Jesus Rodriguez.

U-1:itsaso bete ur tanta zapaltzera

2017ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Alderdi Popularraren sektore gogorrak bere estrategia ezarri du Kataluniako urriaren 1eko erreferendumari aurre egiteko. Soraya Saez de Santamaria, Pablo Casado eta Xavier Garcia Albiol ari dira zuzentzen Espainiako Estatuaren modus operandi-a, eta normalizatu egin dute indarraren hizkuntza: zapaldu, garaitu edo irabazi dituzte aditzik kutunenak. Casadok ohartarazia zuen ezen transatlantiko bat dela zodiak baten kontra; baina, beharbada, Alderdi Popularreko kidearen metafora ez da egokiena. Elefante batek inurri bat zapaldu ahal du, baina zailagoa litzaioke urez beteriko ontzi bat zapaldu nahiko balu, eta irudi hori gehiago dagokio Kataluniako gizarteari. Mariano Rajoyk masa kritiko handiari aurpegi eman behar dio —bi milioi pertsona, erabakitasun handikoak—, bai eta haren transbertsaltasunari ere —enpresariak, merkatariak, kazetariak, herritarren klaseak, maistrak, ikasleak, aktibista antikapitalistak, zientzialariak eta London School of Economics-eko irakasleak—, eta horrek guztiak izugarri zailtzen du balentria zapaltzailea. Eta, are gehiago, inprimategiak miatu, hauteskunde materiala konfiskatu edo atxiloketak egin dituztelarik, besteak beste, krabelinak emanez, botopaperak erabiliz eta La Trincaren kanta sarkastikoak kantatuz erantzun dietelarik.

Generalitateak aurreikusitakoaren arabera, 2.700 bozkaleku irekiko dituzte —7.000 bat mahai— datorren urriaren 1ean, horietako 350 Bartzelona hirian. Barne Ministerioak agindua du 13.000 guardia zibil eta polizia nazional ere derrigorrez lekualdatzeko, bozketa geldiarazten ahalegin daitezen. Jadanik erabiltzen ez diren kuarteletan ostatu hartzen ari dira guardia zibilak Manresan, Reusen eta Premia de Mar-en —modu oso bat-batekoan egokitu dituzte abagunerako, koltxoiak eta ohatzeak erabiliz—; Katalunia osoko hamabost bat kuartel handik osatzen dute horien zerrenda, Mossos d'Esquadrako kideak lurralde osoan hedatu eta gero oraindik geratzen direnetakoak; Juan Ignacio Zoido ministroa, berriz, txeketegia atera, eta hiru eta lau izarreko hoteletara bidaltzen ari da Espainiako Poliziako kideak. Han kabitzen ez, eta Ferryak ere jarri ez ditu ba! Zenbaketen arabera, botoa emateko gogoz dauden 200 herritar daude polizia bakoitzeko. Rajoyk uste handiagoa du mehatxuaren disuasio gaitasunean hauteskunde mahai bakoitzean polizia pare bat jartzearen eraginkortasunean baino.

Ezerk ez du aditzera ematen haien estrategia funtzionatzen ari denik. Neurri zapaltzaile bakoitzeko, gero eta gehiago dira PPren gobernua ohartarazten ari diren ahotsak: Ada Colauk demokrazia babestearen aldeko jarrera hartu du —batere distantziakidea ez jada—, eta Javier Pacheco Kataluniako CCOOen idazkari nagusiak Rajoyri esan dio aurrez aurre izango dituela errepresioa erabiltzen baldin badu hautetsontzien kontra. Nekez aurki daiteke botazioaren kontra dagoen herritarrik PSCk gobernaturiko metropolietan. Gauza bat da ezezkoa hautatzea, eta oso besterik da kalera irtetea inori bozkatzeko eskubidea baliatu ahal izatea oztopatzera. Hain zuzen, aurrerantzean ere Espainiako Estatuan —modu federalean, konfederalean edo autonomistan— segitzearen aldekoak ez dira batu Ciudadanosek eta Alderdi Popularrak bost urte hauetan bultzaturiko mobilizazioetara. Pedralbes eta Bonanova auzo elitistetan kokaturiko unionistek, berriz, ez dute sortu enpatiarik Santa Coloma de Grameneten eta Cornella de Llobregaten, langile tradizioko hiriak biak ere.

Urriaren 1eko erreferenduma zapalduko duen elefantea izan nahi du Mariano Rajoyk, baina ez da konturatu ezen milaka ur tantaz beteriko balde handi bat estutuz gero ontziak gainez egin dezakeela eta aurrez ikusi baino harago heda litezkeela, elefantea bera ere mela-mela egiteraino. Joan den larunbatean Teatro del Barrio aurrean ukabila altxaturik «Votarem, votarem» (Bozkatu egingo dugu) oihukatu zuen Madril antifaxista, edo Bilboko kaleetako manifestazio jendetsua, atzeragoardian ernal litekeen matxinada demokratikoaren lehen sintometariko bi dira, PPren gobernua estu lot dezaketenak baldin eta hark gehiago sakatzen badu azeleragailua. Kataluniakoen erabakitzeko grina zapuztu nahi horrek estatu krisi bat ekar diezaioke, 1978ko erregimena ataka estuan jarriko lukeena. Askok galdetzen diote beren buruari ea Pablo Iglesiasek asmatuko duen egoerak eskatzen duen moduan jokatzen.

Eta zer gertatuko da urriaren 2tik aurrera? Normal bozkatzerik izan baldin bada, inkesta guztien arabera, baiezkoaren aldekoek irabaziko dute, %60tik gorako emaitzarekin. Baldin eta bozkatzea galarazten badute, Kataluniako Parlamentuak Alde Bakarreko Independentzia Deklarazioa egin lezake. Eta hori guztia fiskaltza bera alkateen %80ri eta Generalitateko gobernu osoari jazartzen ari zaielarik, haientzako kartzela eta inhabilitazio zigorrak eskatuz. Errebeldia eta desobedientzia herritar gehientsuenen buruan ezarriko dira, eta estatuak apenas izango duen herritarren kolaborazionismorik. Alegia, bere zapalkuntza errezetarekin, Rajoyk gero eta independentistagoa den gizarte bati aurre egin beharko dio urrian Katalunian, desobedientziari gero eta atxikiago dagoen gizarte bati. Gerta liteke ezin atzeratuzkoa izatea zatiketa. Estatuaren BPGaren %20rekin, 7,5 milioi biztanlerekin eta Bartzelona metropolia hiriburu gisa harturik, PPren sektore gogorra gai izango al da halako egoeran XIX. mendeari dagokion balentria zapaltzaile bati eusteko? Aste gutxi barru jakingo dugu erantzuna.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.