Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena.

Zaborrak eta zabarrak

2013ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Zaborrak zabartuta gabiltza aspaldian. Krisiaren krisirik eza, hozberoaren epeldu ezina eta Realaren golada ona aski ez, eta zaborraren kudeaketa dugu aspaldi luzean bazkal aurre-osteetan temarako gai.Ezta gipuzkoar guztiak bertsolariak bagina ere! Gipuzkoar bai, gure lurraldeko mugez harantza, apenas baitakigu hondakin organikoak atez atekora, bosgarren edukiontzira edo nora egingo duen. Bizkaian eta Araban txiton, Nafarroan eta Iparraldean ere halatsu. Zaborra ez da ba eskurik esku koordenada jakin batzuetako zabarrok soilik darabilgun lehergailua izango!

Muturretan bizi beharreko herria da gurea, balantzak platertxo bakarrarekin orekatzen dituena, galderak baino erantzunak beldurtzen duena. Eta zer nahi duzue esatea, nik hari-mutur guztiak bateratzeko gai den herria maite dut, nola zezenketen inguruan Zestoan hala zaborrarenean Legazpin, herriari galdetzen dion herria, aurrera egiteko atzera eta garatzeko geratzen dakien herria. Izan ere, beldur naizbehin-berriz, Paris eta Madrilera eta buelta gabe, bertatik bertara zer nahi dugun jakiteko egokiera paregabea galduko ez ote dugun. Behingoz etxea gobernatzetik hasiko bagina...

Gure etxean urteak daramatzagu egunean eguneko hondakinei erabilera berriak asmatu eta geuk biziberritu ezin ditzakegunei dagokien ontzirako bidea errazten, urdinerakoa paperari, berderakoa beirari, marroirakoa organikoari. Geuk sortuari ez badiogu horrenbeste zor... Inposiziorik gabeko obligazio behar du zaborraren kudeaketak, eguneroko ardura, ezinbesteko betebehar. Izan ere, indiar errefrau zahar batek dioen bezala, lurra gure seme-alabek utzia jasotzen dugu, ez gurasoek emana. Ez dezagun, bada, iragana etorkizunik gabe utzi.

Entzunak entzun eta adituak aditu, arituaren eskarmentuak hauspotutako hitzak dira nireak. Ez dakit atez atekoarekin noraino iritsiko ginatekeen, baina beste aukerarik ez eta, gure etxean urteak daramatzagu bosgarren edukiontziaren bidez, eta aparteko nekerik gabe, sortzen ditugun hondakinen %80 baino gehiago berziklatzen. Tamalez, baina, bere garaian bosgarren edukiontziaren aldeko hautua egin zuten agintarien fedea ez dakit zenbateraino den sinesgarri, gehiegitan pausatu behar izaten baititugu gure poltsatxo marroiak eduki gutxiegiko ontzietan. A ze marroia daukagun!

Bai, hitzaldi, eskuorri eta mahainguru guztiak dira baleko, baina aukera-aukeran, nahiago ditut bidean argi egingo diguten aholkulari eta teknikariak kaleko, eskolaz eskola, etxez etxe eta edukiontzien aurrean, hurbil eta hurbileko, zaborra hesitzen, zabarra hezitzen. Oraindik inarrosi gabeko kontzientziak iraultzea baita kontua, kontsumoa murriztu, eta hondakinak sailkatu eta birziklatzea.

Atez ateko eta bosgarren edukiontzien azpitik, ingurugiroaren alde, politika (letra larriz) egiteko garaia da, didaktika egokirakoa, kontsentsuz eta konzentzuzgutxienekoak adostu eta bateginik indarrak biderkatzekoa, zentzuzko denbora-tartean bosgarren edukiontziaren bidez gutxieneko birziklatze mailarik lortu ezean, atez ateko, aldi bereko zein bestelako aukerei heltzekoa.

Ea, bada, elkar ukatzeari utzi eta elkar ukitzen hasten garen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.