Zenbat gara?

2022ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Dagoeneko 55 urte igaro dira 1967ko apirilaren 27an Abel Muniategi Elorzak, Bilboko Somera kaleko 15ean zegoen Zornozana tabernako ahozapi batean, gerora Benito Lertxundik, Orioko bardoak, ezagutarazi zuen kantu baten letra idatzi zuenetik:

Zenbat gera?, lau, bat, hiru, bost, zazpi./ Zer egin degu?, ezerrez,/ zer egiten dugu?, alkar jo,/ zer egingo degu?, alkar hil.

Hori ez, hori ez...

Gure asmoak, esperantzak,/ herria,askatasuna,/ justizia, pakea,/ egia,maitasuna,/ mitoak, hitz hutsak.

Zenbat gera...

Abel, 80 urte beteta dituen laguna, jurista, intelektuala, eruditua, bertsolaria... aipatzeak, bizi den artean omenaldia egitera behartzen nau (normalean pertsona bati hiltzen denean egiten zaio), hain zuzen ere, bere testu egoki eta bisionarioaren edukia aztertzeko.

Diktadura bete-betean, gazte asko pixkanaka konpromisoak hartzen joan ziren Euskadi jasaten ari zen errepresioaren eta alderdi historikoen (eta erbesteko Eusko Jaurlaritzaren) epeltasunaren eta erantzunik ezaren aurrean, eta beste hainbat talderen artean ETAren (Euskadi ta Askatasuna) proiektua kaleratu zen. Zalantzarik gabe, gerraostearen ondorioetatik distantzia hartuta baina konpromiso militante batekin egin zuten, eta horrek berekin ekarri zuen hurrengo urteetan haietako asko eta asko auzipetzea eta kondenatzea epaitegi militarrek (Burgosko epaiketa, 13/1969 sumarioa), eta, gero, TOP Ordena Publikoko Epaitegi izenekoak (Madrilgo Auzitegi Nazionaleko bi salen aurrekaria izan zena, eta Euskadin bakarrik 1.759 pertsona auzipetu eta/edo epaitu zizkigun 1963-1977 artean).

Ozenki eta garbi esan behar da ETAren sorrerak, zenbaiten ustez, ez duela zerikusirik gero hartu zuen bidearekin.

Berez, jarraitu beharreko bideari buruzko barneko eztabaidek haustura ideologikoak eta politikoak ekarri zituzten, eta horien ondorioz talde independenteak sortu ziren: ETA m, ETA pm, ETA VI. Biltzarra, (mayoak eta minoak), eta abar.

Nire asmoa ez da V. Biltzarraz geroztik izandako gertaerak baloratzea (ez daukat horretarako aginterik); hori egitea Gipuzkoan, Gazteluko elizan, eta handik kanpora egindako eztabaidetan parte hartu zuten eta lehenengo lerroan egon zirenei dagokie, modu objektiboan eta kritikoan.

Bertsoaren hitzetara itzuliz (nire ustez, garrantzi handikoak dira ikuspegi historikotik eta historiografikotik), bertso hori eztabaida bizi haien testuinguruan idatzi zen, Txabi Etxebarrieta oraindik bizi zela (ETAko lehenengo hildakoa izan zen: Tolosako Benta Haundi auzoan hil zuten, Guardia Zibilarekin Adunan izandako eta Pardines agentea hil zuteneko enfrentamenduaren ostean).

Zer helarazi nahi du, nire ustez, gerora oso ezaguna izan den eta gaur, 55 urteren ondoren, indar betean jarraitzen duen bertsoaren letrak? Bada, euskaldunok ezin dugula liskarrean ibili, ezin garela sesioan ibili, gure eskubide indibidualak eta kolektiboak defendatzean.

Urte asko igaro ditugu elkar jo eta elkar hil horretan, zerbait ikasteko nahikoa eta gehiegi.

Egungo gizarteak, komunikabideen, sare sozialen, mass media delakoen mende dagoen gizarteak, ezin du jarraitu, ez du jarraitu behar, lubakiak egiten alderdien arteko trukeko txanpon izan behar ez duten gaien artean eta aurrean.

Hemendik bi egunetara, hain justu, Aberri Eguna ospatuko dugu. Eta nola? Alderdi bakoitzak berea, «nire postulatuak» berresteko? 2022 honetan ezinezkoa izango da, baina inoiz, berandu izan baino lehen, izango al gara «Zer egingo dugu, elkarrekin» berresteko gai?

Hori ez diogu Abel Muniategiren bertsoari zor, euskaldun guztiok geure buruari zor diogu, eta, are gehiago, bi urte luze iraun dituen pandemiaren ondoren eta, orain, Errusiako Federazioko erakundeak Ukrainan sartu ostean, eta geopolitikan, orain arte ezagutu izan dugun nazioarteko zuzenbideko arauetan eta Europako Batasuneko 240 euroeskualdeetako bat —horietako batzuk estaturik gabeko nazioak— izatearen testuinguruan izandako hainbat eta hainbat paradigma-aldaketen erdian, zeinak, herri txiki gisa, planteamendu berriak egitera behartzen gaituzten.

Hain zaila da lau printzipiotan ados jartzea: Europako Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna; Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala; Herrien Autodeterminazioa, arau partekatuen esparruan; Justizia Soziala, Ongizate Estatua, gizarte-egoera ahulenean daudenetatik hasita; Internazionalismo solidarioa. Azken batean, letra txikia, elkarrizketaren eta akordioaren bidez eta beharrezko gehiengoetan oinarrituta, gure erakundeetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.