Zaldibar, lokatz globalak eta Green New Deal

2021eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Kataluniatik, Europatik edo Galiziatik datozen kamioiek hartu dute lur Zaldibarko zabortegiko lur harroetan. Zuloa zulo bada, inork ezin du ikusi, ezta? Nabaria da lurraldearen logiken eta enpresa logiken arteko harremana hautsia dagoela aspaldi. Zirkulu globalaren ajeak, bueltak eta bueltak ematea, zuloren batera iristeko.

Amaiezina litzateke Zaldibarrek gure sistema soziometabolikoaz erakutsitako minen eta gabezien zerrenda; hondakin produkzio masiboa, kate globalaren kontsumo basatia, klase arrakala, neurrigabeko botere nahia, klase enpresarialaren zabarkeria, laguntxoen kapitalismo likitsa… Modernitate produktibistaren zauriak, guztiak. Kolpe itsuak ematen ari den gizarte zartatua garela erakusteaz gain, oparotasun materialak dakarren zentzu galera eta noraez sentipen orokortua ere elikatu ditu. Zabor pisutsu lohituen eztanda, aparraren aroan.

Ustez post-politikoak ginen garai likidotu hauetan Marx, Weber eta klasiko zaharrak ageri zaizkigu ostera ere kale kantoian, eskuarekin agur eginez; zer uste zenuten, ba? Klase sozialen banaketak eta merkatukeria gidatzen duen espiritu kapitalistak bere horretan dirau, hor ez da egon zaharkitze programaturik. Nerea Ibarzabal eta Eneko Sagardoik Zaldibarko gertakarien harira idatzitako testuan ederto laburtu zuten esaldi bakarrean trantsizio ekosozial ez-faxistarako gainditu beharreko lehen auzia: «Zergatik ez da oraindik aski ziurra, langilearen hankapeko lurra? Galderak, idatzi gabeko txostenentzat».

Izan ere, trantsizio ekosozialik egongo bada, klase borrokaren inbututik pasatu beharko du ezinbestez. Krisialdi sozio-ekologikoaren harira sortzen ari diren gatazka ezberdinetan behin eta berriro ageri zaigu klase sozialen afera. Nortzuk diren lur azpian itota geratzen direnak eta nortzuek duten hegazkin bat hartu eta udarako oporraldiko jauregira alde egiteko aukera. Krisi klimatikoan sakondu ahala, ingurugiroarekin lotutako gatazkek ugaritzera joko dute, eta horietako bakoitzari dario klase borrokaren lurrina. Kapital fosilistak bere jantzi dotoreak erakutsi dituen garaiak bukatu dira, halakorik egon bada inoiz. Gorbatak estutzen du lepoa, hariak ez daude ondo josiak eta botoiak bata bestearen atzetik lehertzen ari dira, gizentasun energetiko-materialari eutsi ezinik.

Trajean ostera ere ondo sartzeko egiten den proposamena da Green New Deal polemikoa, erreformismotik aterabide bat planteatu gura diona erronka zibilizatorioaren auziari. Ahalik eta sektore sozial eta politiko gehienen adostasuna lortu nahi da, trantsizioa parametro sozialdemokratetan gauzatu dadin. Aberasten jarraitu, klase arrakalak mantendu, emisioak gutxitu —baina ez horrenbeste— eta merkatuaren megamakinari jariatzen utzi. Horra ezkerretik ordaindu beharreko faktura gizakiaren bizitzarako baldintzen mantenua eskatzeagatik. Zabarkeria litzateke Green New Deal Itaka bailitzan hartzea, eta harako bide itsuan, akordioak lortzeko despistatu xamarrik, ekaitz faxistak guztia irenstea. Kontua ez da nartzisismo ezkertiar bati segika erradikaltasuna defendatu beharra; garaiak berak behartzen gaitu erradikaltasunera. Denbora aurka daukagu, infernua epeltxoa edo itogarria izatea nahi dugun erabakitzen hasteko berandu da. Ez dugu infernurik nahi.

Espainiako Kongresuak aldaketa klimatikoko legean hemendik eta 2030era CO2 emisioak %23 murrizteko plana jasotzen du. Alegia, industria eta finantza handiak deserosoegi ez sentitzeko bide orri bat, basamortutzea, ur edangarriaren murriztea, muturreko tenperaturen gorakada eta krisi energetikoan sakontzea ahalbidetzen duena. Andreas Malm Kapital Fosil liburuaren egileak argi laburtu du auzia: zero emisiotara iristea klase kapitalistaren sektore handi bati heriotza sententzia ematea da, horregatik ez da inon egingo.

Zaldibar ezberdinak agertzen joan daitezen osagai guztiak daude mahai gainean jarrita. Green New Dealen adabakiak aringarri izan gura du, baina zero emisioen eta trantsizio ekosozial ordenatuaren aldeko olatu zabala sortu ezean, ingurugiro gatazken gurpilak biraka jarraituko du, geroz eta azkarrago. Gainera, ez dio norbanako kontsumitzaileari interpelaziorik egiten, automugapenaren eta ekonomiaren birtokiratzearen ideiak kulturalki hedatzea funtsezkoa zaigun aroan. Jorge Riechmann ekologia politikoaren autore ezagunak iradoki bezala, ez baditugu borroka kolektibo konplexuak eraldaketa indibidual sakonekin uztartzen, arrakastatik urrun geratuko gara. Bi dimentsioak zaizkigu beharrezko, eta iraultza berbari hautsa kentzen hasteko ez dugu beldurrik eduki behar.

Lokatz global eta lokaletan mugimenduak astunak eta geldoak diren arren, zapaltzen dugun lurra trinkotu eta sendotzeko, gure behar sozial propioetatik abiatutako ekimen zabalen premia daukagu. Oroitu dezagun: Roosevelt-en New Deal-ek II. Mundu Gerrarako prestatzeko zegoen gastuari esker egin zuen aurrera. Historia soziala eta zabortegiak larregitan gurutzatu dira, zubi zuzena eraiki da asmo erreformistetatik historiaren zabortegira. Zubia norabidez aldatzeko, ordea, zubia apurtu behar lehenbizi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.