Ultraeskuina, eurofobiatik eurofiliara

2018ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Suedian ospatutako azken hateskundeek eskuin muturrak bizi duen gorakada berretsi dute beste behin. Emaitza horiekin, Suedia, SD (Suediako Demokratak) alderdi ultraeskuindarraren eskutik, joera horren erakusgarri den zerrenda luze batera batzen azkena izan da.

2017an Herbeheretan PVV-k (Askatasunaren Aldeko Partidua), Frantzian Front National-ak, Alemanian AfD-k (Alemaniarentzako Alternatiba) eta Austrian FPO-k (Austriako Askatasun Alderdia) egin bazuten gora, aurtengo igoera are nabarmenagoa izan da Italian eta Hungarian. Bi herrialde horietan, Lega-k eta Fidesz-ek osaturiko aliantzek garaipena lortu dute hurrenez hurren.

Gauzak horrela, dozena erdi bat baino gehiago dira eskuin muturraren indartzea ezagutu duten herrialdeak Europako Batasunaren baitan. Emaitza horiek kontuan hartuta, datorren maiatzeko Europako Parlamenturako hauteskundeen ondoren alderdi ultraeskuindarrak talde parlamentario sendo bat osatzeko moduan egongo dira ziurrenik.

Bruselan, harritzekoa ez denez, horien iritsierak kezka eragiten du. Ez mugimendu horien programek eta planteamenduek EBren funtsezko balio eta eskubideekin talka egiten dutelako bakarrik, EBren existentzia bera zalantzan jartzen dutelako ere baizik. Hau da, proiektu politikoaren biziraupenarako mehatxu larria suposatzen dutelako antza. Beldur hori ez da EBko agintarien imajinazioak sortutako mamua, ezta gutxiago ere, alderdi ultraeskuindarrek kementsuki eta sistematikoki erakutsi duten jarrera eurofoboaren ondorioa baizik.

Hori horrela bada ere, EBren biziraupenak gehiegi kezkatu behar ez liekeela pentsatzen dut nik. Egia da horien etorrerak proiektu politikoaren norabidean aldaketak ekarriko dituela eta integrazio prozesuaren oinarri izan diren balioa eta eskubideak dantzan jarriko dituztela. Baina hortik EBren desagertzeaz hitz egitera alde nabarmena dago. Europar Batasunak, gobernantzarako espazio politiko gisa, aurrera egingo du.

Uste hori ez da europeismo itsu eta inuzente baten emaitza. Honela pentsatzera naraman pisuzko arrazoi bat dago: eurofobia etekin politikoa eta boterea lortzeko estrategia bat besterik ez izatea. Azter dezagun honen zergatia.

Orain arte, EB sozialisten eta eskuin kontserbadorearen esku egon da beti. Eremu horretan eskuin muturreko alderdiek ez dute zer eginik izan. Estatu kideetan gutxiengo bat izan badira, EBko instituzioetan beraien presentzia are ahulagoa izan da historikoki. Boterera iristeko edota botere kuota bat lortzeko aukerik izatekotan, hori Estatu baten barnean zen. Eskuin muturreko alderdiek bazekiten beraien borroka zelaia tokian tokiko Estatuan kokatzen zela.

Hori horrela izanik, beraien ahalmenetik eta influentzia-eremutik kanpo geratu izan den espazio politikoa, hots, Europako Batasuna, suntsitu nahi izana ulergarria da, botere dinamiken jokoan hautatutako taktika hutsa bada ere. Horregatik izan dute ultraeskuindarrek eurofobia bizkarrezur, besteak beste.

Baina egoera zeharo aldatu da EBko herrialdeetan ospatu diren azken hauteskundeetako emaitzen eskutik. Hauteskundez hauteskunde, eskuin muturreko alderdien aukerak estatu mailara soilik mugatzen ez direla atzematen joan gara. Izan ere, ultraeskuinaren gorakadak kontinentea zeharkatu du goitik behera. Eszenatoki berri honetan, ultraeskuina, estatuen barnean ez ezik, maila europearrean ere lehiatzeko moduan egongo dela geroz eta argiago ikusten da.

Ziurrenik, ametsik goxoenean ere ez lukete hain mesedegarri zaien paisaiarik irudikatuko. Kontua da hemendik urtebetera EB eskuin muturraren gotorleku bilakatu daitekeela. Gainontzeko alderdiekin parez pare aritzeko nahikoa indar daukatela ikusterakoan, beren influentzia-eremua estatura mugatzeakzentzurik ez duela ohartuko dira.Gobernantza zelai zabal eta oparo batean jokatzeko abaguneaz baliatuko dira beraien interesak eta politikak gauzatzeko.

Garai batean hainbeste kritikatu eta mespretxatzen zuten gune horren eztia dastatu nahi izango dute, eurofobia zantzu oro alde batera utziz. Hori ez da egun batetik bestera gertatuko noski. Beren pixua eta indarra areagotzearekin bat joango da desegiten pixkanaka bere iragan eurofoboaren arrastoa. Ultraeskuinaren zainetan zehar zebilen odol eurofobiko horrek eurofilia oportunista eta interesatu bati egingo dio tokia denborarekin.

Agian, eurofobiak baino gehiago eskuin muturraren eurofiliak kezkatu beharko liguke aurrerantzean...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.