Yoyesen hilketa «gerran zegoen armada bateko jeneralen» arteko kontu bat izan zela esaten jarraitzen duzuenok, sinesgarritasunik baduzuela inolako alternatiba askatzailerik proposatzeko?

Sorbaldan daramatzagun iraganeko motxila astunak kendu behar ditugu gainetik estatuaren, ahaltsua izan arren berunezko oinak dituen kartoi-harrizko erraldoi horren, atzaparretatik ihes egiteko. Mundu distopiko baten amildegira eraman nahi gaituzten indarrak ditugu aurrean: oligarkia postinperialak, beren interes politiko eta ekonomikoak defendatzen dituzten elite nazionalak, iraganeko nazio foral esklerotikoen banderadun txapeldunak, erreferendumerako bermerik ez dagoela esanez, eskubide foralen aitzakian, beren interesak eta besaulkiak bermatzea helburu nagusi dutenak.

Horregatik, urriaren 1ean, Kataluniari egin diezaiokegun omenaldi hoberena kalera irten eta «Votarem!» aldarri egitea da, estatu autoritarioen eustormak suntsitu, ustezko esentzia eta alarde foralen zutoihalak hondatu eta behiala autoritarismoaren zingiran murgildu ziren baina historiaren putzu beltzean betiko desagertu nahi ez duten abangoardien azken hondarrak aurretik eramango dituen tsunami geraezina eragiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.