Euskaltzalea

Zer gara gu?

J.J. Agirre
2024ko apirilaren 18a
05:00
Entzun

Herria, nazioa eta gizartea ez dira gauza bera. Hizkuntza, kultura, historia, ohiturak... partekatzen dituen herritarren multzoa litzateke herria. Herri horren antolamendu politikoa, edo politikoki antolatzeko proiektua partekatzen dutenen erkidegoa dateke nazioa.

Gizartea, zuzenean edo zeharka lur eremu jakin batean elkarreragin iraunkorrean diharduen gizabanakoen multzoa, normalean egitura politiko jakin baten menpe, baina herri edo nazio ezberdinak bil ditzakeena bere baitan. Euskal Herriko gizarteak, edo gizarteek (egun nekez esan dezakegu mugaz bi aldeetako gizataldeek gizarte bakar bat osatzen dutela), adibidez, nazio ezberdinak biltzen dituzte bere baitan: euskal nazioa, espainiarra eta frantsesa, gutxienez.

«Euskal Herria» adiera, abertzaletasuna sortu baino mendeak lehenagokoa da, eta kultur ezaugarri jakinak gutxi-asko partekatzen dituen lurralde jakin bati egiten dio men, muga politiko-administratiboak zein ziren edo diren ere.

1571koa da Euskal Herria adieraren gorde den lehen testigantza idatzia, Joanes Leizarraga idazle lapurtarraren eskutik, honako pasartean besteren artean: «Heuscal-herrian gaztetassunaren iracasteco carguä dutenér eta goitico guciér, I. Leiçarraga Berascoizcoac». Garai bertsukoa da Perez de Lazarraga arabarraren aipu hau ere: «çeñetan ditut eçautu eusquel erriau oy nola eben erregue batec pobladu», besteak beste.

Hara non, XVI. mendean, lapurtarra bata, arabarra bestea, Euskal Herriaz mintzo biak ala biak... Eta XVII. mendean, Pedro de Axular nafarrak pasarte ezagun hau utzi zigun: «Ceren anhitz moldez eta differentqui minçatcen baitira euscal herrian, Naffarroa garayan, Naffarroa beherean, Çuberoan, Lappurdin, Bizcayan, Guipuzcoan, Alaba-herrian eta bertce anhitz leccutan». Euskal Herria zer zen hizki handiagoz idatz zezakeen akaso, baina argiago nekez. Larramendi gipuzkoarrak 1745ean, «Al Bascongado generalmente llamamos Euscalduna, y a todos los paises en que se habla el Bascuence, Euscalerria». Eta horrela jarrai genezake, aiputik aipura gaurdaino. Lehen «abertzalearen» arrastorik ere ez zen artean.

Axularrek euskara Euskal Herriaren eremu osoan kokatu bazuen, Larramendik argi eta garbi lotzen ditu euskara eta euskalduna, euskara eta Euskal Herria, beraz, ematen du ez dugula ezer asmatu XX. mendetik aurrerako abertzale koitaduok, askoz lehenagotik zetorrela bien arteko loturaren ideia. Horrenbestez, guztiz zuzena dirudi Euskal Herriari «euskararen herria» deitzea, nire uste apalean, Euskal Herrian hainbat hizkuntza hitz egiten badira ere. Beti izan baita horrela, guk dakigun arte (inguruko herrialdeetan bezalaxe, esan gabe doa), euskaraz gain, latina, erromantzeak, gaskoia, gaztelera eta frantsesa gero... hedapen handiko hizkuntzak izan dira Euskal Herrian, okupazio militarra tarteko gehienetan. Baina oraintsura arte, beste hizkuntza horiek etorri bezala gerora desagertu diren bitartean, Euskal Herrian euskara beti hitz egin da, gero eta eremu txikiagoan bada ere, gaurdaino. Euskara da Euskal Herriko jatorrizko eta berezko hizkuntza, ez abertzaleok hori erabaki dugulako, mendeak eta mendeak aurretik ere, dakigun arte horrela izan delako baizik.

Espainiera eta frantsesa Euskal Herriko hizkuntzak dira? Eta Euskal Herriko hizkuntzak badira, zergatik inposatu dizkigute armen, legeen, erbesteratze masiboen eta okupazio bitartez?

Espainiak, Frantziak eta euren sukurtsal eta ordezkariek euskara ordezkatzeko erabiltzen dituzten gaztelera eta frantsesa... «gureak» dira?

Gutako askoren gurasoek, aitona-amonek eta horien aurrekoek bortxaz, zigorpean, seinalatuta eta jazarrita ikasi behar izan zituzten estatu zapaltzaileen hizkuntzak «gureak» dira?

Oso guretasun bitxia iruditzen zait. Ez da izango menpekotasunari «irekitasun» eta «pluraltasun» deitzen hasi zaizkiola gure arteko batzuk ere?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.