Ura bere bidean

2011ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Maiatzean udal nahiz batzar hauteskundeak izan ziren. Aste batzuk itxaron eta ura bere bidean erakutsi nahi dut.

Tartean, bi gauza aipagarri. Bat, publikoki CDN hil da. Bi, idazten ari naizelarik Aralar ez da oraindik animatu. Antza, NaBain ezkutatu nahi du bere desintegrazioa.

Hauteskunda aurretik Garaikoetxeak azaldu zuen zer gertatzen zen, baita asmatu ere. Lau eremu nagusi dira, UPPN, PSOE, EAJ eta Bilduk ordezkatzen dituztenak. Bertze guziak hilobian daude. Bizi direnak espainiar ultraeskuindar, espainiar eskuindar, autonomista ultraeskuindar eta hamaika jitez jantziriko autonomista independentziazaleak dira. Eserlekuak dituzten alderdietan ezkertiar mundu garbirik ez.

Jarraian Nafarroa Garaiaz, irakurle maitea.

Eztabaida sortu zuen artikulu batean sinatu nuen espainiar ultraeskuindarrek hurbil zutela gehiengo absolutua. Horrela da. Adibidez, Iruñean.

Zinegotziak izan dituztenen zenbaketa. 2007an espainiar ultraeskuindarrek 46.000, orain 41.000. Bertze guziek 60.500 eta49.500.

2007an espainiar ultraeskuindarrek %43, orain %45,3.

Legebiltzarrerakotz, hauek ere Iruñeko emaitzak: espainiar ultraeskuindarrek lehen 44.000, orain 42.000. Bertze guziek 60.600 eta 47.800.

2007an espainiar ultraeskuindarrek %42, orain %46,7.

Bi gako. Batetik Uxue Barkos NaBain bada ere, bidelagun batzuk baditu: NaBaik 21.700 udalerakotz, baina 17.500 legebiltzarrerakotz.

Biziki arriskutsua da, NaBairakotz batez ere. Oroit ezazu, irakurle ezin sufrituagoa, Gasteiz eta Cuerda jauna. Lehen dena EAJ ei zen, gero EA, eta gero zero. Cuerda zen, ez EAJ ez EA. Hortaz, Barkos aurkeztuko ez denean...

Eta, garrantzitsuagoa, artikulu hura karrikaratu nuenean espainiar ultraeskuindarrena ez zegoen zatikaturik. Irakurle gehienendako hau berria bezain harrigarria izan arren, barne gerra ikaragarria dute. Kartelak bertzeen gainean paratu, elkarri kendu, aurpegiak labanaz ere zulatu dituzte haien eremu indartsuenetan. Zerrendetan eztabaida, konpondu ez eta hauteskundean liskarra, milaka etxean geratu dira.

Ez dut aste hauetan deus ere irakurri honetaz, baina Iruñeko hainbat tokitan nabarmena izan da zatiketa, kartel gerra, hauteskundean haien jende anitz, haserre eta nazkaturik, bozkatu gabe etxean geratzearena...

Hori ez da gertatu, ez espainiar estatuan, ez bertze euskal herrialdeetan.

Adibidez, Iruñeko Zabalgunean, haien bihotzean, legebiltzarrerakotz 1.000 boz jaitsi dute. Mila!!! Eta horrekin %46,7 beharrean %48 edukiko zuten. Hots, 2007an baino %6 gehiago.

Areago, Iruñean gehiengo absoluturakotz 14 zinegotzi behar dira. 2007an espainiar ultraeskuindarrek, elkarturik, 13. Aurten, zatiketa eta abstentzioa ageri, 13. IU aurreko udaletik at geratu zen, oraingoan 1 lortu du, parte-hartzea 7 puntu jaitsi eta bozen %5 inguru atera duelarik. Hots, espainiar ultraeskuindarrek ez dute 14. zinegotzia atera txiripaz. Dena gaizki egin badute ere, barne gerra, zatiketa, abstentzioa, IU sartu, bada hala eta guziz ere ia 14. zinegotzia eskuratu dute.

Legebiltzarra. Espainiar ultraeskuindarrak 136 herritan eutsi edo igo. 2007an, 139.000. 2011n, eta milaka etxean geratu arren, 136.000.

Eserlekua izan duten bertze guzien artean, baina, 194.000 eta 166.000. Hots, espainiar ultraeskuindarrek lehen %41,7, orain, zatiturik, %43,6.

50 eserleku dira. 22 zuten, egun 23. Eta barne zatiketarengatik etxean geratu direnaz landa, 4.500 zakarretarat joan dira, eserlekurik lortu ez duten haien alderdi berri tikietan, alegia.

Albiste bakarra, baina, Bildu izan da.

Bilduk, legebiltzarrerakotz, 42.000. Ezker abertzalea eta EA dira. 1999an, halere, Euskal Herritarrok zenak 47.000, eta EAk, EAJrekin, 16.000. Gainerat, hamabi urte igaro eta erroldan 24.000 lagun gehiago dira. Eztabaidagarria gero, Bilduren arrakasta... Ez du antzik Gipuzkoa, Bizkai eta Arabarekin.

«Baina orain Nabai dago». Patxi Zabaletak ongi dakienez, CDNren eremua bete du, Bilduk ia ezagutzen ez duen hamaika herri tipi lekuko. CDNk 55.000 zuen 1995ean, orain ez da. NaBaik 49.000 lortu du, 2007an 78.000 zuen.

2007an NaBai eta EAEko baliogabeak 92.000. 2011n Nabai gehi Bildu 91.000. Iruñean, baina, abertzaleek diote Bildu «dena aldatu duen tsunamia» dela. Benetan? Nafarroa Garaian?

Aldaketa batzuk gertatzen ari dira, bai, baina ez betiko «tertuliano» nahiz politikeroek diotenak.

Laburbilduz, Nafarroa Garaian, 1980an, euskal abertzaletasunaren mugak finkaturik zeuden. 1987 ondoren Sobiet Batasuna hil eta ezkertiar mundua galdu zuen. Baina, belaunaldi aldaketa, hamaika nafarren sena berpizten ari zen. Horrela, UCD-UPN-PSOE bozkatu beharrean, CDN agertu zen. Juan Cruz Alli ez da inoiz leloa izan.

Haatik, denbora igaro eta NaBai moduko eskaintza posible bihurtu zen.

Mendialdeko zenbait herritan, 20 urtetan, euskal abertzaletasuna ia %0tik %25erat igo baita. Adibide bat. Auñamendiko Erroibarra: 1999an UPPN+CDN 263, abertzaleak 140; 2011n 197 eta 263. Bertze bat, 1931ko estatutuaren alde aritu ziren Ameskoabarrena, Abartzuza, Eulate, Aranaratxe eta Larragoa: 1999an UPPN 559 eta abertzaleak 108, orain 449 eta 382.

Tartean, PSOE hilzorian eta espainiar ultraeskuindarrak goiti. Hor dago koska. Ezkertiarrik ez delarik, Mendialdeko herriak ez dira nahikoa bertzeen garaipena baldintzatzekotz. Haien joko demografikoa, hiri eta Erriberako kolonizazioa, indartsuagoa da.

Denbora kontua da. Beharbada hurrengo belaunaldia abertzaleagoa izanen da Mendialdeko herrietan, baina ez dira gai izanen irabaztekotz.

Bati irakurri diot NaBai eta Bildu elkartu behar direla. Milaka boz galdu nahi badute... Tsunami hauek, 2007an Nabai eta 2011n Bildu, ez digute utzi ura bere bidean ikusten. Bertze hasiera behar dugu, baina tsunami horiek aldaketarakotz ezinbertzekoa den ezkertiar oinarriaren finkatze lana urruntzen dute.

Erremediorik jartzen ez diogun bitartean, jakina!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.