Palestinako genozidioak etenik ez duen eta nazioartean gerra inperialista intentsitatez handitzen ari den bitartean, Espainiako Estatua krisi politiko betean dago, PSOEko goi kargudunen ustelkeria politikoa dela eta. Inplikatuta dauden pertsonaien makurkeria eta ustelkeria moraletik harago, kasu honek Espainiako sistema politikoaren berezko ezaugarri batzuk agerian jarri ditu beste behin, batez ere estatu eta alderdi ereduari dagozkienak. Horren inguruko ideia batzuk partekatu nahiko nituzke hausnarketa bezala.
Lehenik eta behin, Espainiako erregimen politikoan, ustelkeria gobernu faktorea izan da beti. Trantsizioaren ondoren ezarritako sistema politiko-klientelarrean, Espainiako alderdi politikoek ustelkeriaren bitartez gobernatu izan dute. Hori argi ikusten da ustelkeria delituen kopuruei erreparatuz gero: bi hamarkadatan (2000-2020) ustelkeria politikoko 3.743 kasu judizial egon dira Espainiako Estatuan.
Datuetatik harago, ordea, sistema politikoaren nolakotasunari erreparatu behar zaio. Alde batetik, estatu espainiarrean ez dago botere banaketarik, eta horrek, nahitaez, ustelkeria dakar. Izan ere, Espainiako Estatua burgesia internazional eta estatalaren proiektu politikoa da, eta, erregimen horretan, alderdi politikoak burgesiaren fakzio ezberdinak ordezkatzen dituzten estatuaren organoak dira. Horregatik, Espainiako Estatua ez da orekatzen botere-banaketa mekanismoaren bitartez. Kontrara, alderdi politikoek botere guztiak bereganatzen dituzte, esparru desberdinetako (epailetza, polizia, komunikabideak…) botere kuotak negoziatzen dituzte eta negoziazio horren bitartez orekatzen da erregimena. Esan nahi baita: Guardia Zibileko goi kargudunak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko magistratuak edota parlamentuko dekretu zein legediak, adibide gutxi batzuk jartze aldera, alderdi politiko burgesek beren bulegoetan egiten dituzten negoziazioen emaitza dira.
Historikoki, Espainiako Estatua bipartidismoak (PSOE eta PP) kudeatu du, Kataluniako eta Euskal Herriko alderdi nazional burgesen babesarekin. Bada, Espainiako erregimenaren lehen momentutik ustelkeriaren bitartez gobernatu dute alderdi politikoek, eta horren adierazle txiki bat baino ez dira epaitu eta publiko egin diren kasuak: Gürtel, Filesa, ERE, Kitchen…, baita EAJri lotutako ustelkeria kasuak eta egunerokoan darabilen klientelismoa ere.
Beste alde batetik, botere banaketarik ezaz gain, alderdi politikoen eta enpresarien arteko sinbiosiak ustelkeria egiturazko auzi bihurtzen du estatu espainiarrean. Adibideak guztiok ezagutzen ditugu: nahierako obra esleipenak eta lizitazioak, ate birakariak eta enpresa handietako goi kargudunak a dedo jartzea —UCOko buruzagi ohia Accionako segurtasun internazionaleko zuzendaria da orain—, enpresa dohaintzetatik eratorritako diru beltza alderdiak finantzatzeko eta politikarien gainsoldatak ordaintzeko erabiltzea (horrela mantentzen da haien barne diziplina), funts publikoen erabilera pribatua eta abar luze bat. Espainiako erregimenak botere politikoaren eta klase ekonomiko dominantearen adostasunaren ondorioz funtzionatu du. Beraz, Espainiako egitura instituzional guztia ustelduta dago, alderdiak barne, baina funtzionala da burgesiarentzat eta hortik beren poltsikoa betetzen duten guztientzat.
Bigarrenik, alderdi politikoen talkaren testuinguruan, ustelkeria kasuak arma politiko bezala erabiltzen dira. Gainera, kontuan eduki behar dugu politikaren judizializazioa deiturikoa nazioartean gertatzen den zerbait dela. Frantzian Marine Le Penen penalizazioa eta Argentinan Cristina Kirchnerren atxiloketa, besteak beste, horren adibide dira. Espainiako kasuari dagokionez, epailetzaz gain, estatuko botere esparru zabal bat —besteak beste, poliziaren zati handia, talde mediatiko batzuk, kapital internazional eta estatalaren zati bat edota Eliza katolikoa bera— egungo gobernua eraitsi nahian dabil, PPren gidaritzapean. Saiakera horren testuinguruan kokatzen da egunotako ustelkeria kasua. Horrekin ez ditugu erretolika eta errealitatea nahastu behar. Sanchez eraisteko arrazoiak fakzio burgesen arteko interes talkan aurkitu behar ditugu, eta ez egungo gobernuaren ustezko izaera ezkertiar edo aurrerakoian; gobernu hau, dagokion moduan, estatu kapitalistaren kudeaketa egiten eta horretaz probesten aritu baita.
Amaitzeko, ustelkeria kasuetan ohikoa izan ohi da diskurtsoa estatu aparatuen kudeaketa okerrean zentratzea, eztabaidaren fokua alderdi, estatu eta ekonomia eredutik aldenduz. Ordea, nahiz eta korrupzio morala epidemikoa den politikari profesionalen artean, burgesiaren sistema politikoari berezkoa zaion ezaugarria da ustelkeria, ezabaezina herrialde kapitalistetan. Hor zentratu behar dugu diskurtsoa. Horren aurrean, burgesiarekiko independentea den eta langileriaren interesak lehenetsiko dituen politika eredu militantearen inguruko eztabaida sustatu eta garatu behar dugu. Soilik horrela ahalko dugu ustelkeria kasuek gizartean sortzen duten anti-politika edota atxikimendurik eza parametro iraultzaileetan —parametro erreakzionarioetan izan beharrean— kokatu.