Zeinek ez ditu gogoratzen umetan erakusten zizkiguten esanahi bikoitzeko irudiak? Lehenengo begi kolpean irudi bat ikusi, baina segundo batzuk begira geldituz gero beste bat ikustera eramaten gintuzten horiek. Adineko emakume baten aurpegia baino alboz dagoen neska gazte baten bizkarraldea agerian uzten duena, edota ardo kopa hasieran baina aurrez aurre dauden bi aurpegiren soslaiak erakusten dituena gero, esaterako. Bada, gure herriko zerbitzu publikoekin antzeko zerbait gertatzen zaigulakoan gaude.
Gure herrian eskaintzen diren zerbitzu publikoak bere kalitate onagatik ezagunak egin dira azken urte luzeetan. Bere gain hartu dute eginkizun hori arduradun politikoek, irakurketa abegikor hori behin eta berriro salduz. Gauza jakinak dira onaren eta txarraren arteko aldea egiten den alderaketaren araberakoa izaten dela eta balorazio baikor horiek egiterakoan Estatuko gainontzeko erkidegoetako zerbitzu publikoen egoerari gehiago erreparatzen zaiola, guretzat erreferentziazko beharko luketen herrialdeetakoei baino. Ez da artikulu honen asmoa gure arduradun politikoen mediokretasuna agerian uzten duen baloraziorako eskala honen azterketan sakontzea. Are gutxiago, gurean milaka langile publikoek egunerokoan herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzu publikoak hobetzeko ahalegin miresgarria egiten dutenean.
Instantzia ofizialetatik zabaldutako mezu baikor hau, bigarren mezu bati lotuta plazaratu dute; langile publikoen egoera pribilegiatuaren ingurukoa, hain zuzen ere. Erreforma ezberdinek lan merkatua oihanaren legeak arautua utzi duten honetan, langile publikoen kolektiboa soldata on, lanpostu egonkor eta lan gutxiko lanpostuak dituztenaren topikoekin jantzi nahi izan da. Joera hori ez da berria, 80ko hamarkada Tatcherren edo Reagenen administrazioek eremu publikoa desarautzeko hartutako neurri neoliberalak bezain zaharra da. Baina urteetan jendartea zirimiria bezala bustiz joan diren uste horiek zegokien funtzioa bete dute azken hamarkadotako krisi ekonomiko larriena gainera etorri zaigunean, langile publikoen kolektiboaren aurkako neurri zorrotzei zilegiztatze soziala erantsi nahian.
Baina Ruperren abestiak esaten zuen bezala, zerbitzu publikoetan ere hautsi zaigu anfora. Horren inguruko hainbat mito erortzen hasiak dira; garai batean begi bistan azaltzen zitzaizkigun zerbitzu miresgarri horien aurrean, hasieran ikusi ez baina hor zegoen bestelako irudi bat azaltzen hasi zaigu orain. Langileen behin-behinekotasun tasak maila historikoetan daude, Osakidetzaren moduko sektoreetan %35etik gora kokatuz; lanaldi partzialak ugaldu egin dira, hilabete bukaeran 1.200 euroko gutxieneko soldata duinera iristen ez diren diru sarreren jasotzaileak areagotuz; hilabetean dozenatik gora kontratu sinatu dituzten langileak ere ez dira gutxi, egun edota ordu gutxitarako lan eskaintza onartu eta hurrengoa noiz iritsiko telefonoaren zain geldituz. Hainbat kasutan, lanaldi murriztu horiek betetzeko egunero ehunka kilometro egin behar dituenik ere bada, irakaskuntzako zerrenda publikoen kasua larrienetakoa izanik. Gure adineko edo gaixoen arretara dedikatzen diren emakume asko 800 eurotik beherako soldatekin ordaindutako jardun osoko lanpostuetan esklabizatuak daude; eta abar luze bat.
Agerian gelditzen zaigun errealitate zaharberritu honen aurrean, batzuek zerbitzu publikoek osatzen duten esanahi bikoitzeko irudi honen lehenengo bertsioa ikusarazten jarraitu nahi dute; zerbitzuen kalitate goren eta bertako langile pribilegiatuen egoera nabarmendu nahi duena. Baina, esan ohi den bezala, errealitatea tematia da, eta batzuek nahi dutenaren kontra ere, behin eta berriro azaleratzen zaigu; orain inoiz baino gordinago, gainera. Azken garaiotan hainbat administrazio egiten ari diren Lan Eskaintza Publikoek, hainbat kasutan, behin-behinekotasun tasak %25etik gora betikotzeko baino ez dutela balioko ezin ezkutatu; aurrekontuetan zerbitzu publikoetarako diru sail gisa saltzen diren ustezko diru kopuru astronomiko horiek administrazio paralelo bat osatzen duten azpikontratetako arduradun adiskideen poltsikoak betetzen jarraitu eta kontratetako langileen miseria iraunarazteko baino balio ez dutela ezin estali; antzinatasunagatik langileei zegozkien librantza egunak kendu ondoren, horietako batzuk berreskuratzea langile publikoen aldeko neurri izar gisa agertu nahi izatea, demagogia ariketa itzela izateaz gain, behar dugun sektore publikoaren gainean gure arduradun politikoek duten ikusmira faltaren erakusle nabarmena da.
Urteetan Edeneko lorategi gisa saldu nahi izan diguten sektore publikoak bestelako aurpegia erakusten digu orain. Azpikontratazioa, soldata eskala ezberdinak, behin-behinekotasuna, jardunaldi partzialak... hitz bitan, prekarizazioa nagusitu da. Baina hori ez da gutxi batzuen arazoa, errealitatearen bazterrean dagoen zerbait; normalizatu nahi duten anormaltasuna baizik. Horregatik, esanahi biko egoera honetan ezkutuan utzi nahi dutena agerian uztera goaz. Zerbitzu publikoetan ere, oro ez delako urre!
Zerbitzu publikoetan oro ez da urre
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu