Ordiziako Euskal Eskola Publikoko komunitatearen izenean

Zaurgarritasun indizea, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Maria Albisu eta Naroa Elortza
2025eko maiatzaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Udaberriko oporren atarian, egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar. Zaurgarritasun indizearen erabilerak eta matrikulazio biziaren kudeaketak egoera ikaragarri hobetu omen dute. Saiatu gara ulertzen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ondorio horiek nola lortu dituen, gure eskolako jolaslekuan eta geletan ez baita panorama aldatu.

2024-2025eko matrikulazio datuak aztertzen dituen Hezkuntza Sailaren txostena hartu dugu eskuetan. Aho zabalik utzi gaituzte bertan azaldutako datuek, datu demografikoekin eta errealitatearekin kontraesan nabarmenean baitaude. Txostenaren arabera, Euskal Herrian immigrazio tasarik handiena duen herrian (%20,5) eta azken urteetan tasa hori etengabe gora egiten ari den arren, herriko errealitatea goitik behera aldatu omen da. Zaurgarritasun indizea ikasturte bakarrean 23 puntu jaitsi omen da eremuan. Gure eskolan, berriz, %51,06tik %12,24ra: 39 puntuko jaitsiera. Desoreka desagertu soilik ez, Hezkuntza Sailaren arabera, ikastolak egoera zaurgarrian dauden familietako ikasle gehiago eskolaratu ditu Haur Hezkuntzako 2 urteko geletan.

Hezkuntza Sailak dioenaren arabera, bere kudeaketa apartari esker lortu da oreka hori. Zehazki, inongo neurririk aplikatu gabe. Akaso, 2023-2024an gure eskolari bi matrikulazio kentzeaz damututa, nork daki. Nola da posible harturiko neurrien balorazio oso ona egitea, ia mugimendurik egin ez badu eta egin dituenak eskola publikoari kalte egin badiote?

Egia da azken urteotan eskola publikoaren komunitate osoak lan bikaina egin dugula, eta matrikulazio datu onak lortu ditugula, familien jatorria, euskararen ezagutza eta egoera sozioekonomikoa orekatuagoak izanik. Hala ere, nola da posible Eusko Jaurlaritzak gure zaurgarritasun indizea %12koa dela esatea? Nahikoa litzateke gure eskolara gerturatu eta galdera gutxi batzuk egitea egia ez dela jakiteko, eta Jaurlaritzak erabiltzen duen zaurgarritasun indizeak sinesgarritasun eta fidagarritasunik ez duela argi ikusteko.

2025-2026ko matrikulazio datuei begiratuz gero, Eskola Publikoan matrikulatzeko eskaera egin duten familien %68k jatorria atzerrian dute, eta familien %83k ez dute euskara ezagutzarik. Egoera sozioekonomiko zailean dauden familietako ikasle gehienek Eskola Publikoan eman dute izena. Baina, azken datuak horiek izanda ere, Eusko Jaurlaritzak dio zaurgarritasun indizea soilik %24,39koa dela; eremukoa, berriz, %17,44koa.

Erabat eztabaidagarria den zaurgarritasuna neurtzeko Jaurlaritzaren indizeak dioena dioela, eskuragarri dauden eta kontrastatu daitezkeen datu objektiboek erakusten dute Ordizian desoreka oso handiak daudela. Eusko Jaurlaritzak modu orokorrean hartu dituen neurriak eta orain arte harturiko erabakiak ez dira nahikoak izan Ordiziako desoreka bideratzeko. Gure herrian eta antzeko egoeran dauden herri eta auzoetan premiazkoak dira desoreka hauek modu esanguratsuan gutxitzeko esku-hartze bereziak, ikasleak familien jatorriaren, euskara ezagutzaren edo egoera sozioekonomikoaren baitan modu orekatuan banatuz. Posible den heinean, familien ikastetxea aukeratzeko askatasuna kontuan hartzea komeni da, baina herriko orekaren gainetik jarri gabe. Neurri horiek ezinbestekoak ditugu herriko aniztasuna modu aberasgarrian bizitzeko eta elkarbizitza, berdintasuna, justizia soziala, inklusioa eta euskalduntzea bultzatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari dagokio neurri zehatzak hartzea, eta udalak, alderdi politikoek eta beste eragileek ere lagundu beharko lukete bide horretan. Bestela, desoreka eta tentsioa betikotzea besterik ez dugu lortuko, urteroko matrikulazio lehia eta gatazka eraginez. Ez dugu hori nahi, ez eskola publikoarentzat, ezta Ordiziarentzat ere.

Herriko ikastetxeen egonkortasuna eta ikasleen banaketa orekatuagoa bermatuko duen plana behar dugu. Bada garaia horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.