Venezuelako beste erdiaren parte naiz; venezuelarra naiz, sortzez, eta euskalduna, haurtzarotik edoski izan dudalako. Euskadin bizi naiz, duela hamar urtetik. Nire irudipena helarazi nahi dizuet Venezuelan gaur egun duten egoeraz.
XXI. mendeko sozialismoak kaos sozial, ekonomiko eta politikoaren ertzean jarrarazi du herrialdea. Zergatik diodan hori?
Maduro jauna 2013an hautatu zuten presidente. Eta, orain, protestei eta istiluei aurre egin behar die; egoera hori dela eta, 39 pertsona hil dira —31 zibil eta 8 funtzionario—, 500 zauritu dira eta 1.900 atxilotu dituzte.
Indarkeria olde hori Tachira estatuan hasi zen, han izandako ikasle protestaldi batek eragin zuen; otsailaren hasiera aldean gertatu zen, neska unibertsitario bat bortxatzen saiatu izana gaitzesteko protestaldi batean. Estatuko segurtasun indarrek eta paramilitarrek bortizki eta modu neurriz kanpokoan eraso egin zieten, hainbat ikasle hiltzeraino.
Zein da Venezuelako politika egoera?
Gobernuak kontrolatzen ditu Botere Publiko guztiak: Hauteskunde Boterea, Botere Morala—Herriarentzako Defentsa Bulegoa, Kontroltza eta Fiskaltza—, Botere Legegilea eta Justizia Auzitegi Gorena. Diktadura konstituzional deritzo horri.
Gainera, gobernuak du ia komunikabide guztien kontrola, hainbat finka inbaditu dituzte, enpresa asko desjabetu, hornikuntzarik gabeko bihurtu dute Venezuela—%30eko gabezia—,%57ko inflazioa duena, eta ez da gauza izan indarkeria kontrolatzeko. Giza hilketan gehien izaten den Latinoamerikako herrialdeetan bigarrena da Venezuela: 2013an 25.000 pertsona hil zituzten.
Gobernu batek zergatik zapaltzen ditu halako bortizkeriaz biztanle zibilak?
Nola liteke presidente demokrata batek zibilen hainbat talde armatu deitu izatea, jendaurrean, manifestazioetan jendeari barra-barra tiro egin dezaten, eta horiei Kolektibo deitzea eufemismo moduan?
Halako jokabidea al dagokio demokrata bati?
Zergatik ez ditu erabili Estatuaren baliabide horiek guztiak delinkuentzia neurriz kanpoko hori kontrolatzeko? Iaz, 25.000 pertsona erail zituen.
Egoera hori salatu ahal izan da, besteak beste, giza eskubideen aldeko hainbat talderen babesari esker: PROVEA, Andres Bello Unibertsitate Katolikoko Giza Eskubideen Aldeko Zentroa, Gizarte Gatazketarako Venezuelako Behatokia, Venezuelako gobernuz kanpoko beste hainbat erakunde, eta, oraindik orain, Amnesty International.
Venezuelako gobernuz kanpoko erakunde bat da PROVEA, 1988an sortua, eta helburu hau du: sustatzea eta aldeztea giza eskubideak; batik bat, ekonomia, gizarte eta kultura arlokoak. Marino Alvarado da PROVEAko koordinatzaile nagusia, eta hark behatu zuen giza eskubideak bermatzen zitzaizkiela Hugo Chavez lotinant koronelari eta beste hainbat ofiziali 1992an, estatu kolpeak porrot eginda preso hartu zituztelarik —pertsona ugari hil zen orduko hartan—. PROVEAk bermeak galdegin zituen, halaber, Chavez presidenteari eta 2002ko gertakarietan preso hartutako beste hainbat ofizialistari zegokienez. Horretaz gainera, Venezuelako euskal errefuxiatuen aldezkari izan da PROVEA, chavismoaren aurretik eta chavismoaren ondoren. PROVEAren urteroko txostenean jasota dago, esaterako, zein betebehar izan zuen Chavezen gobernuak Aznarren gobernuari egindako hiru entregetan eta zein jarrera hartu zuen orain arte izandako bi estradizio epaiketetan —errefuxiatuek irabazle izan dituztenetan—.
Erakunde horrexek larriki ohartarazia du, hain zuzen, zazpi urte hauetan Venezuelan erail, atxilotu, eta torturatutakoez eta haien giza eskubideekiko errespetua galdegin beharraz. Ez dago, beraz, haren objektibotasunari buruzko zalantza izpirik.
Honezkero pentsatzen hasia zara, irakurle, ni ere Nicolas Madurok faxista, oligarka, inperialista, kolpista... eta abartzat jotzen dituen horietako bat naizela, beste bat. Baina ez da hala. Euskaldun berbera naiz, hala hemen nola Venezuelan:
—Elkartasun keinu argiak egin nizkien hango euskal errefuxiatuei.
—Euskadiko presoen giza eskubideekiko errespetua eskatu nuen, eta haiek beren sorterrira itzularaz zitzaten.
—Euskal herriaren autodeterminaziorako eskubidearen alde egin nuen.
Venezuelako agintariek oligarkatzat gauzkate haien totalismoaren kontra egiten dugun guztiok. Azkeneko hauteskundeetan, 2013koetan, oposizioak botoen %49,12 lortu zituen. Zilegi ote da %57ko inflazioa duen herrialdeko erdiak oligarkak izatea?
Orain, Euskaditik, venezuelarra ere banaizenez, nire arbuioa adierazi nahi dut, batetik, Venezuelako Gobernuak indarkeria neurrigabea eta hilgarria baliatu duelako, eta, bestetik, guztien harrigarri, presidenteak bere kaputxadun taldeak deitu dituelako erail eta terrorea heda dezaten.
Adierazi nahi dut, halaber, haserretuta nagoela ezin onartuzkoa delako Kubako presonero eta miliziano andana baten halako oldarraldia Estatuko estamentu guztietan.
Ez dut inolako inperialismorik nahi nire herrialdean. Ba al da, akaso, inperialismo onik eta inperialismo txarrik?
(Erredakzioan itzulia)
Venezuelako beste erdia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu