Zahartzaroaren tsunamia

2016ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Menpekotasunaren inguruan egin berri dugun Biltzarrean, Javier Yanguas psikologo doktoreak datozen urteetan gertatuko diren aldaketa demografiaz ohartarazi zigun, zaharren tsunamia deiturikoa. Hitz gutxitan esanda, babyboomeko belaunaldia zahartzen (65 urte baino gehiago) garenerako, 85 baino gehiago duten adinduak gazteak baino gehiago izango dira gure Euskal Herri honetan, bai kopurutan, bai portzentajean. Aldaketa horiek daramagun gizarte eredua guztiz aldatuko du, hots, zaintzaileen gizarte baterantz goaz non zaharren zainketa beste «zaharren» esku geratuko den, gazteak produkziorako beharko ditugulako, eta familia zabalak ia desagertuta egongo direnak, hau da, orain gertatzen ari den zainketa ez-formala edo senideengan oinarrituta dagoena ia bukatua izango da. Politikariak fenomeno hau ez dira kontuan hartzen ari, eta gerontopolitika bat eratu beharko da halabeharrez.

Baina zer suposatzen du gerontopolitika batek? Adinekoak politikarien esku egotea? Hori neurri baten gertatu izan da oraintsu arte. Osasuna eta zerbitzu sozialetan inbertsioak handitzea? Bai, neurri batean bai, baina haratago joan beharko genukeen, etxebizitza eredu berri bat eratzea, elkartasun sareak ugaltzea, produkzio sistema aldatzea, lan erregulazio ezberdinak, enpresa aukerak... Orain dela hilabete bat, Bartzelonan, honen inguruan feria handi bat antolatu zen, eta urtero BECen ere azoka bat antolatzen da adinekoentzat. Baina azken ohiko merkatu edo negozio aukeraz gaindi, ohar gaitezen gertatzen ari den aldaketa soziologikoaz.

Zahartzaro kontzeptu bera aldakorra da, eta, Yaguasek azaldu bezala, hiru multzotan bana ditzakegu gure adinduak: lehen multzoan, gogoa eta ahalmena osorik mantentzen dutenak daude; hau da, sasoian sentitzen dira; adituak dira; eta, nahiz eta jubilatuak izan, oso aktibo mantentzen dira. Horrela daude gure elkarte ugari; bestela, ikusi besterik ez dago Bilboko konpartsetako kideen adina. Bigarren multzoa hauskorren multzoa litzateke, hau da, nahi eta ezinean daudenak, gogoa bai, baina indarren falta nabaritzen dutenak. Eta, azkenik, azken multzoan, ezinduak edo zaintzaileen menpeko egoerara heldu direnak daude. Hiru multzoetako egoerak kontuan hartu beharko lirateke etorkizun hurbilean erabaki politikoak hartzeko orduan.

Baina zeintzuk izan beharko dute erabaki horiek? Argi dago neoliberalismoak bultzatutako indibidualismoa guztiz irauli beharko litzatekeela, hau da: zaharrak zaintzeko beste zaharrekin kontatu behar bada, elkartasunaren balioa produktibitatearen gainetik jarri beharko dugula. Lagun bat edo birentzako etxeak eraikitzeari (horiek saltzen omen direlako) laga egin beharko da, eta adindu taldeentzako berrerabili, muga arkitektonikoak ezabatu eta elkargune fisikoak lortu beharko dira. Beraz, berrasmatu beharko dugu beste produkzio eredu bat, beste gizarte moldaketa berri bat. Goazen adibidetara: kapitalismoaren paradisuan, AEBetan Florida edo Arizonan Sun City hiriak sortu dituzte, etxe txikiak eta apainduak, golf zelaiak, auzokoentzako zerbitzuak... hara joateko diruduna izatea besterik ez da behar. Espainiako hiriburuan, aldiz, beste aukera polit bat sortu dute bertako militante adinduek: Torremocha del Jaramako Trabensol kooperatiba, Cohausing eredu merkeagoa non elkarlana eta elkartasuna ezinbestekoa den dirua baino gehiago. Zoritxarrez, Euskal Herrian halako zereginetan dihardutenak ezinean dabiltza hemengo salneurriak direla eta; laster, batzuek Kantabriako Oriñonera «emigratu» beharko dute besterik ezean.

Beraz, gizartearen ikuspuntua aldatu beharrean gaude, medio nagusietatik datorkigun pentsamolde edo filosofiaren aurrean gure eszeptizismoa martxan jarri behar dugu, militantzia eta ideologiaren balioak berreskuratu, gaurko aukera teknologikoetara moldatu eta ahal dugun neurrian gizarte egiturak berregin. Argi dago azken urteetako erabaki gehienak gutxi batzuen esku daudela, eta egoera aldatu beharko dugula ondo zahartu eta bizi nahi badugu, eta, horretarako, geure burua prestatu beharko genuke osasunaren alor ezberdinetan: fisikoan, psikikoan eta sozialean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.