Erretiratua

Ukrainako gudaren amaieraz

Joan Mari Beloki Kortexarena
2024ko otsailaren 17a
05:00
Entzun

Gaur egun komunikabide nagusiek mezu berberak bidaltzen dizkigute, ñabardurak ñabardura, herritar guztiek berdin pentsa dezagun. Pentsamendu bakarraren garaian bizi gara eta disidentziak ez du lekurik. Nire iritziak oso gutxitan islatuta ikusten ditudanez, nire hausnarketak plazaratzeak lasaitu egiten dit barruan sentitzen dudan arrangura.

Irakurtzen ez ditudan edukiak plazaratu nahi izaten ditut idaztean. Nire buruan sortzen zaizkidan galderei aurkitzen dizkiedan erantzunak zabaltzen ditut, norbaitek probetxurik aterako dien itxaropenaz. Pontifikatu gabe, pertsona guztiek iritzi desberdina izateko eskubidea dugula sinetsita. Are gehiago politikan, non xehetasun txikienak garrantzi handia har lezakeen.

Lerro hauen bidez Joxe Iriarte Bikila-ri erantzuten diot. Berak haizea alde duela kritikatzen du nire artikulua. Nik haizearen aurka aritu behar izaten dut. Artikulua, nire gehienak bezalaxe, ausarta da. Baina nik errespetuz idazten dut eta modu berean erantzuna izatea nahi nuke. Aski da idaztean indarra argudioetan jartzea, aurreiritziak saihestuz. Idatziaren indarra erraietatik ateratzen dugunean oreka galtzen baitugu.

Munduan aldaketa handiak ari dira gertatzen. Horregatik, ausardiaz jokatzeko garaiak dira. Eta iritzi ezberdin guztiak plazaratzekoak. Errespetuz eginez gero, eztabaidak argia ekarriko baitigu.

Edukiei dagokienez hauek azpimarratu nahi nituzke, otsailaren 3ko Ukrainako guda nola eta noiz amaituko da? Batek daki! artikuluaren harira:

  1. Amaitzekotan dela esatea gudak irabazlea baduela esateko modu bat da. Orain arteko parametroetan mantentzen den bitartean, noski. Besterik litzateke NATOren tropak Ukrainan inoiz sartuko balira. Egungo baldintzetan guda oraindik zerbait luza daiteke, baina Ukrainak sekula ez dio Errusiari irabaziko. Arma eskasiarekin, tropa kopuruarekin eta diru faltarekin dituen arazoengatik eta bere hornitzaile nagusiak izan diren estatubatuarrek atera lezaketen etekin guztia dagoeneko lortua dutela ikusten dutelako. Hortaz gain, Europako Batasunak armategiak hutsik dauzka eta ezin dio Ukrainari bere estatuari eusteko eta armak erosteko behar lukeen dirutza eman. Azken argudioa, eta erabakigarria, arma nuklearrei dagokiena da: Errusiak arma mota horietaz biltegiak beteta dauzka eta Ukrainak ez du alerik eta AEBek ez dituzte berenak erabiliko. Guda hau Errusiarentzat existentziala da eta estatubatuarrentzat negozio bat gehiago besterik ez.
  2. Gudari amaiera emanen dion negoziazio mahaian bakerako baldintzak irabazleak jartzen dituela zalantzan jartzeak ez du zentzurik. Eta guda honetan baldintza nagusia Ukraina NATOn ez sartzea da.
  3. Akats larria da guda Errusiak hasi zuela esatea. Errusiaren «operazio militar berezia» 2022ko otsailean hasi zen. Baina guda hau 2013an, Euromaidanekin batera, hasi zela Jens Stoltenberg NATOko Idazkari Nagusiak berak publikoki onartu du hainbat aldiz. Wikipedian ere hala irakur liteke. Baita El País eta egunkari hegemonikoetan ere. Leku askotan.
  4. Guda hasi zuenak bukatu behar baldin badu, jo dezagun 2013-14ra, Euromaidanera. Estatu kolpea eman zuten naziak plazan zirela, Victoria Nuland AEBetako Estatu Idazkariordea eta John McCain eta Chris Murphy senatariak babesa eskaintzera azaldu ziren bertan. Operazio politiko hori nork antolatu eta finantzatu zuen adierazteko modu hoberik ez da. Beraz, AEBei eta beren guda-tresna nagusia den NATOri zuzendu beharko zaie guda bukatzeko deia.
  5. 2022ra arte ezagutu dugun Ukraina ez dugu berriz ikusiko. Ekialdetik gehiengo errusiarra duen ingurua galduko du. Biden presidentearen ingurukoa den The Washington Post egunkariak orain gutxi zabaldu du berria eta ondoren El Paísek bozgorailua jarri dio Madrilen. Bestalde, Mendebaldetik Poloniak Galitzia berreskuratu nahi duela iragarri zuen aspaldi eta Errumania eta Hungariak, berriki, historikoki berenak izan diren eskualdeak, Transkarpatia bereziki. Mapan Ukraina txikiagoa ikusiko dugu.
  6. Ni ere autodeterminazio eskubidearen aldekoa naiz, baina nahiak eta errealitateak ez nahasten saiatzen naiz. Artikuluan ez nituen nire nahiak azaldu, gertatzen ari dena baizik.
  7. Ez nau harritu Putinen aurka hitz gogorrak idatzi izanak —hori ari dira etengabe bultzatzen komunikabide nagusiak—, baina bai oso Zelenskiren eta Ukraina gobernatzen duten nazien aipamen kritiko txikiena ere ez egiteak. Donbassen egiten ari diren genozidio amaigabearena barne.
  8. Guda hau amaitzean NATOren baitan eztabaida eta krisia sortuko dela pentsa liteke. Zertarako guda guztiak galtzen dituen erakundea? Geroak esanen du.
  9. Nazien eskutik «herrien udaberria» etor litekeela esatea gehitxo iruditzen zait. BlacRock eta JP Morgan putre-funtsek Ukrainako lur hoberenak erosita dauzkatela, garbi dago nork edukiko duen udaberri bikaina behin guda amaituta.
  10. Bat nator Ukraina blokeetatik kanpo, neutral eta NBEren babesean egon dadin nahiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.