Uztailaren 23a gerturatzen

2023ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Uztailaren 23a. Laster, ostera, beste hauteskundeak. Beti esan ohi dugu, ohiturak agintzen du, hauteskundeak historikoak direla. Zirt ala zart-ekoak direla. Zuria ala beltza. Bai ala ez. Etorkizuna ala iragana. Iraun ala ez. Baina egia diotsuet, irakurle guztiz estimatuak, oraingo hauek, uztailaren 23koak, izua eta kezka sortzen didate. Beldur politikoa daukat barneratua, eta ezin ihes egin amets txar horri. Ezina zait aurreikustea Feijooren eta Abascalen, PPren eta Voxen, eskuinaren eta eskuin muturraren, artean osatutako gobernuak ze ondorio izan ditzakeen euskaldunontzat, ze ondorio izan ditzakeen Euskadirentzat, Euskal Herriarentzat, edota geure autogobernu edo burujabe izateko grinarentzat eta helburuarentzat. Kezka nagusi. Baina begirada luzea izan dezagun, so egin diezaiogun geure historiari, jarri diezaiegun geure begiei, eta gogoratu, geure hainbat gertakizun eta pasadizo. Ez ditugu errazak izan hainbat egoera politiko. Aspalditik gatoz. Ez gara oraingoak. Uztailaren 23 asko ezagutu ditu Euskadik eta Zazpiak Bat bezala ezagutzen dugunok. Abertzaleak gara. Ekin diezaiodan historiari buruzko hausnarketa labur bati.

Herri txikia gara, eta izaten jarraitu nahi dugun borondatearen eta nortasunaren defentsa aktibo historikoan, adimena, maltzurkeria, jakinduria, ituna eta negoziazioa behar izan ditugu. Europako herrien multzoan nortasun propioa duen herria gara, ondare historiko, sozial eta kultural berezi baten gordailua, geografikoki, gaur egun, bi estatutan kokatutako hiru esparru juridiko-politiko ezberdinetan artikulatutako zazpi lurraldetan oinarritzen dena. Izaten jarraitzeko gogoa duen herria, hain zuzen. Eta gaur erabaki horrek akordio berri bat, etapa berri bat, jauzi kualitatiboa dakarkie Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari dagozkion eskumen juridiko-politiko-legegileen alorrean. Estatus juridiko-politiko berri bat, «burujabetzara» hurbiltzen gaituena, agintari juridikoekin eta goi-esparru politikoekin negoziatu eta adostuko litzatekeena. Lehenik hemen atxikimendu askean akordio politiko indartsu eta zabal bat lortuz eta gero han akordioa lortuz. Erabakitzeko eskubidean, negoziatzeko dugun gaitasun adimentsuan, adosteko beharrean eta integratzeko abilezian sinesten dut. Eta jarrera hau klaudikazioaren eta sumisioaren aurkakoa da, argi eta garbi. Eta horregatik, gaur eta hemen, 2023ko Euskadi eta Europan, ezin dugu utzi nahasten errealitatea eta ideala dena. Ziur nago euskal gizartearen barneko ituna —zeharkakoa eta lehen bildutakoen gainetik— eta ondorengo Espainiarekiko ituna direla gaur egun burujabetzara hurbiltzeko bide politiko posibleak, Euskadi gero eta nazioagoa izan dadin. Gara. Eta izango gara. Ziur. Garbi daukat, izan zirelako gara eta garelako eta nahi dugulako izango dira.

Amaitzera noa hasi naizen erara. Laster batean beste hauteskundeak, bai, uztailaren 23an, hain zuzen. Zalaparta ugari sortu ditu Espainiako Gobernuko presidenteak eta PSOEko idazkari nagusiak, Pedro Sanchez jaunak, data arraroa, zaila, uda, zubia, mahaien osaketak eta bidaiak, eta erreserbak eta kezkak. Eta politikoki erabaki eztabaidatsua, erabaki zuzena ala okerra, ze irizpide multzok bultzatu dute erabaki hori hartzera? Ze emaitza aterako dira 23 gauean? Ze ondorio izango ditu euskal politikagintzan? Autogobernua kaltetua izango al da? Zenbat? PPk eta Voxek gobernua osatuko balute ze ondorio ezagutuko ditugu? Ze neurriraino ezagutuko dugu atzerapausoa geure bizitzako alor eta esparruetan? Edota PSOEk, beste hainbaten laguntzaz, eutsiko al dio goiari eta gobernuari? Galderak arrapaladan.

Baina gertatuak gertatu, gertatzen dela gertatuko dena, dena dela eta beti, abertzaletasun eraginkor eta inklusiboan aurrera, ekinaz, jakitez, irmoki. Geure bidetik. Uztailaren 23an, hauteskundeak. Laster asko dago jokoan. Asko dugu jokoan. Euskal Herria bihotzean. Zazpiak Bat helburu. Euskadi garunean, euskaldunon aberria. Aurrera beraz. Kezkak ere, garunean, bihotzean eta azalean. U-23, eta halaz ere, izan eta jarrai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.