Urola erdiko mankomunitatea: norabide okerrean eta mozketekin

Iker Azagirre
2017ko martxoaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Udalerri bakoitzak bere hondakinen bilketa-sistema aukeratzeko ahalmena duela eta, 2014. urtean UEMko udalerri guztiek, Azpeitiak izan ezik (guztira sei udalerri), beraien sistemak aldatzea erabaki zuten. Helburu bat aurrean: gaikako bilketa-tasa esanguratsuak lortzea (%70etik gora). Horretarako, hondakinen bilketa-zerbitzua sortzaileekiko zuzenagoa bihurtzeaeta hondakinen sortzailea identifikatu ahal izatea bultzatzen dituena ezarri ziren Aizarnazabal, Azkoitia, Beizama, Bidania, Errezil eta Zestoan. Zerk motibatuta? Batetik, 1970. egundaino Europan garatzen joan diren araudiek bultzatuta; hondakinen kudeaketa egoki batek gutxieneko zerbitzu batzuk eman behar ditu. Bestetik, hondakinak sailkatu gabe jasotzeak eta ondorioz, zabortegira edota erraustegi sistemetara isurtzeak udalerrientzat dakarren etengabeko kostuen igoera jasangaitza bihurtzen ari delako.

Gaikako bilketa-tasa esanguratsuak lortzeko (%70etik gora) eta hondakin-sortzaile guztiei (herritar, komertzio, industrialde eta erakunde) zerbitzu osoa eta kalitatezkoa eman ahal izateko, egiturazko zerbitzu batzuk identifikatu zituen Mankomunitateak 2015. urtean.

Gauzak horrela, bilketa sistema selektiboak inplementatu, mantendu eta hobetzeko saiakerak egiten ari diren herrietan (Aizarnazabal eta Zestoa esaterako) gaikako bilketa tasak %70etik gora kokatu dira 2014ko urteaz geroztik eta igotzen jarraitzen dute; Aizarnazabalen %80tik gora iritsi dira dagoeneko. Azkoitian, ordea, 2014. eta 2015. urteetan egin ziren lanek %70etik gora kokatu zuten gaikako bilketa-tasa, baina, ordutik aurrera udalak zerbitzu guztiak ez ematea erabaki zuen eta harrezkero gaikako bilketa-tasak %55era jaitsi dira, eta beherantz doaz gaur egun. Zer esanik ez Azpeitiaren kasuan, oraindik kudeaketa berriak eskatzen duen zerbitzurik ez du inplementatu, eta haren gaikako bilketa-tasak %40ra iritsi ezinik dabiltza.

Zer esan nahi du horrek guztiak? Hasteko, posible den %90erainoko gaikako bilketa tasak lortzetik oso urruti daudela Azkoitia eta, batez ere, Azpeitiko udalerriak. Bigarrenik, eman beharreko bilketa zerbitzuak oso exkaxak direla oro har, eta batez ere industrialdeetako enpresekiko (udalei ordaintzen dien tasak kontuan hartuta apenas ematen den zerbitzurik). Eta, azkenik, kalitatezko zerbitzu bat ez emateak berekin dakarrela defizit ekonomikoa. Azken puntu hori azaltze aldera, 12.500 tona inguru hondakin sortzen dira UEMko herrietan urtebeteko epean. Birziklatzen den hondakin bakoitzeko irabaziak izaten ditu Mankomunitateak, ontzi arinen kasuan, adibidez, 543 euro/tonako sarrerak izaten ditu. Birziklatzen ez dena (errefusa) kudeatzeko, aldiz, diru-galerak; aurtengo zabortegiko isurtze-tarifa 173 euro/tonako da, eta haren eboluzioa gorakoa izan da denboran zehar. Egiteko asmoa dagoen erraustegiaren tarifak oraingoz ez dakizkigu, baina zabortegira isurtzea baino garestiagoak izango direla aurreikusten da. Hori horrela, gaikako bilketa tasak %40koak edo %70 edo altuagokoak izan, 1,5 milioi eurotik gorako diferentzia izango zukeen urtebetean Mankomunitateak, eta hori herritarren hondakin-tarifetan islatuko zatekeen.

Hezitzaileen figura eta murrizketak

Sei hezitzaile izan ditu Mankomunitateak 2014ko martxoan hasi eta oraintsu arte, ni neu horietako bat. Gure zereginak anitz eta askotarikoak direla esango nuke. Batetik, administrazio publikoetatik hartzen diren erabakiak eta planak praktikara eramaten ditugu eta herritar eta enpresekin batera errealitatean gorpuztu. Bestetik, egunerokotasunean azaltzen diren dinamikei forma instituzionala ematen diegu, eta, agiri eta baimenen bidez, administrazio publikoko eskemetan sartu, instituzionalizatu.

Azken bi hilabeteetan UEMko lehendakaritzakoek hartzen ari diren erabakiek, ordea, larriki honda ditzakete Mankomunitatea eta hondakinen kudeaketa zerbitzuak. Izan ere, dagoeneko sei hezitzaileetatik bi kaleratu ditu Mankomunitateak, eta ez dakigu aurrerantzean zer gertatu daitekeen. EH Bilduk gehiengoa duen Mankomunitate honek murrizketen politika aplikatzeari ekin dio, eta horrek kinka larrian jartzen du bai Mankomunitatearen etorkizuna, baita beharrezko kudeaketa zerbitzu minimoak ematea ere. Jakinda hondakinen kudeaketa prozesuak gero eta zorrotzagoak izatera behartzen ari dela Europako komunitatea (zabortegi eta erraustegientzat baldintza gogorragoak) eta hondakinak berrerabiltzeko sistemak ekonomikoki gero eta gehiago saritzen direla, nora begira dagoen galdetuko nioke Urola Erdiko Mankomunitateari.

Hausnarketarako galdera zabalagoak egingo nizkioke EH Bilduk zuzenduta kudeaketan ari den Mankomunitate honi: Nola pentsatzen du gizartea jasangarriagoa eta justuagoa den eredu baterantz trakzionatzea zalantzan jartzen baditu tekniko/hezitzaileek herritarrekin batera egindako lanak orain arteko helburuak erdiesteko? Nola egin nahi du herritarrei kalitatezko zerbitzu publiko bat eskaintzeko horretan ari diren zerbitzariak kaleratuta? Eta nola pentsatzen du hondakinen zerbitzuek sortzen duten kostuak etorkizuna ez hipotekatzea inplizituki zabortegi eta erraustegi sistemak defendatzen baditu, %40 bilketa tasak izanda, Azpeitiaren kasuan, behinik-behin?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.