Idazlea

Zaude gugan!

2025eko uztailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Azken urte luzeak etxetik ezin irtenda eman dituzu. Burua, lehen bizkor askoa, kamustua sumatu duzu azkenaldian: burua mundutik joana! Maite andrelaguna Alemaniako Kolonian, handik hona ezin etorririk, eta zeu hemendik hara ezin joanda... Mediku batek ziotson Joxe Azurmendik bazuela aingeru bat, heriotzara eta bizitzara zabuka erabiltzen zuena. Baina azkenerako, bizitzaren legea gailendu da eta maitea genuena joan zaigu.

Euskal kulturan utzi duen aztarna sakonagatik, etorkizuneko euskal kulturak beti eramango du, gehiago edo gutxiago, haren marka eta eragina bere baitan. Gehienok ados egongo gara: euskarazko kulturan, gailur bat jo du eta erreferentea izan dugu!

Ez da bolizko dorrean bizi izan. Zenbati lagundu ote digu, pasa dizkiogun idatziak arretaz irakurriz, eta gomendioak, iradokizunak eginez, edota animoak emanez. Zenbati ireki dizkigu begiak hedabideetan nagusi ziren hainbat ikuspegi okerrez!, zenbatek irakurri ditugu plazerez bere idazkiak!

Jakinlaria, jakinkidea, jakindarra zen. Jakindarren taldeagatik ez balitz, segur aski ez zuen utzi duen ondarearen laurdenik utziko, taldean eta komunitatearentzat lan egitearen zalea baitzen.

Funtsean, modatik pasea zegoela esan ziotelako baztertu zuen poesiagintza —Hitz berdeak poema-liburua 1971n argitaratu zen; 1958tik 1970era landutako poemak biltzen ditu, Bitoriano Gandiagak sailkatuak, eta zentsurak baztertu zuen Manifestu atzeratua, zeinak arrakasta gehien izan duen, eta non, hein baten, aurrerago saiakeretan landutako gaiak iragarri zituen—, eta bere kezka intelektualei erantzuna emateko egokiagotzat jo zuelako aldatu zen saiakeragintzara.

Zenbat eta gehiagotan irakurtzen diren, orduan eta etekin gehiago ateratzen zaien saioak utzi dizkigu. Batzuk errealitate soziopolitikoari estukiago lotuak, idazle konprometitua izan baita, koiuntura politiko larri bakoitzean, ideia aldetik argitu nahi izan gaituena: Hizkuntza, etnia eta marxismoa; Kolakowski; Gizaberearen bakeak eta gerrak; Demokratak eta biolentoak;Euskal Herria krisian;Oraingo gazte eroak; Barkamena, kondena, tortura; azkena, Hizkuntza, nazioa, estatua —unean uneko eztabaidei lotuak baina aldi berean haiek transzendituz ere bai—. Azken liburu horretan (2017), esaterako:

«Dena denarekin lotua dago, baina dena ez da bat, metafisikan ez bada. Nazioa politikarekin lotua egoten da, baina bera ez da politikoa. Interes ekonomikoekin lotua egoten da, baina ez da interes ekonomikoen batura. Lurralde bati lotua egoten da (komunzki), ez da lurraldea, etab. Hizkuntzarekin, ordea, ez da egoten lotua, baizik bategina. Hizkuntza 'komunikazio espazio' bat da, eta nazioa eta hizkuntza trenpu onean aurkitzen direnean, harreman politikoak, ekonomiko eta sozialak, lurraldearen esanahia, historia, espazio horren barruan hariltzen eta garatzen dira, horrek ematen die euren zentzua. Puntu berera gatoz berriro, ordea: gure nazioa eta hizkuntza ez daude osasun batere onean» (65. or.).

Beste batzuk zabal eta konplexuagoak, gauza bat zer den definitzeko, hura historian, gizarte jakin batean, nola agertu den azaldu beharra dagoela konbentziturik: Espainolak eta euskaldunak; Espainiaren arimaz; Volksgeist / Herri gogoa; Historia, arraza, nazioa; Azken egunak Gandiagarekin, Pentsamenduaren historia Euskal Herrian. Metodo berezia zerabilen: oharrak, apunteak txirikordatuz; baina horren aurretik, aztertutako gaien eta autoreen testuen irakurketa exhaustiboa buruturik; inor gutxik bezala.

Euskal idazleen gaineko azterketak ezin albora utzi: Orixe, Nemesio Etxaniz, Etienne Salaberri, Karlos Santamaria, Salbatore Mitxelena, Aita Villasante, Jon Mirande, Bitoriano Gandiaga, Txillardegi, Rikardo Arregi... Pertsonalena, dudarik gabe: Azken egunak Gandiagarekin.

Joxeren liburu batek baino gehiagok gaindituko du denboraren iragateak ekarri ohi duen ahanztura, eta baliteke honako hauei horixe gertatzea: Espainolak eta euskaldunak; Espainiaren arimaz; Barkamena, kondena, tortura; etaHistoria, arraza, nazioa, Renan eta nazionalismoaren inguruko topiko batzukhauste aldera. Azken horretan, esaterako:

«Nazioaren kontzeptu alemana arraza, hizkuntza, etc., berdineko jendearen komunitatearena dela esan ohi da, baina de fakto gaur Alemania izendatzen dugun Nazio/Estatu alemana nola eta zein irizpideren arabera elkartu den begiratzen badugu, inola ere ez dela arrazoi ‘objektibo’ horiengatik edo horiei begira izan aitortu beharko da. (...) Batasun alemana hiru gerraren ondorioa da 1864 eta 1871 artean». (...)

«Frantzia, esaten da, nahizko nazioa da, subjektiboa, nazio aleman kultural edo etnikoaren kontrara. (...) Frantzia ez da sortu jendearen gogozko nazio bezala, estreina erregearen eta gero errepublikaren armek nahitako eta inposaturiko nazio (Estatu) bezala baizik, bortxak ezarrita alegia, Alemania eta Europako beste guzti-guztiak bezalaxe, bakanen bat ez bada» (476.-477. or.).

Hau da, lotura kulturalaren sentimendua baztertu eta gutxietsi gabe, bortxak egin ditu estatuak.

Aleman eta europar filosofo eta intelektualengandik ikasia Euskal Herriari eskaini dio. Bigarren aberria Alemania izan du. Azken egunak Gandiagarekin liburuan kontatu du nola Munsterren, 1966an, gerra ahaztu samartuta, intelektualki berriro udaberrian zen Alemania protestantean murgildu zen, eta nola eraberritu zen barru-barrutik:

«Apurka-apurka zure mundu zaharra goitik behera doa, seguru asko zeu ohartu gabe. Ikaslagun zenbait protestantea duzu, islamista palestinar eta indonesiarrak, judu errusiar bat. (...) Berlingo neska bat, jentil perfektua, ideiarik ez zuena erlijioaz, eta galderarik ezustekoenak egiten zituena beti...» (348.-349. or.).

Lehen poemak gaztelaniaz eta frantsesez idatzi zituen, baina Joseba Intxaustik-eta konbentziturik, euskaraz eman digu bere obra handia: euskaldunontzat aritu da lanean atergabe. Eusko Ikaskuntzaren solasaldietan, Joan Mari Torrealdai zenarekin hizketan, zioen gu bezalako gutxiengo kuantitatiboarentzat nekeza dela euskaldun izatea, baina aldi berean mortal ederra.

Jarraibide ederra erakutsi digu eta argudioak eman dizkigu euskaldun izateaz harro sentitzeko. Zu maisu eta laguna izana ohore handitzat izango dut beti, Joxe! Milesker bihotzez!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.