Horixe esango nioke Lopez lehendakariari, baina legebiltzarkidea naizenez, moduak zaindu behar ditut eta ez dut horrelakorik egingo. Gertaera, joan den astelehenean Euskararen Aholku Batzordearen bileran. Lopez lehendakariaren esanetan, bortizkeria amaitzean, euskalgintzari bide berriak irekiko zaizkio eta euskarak bat egingo du askatasunarekin. Gezurra badirudi ere, horrelaxe esan zuen: «Itxaropenez betetako garaia da gurea. Bortizkeriaren bukaera amets egitera ausartzen gara. Espero dugu laster minbizi hau iraganeko kontua izatea. Horrek bide berriak urratu eta gauzak asko erraztuko dizkio euskalgintzari. Euskarak bat egingo du, behin betikoz, askatasunarekin».
Ez dira arinkeriaz esandako hitzak, ez horixe! Aurrez ondo prestatuak eta, ausartuko nintzateke esatera, gaiztakeria osoz egindako hitzak izan zirela, nahita, planifikatuta. Bestela esango genuke Lopezen beste hanka-sartze bat gehiago izan dela, baina hanka-sartze larria, zitala, gaiztoa, maltzurra. Euskara/indarkeria bikotea horrela aipatzeak badu azpijoko iluna, alajaina!
Indarkeria desagertzen bada, euskalgintzak etorkizun hobea izango omen du. Teoria berrien egile bihurtu zaigu lehendakaria, baina ez dugu ulertzen: indarkeria bukatzean askatasuna eta euskara bat izango direla esaten duenean, zer esan nahi du? Nahi duenak euskaraz egin dezakeela nahi duen tokian, nahiz eta ulertu ez? Euskaraz ez dakiena lasai asko ibili daitekeela Euskal Herrian orain arte bezala eta ez saiatzeko ikasten? Dagoeneko ez direla makrosumarioak irekiko euskaraz lan egiten duten euskalgintzako erakunde eta enpresen kontra? Indarkeria amaitzean euskara ikasteari ekingo diotela ez dakitenek?
Ehunka euskaldun bizi izan da, bizi da eta, uzten badigute, biziko gara, lasai asko, euskara eginez, euskaraz biziz eta, horregatik, ez dugu sekula inolako harremanik izan edozein indarkeria motarekin, ez bada indarkeria horiek eman izan diguten sufrimendua pairatzeko.
Horregatik Lopez jauna, zu eta zure gobernua libre zarete, gure partez, euskara sustatzeko eta indartzeko behar bezalako politika egiteko. Askatasun osoa duzue hizkuntzak behar duen espazio eta arnasa har dezan lan egiteko. Baina ez denbora galdu, mesedez. Erakustokian gauza gehiago duzue-eta, bodegan baino. Dagoeneko ia bi urte bete dituzue Jaurlaritzan eta hitz horiek esan zenituen Euskararen Aholku Batzordeak bi bilera besterik ez ditu egin, bata, aurreko Aholku Batzordea desegiteko eta, bigarrena, berriz, horrelako zentzugabekeriak eta desarrazoiak entzuteko. Horretarako hobe ez bilerarik deitzea. Askatasuna aipatu zenuenez, utz iezadazu gogorarazten Joseba Sarrionandiak aspaldi esan zuena: Euskara da gure territorio libre bakarra.
Euskarako klaseetara piper egiten zenuela adierazi zenuenean ere esan nizun, gutxienez, errespetu apur bat erakutsi beharko zenukeela. Errespetua euskaraz bizi garenekiko. Izan ere, nahiz eta zuretzat hain eroso ez izan, asko baikara hizkuntza komunikatzeko, maitatzeko, haserretzeko, errieta egiteko erabiltzen dugunak. Ez beste edozertarako. Eta hauek guztiak, betiere, askatasunez bota ditut.
Ze askatasun eta ze otxokuarto!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu