Zergatik ez dugu baldintzarik gabeko errenta oinarrizkorik?

2016ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Batzuk duela hainbat urte hasi ginen defendatzen Diru Sarrera Gutxienekoak Bermatzeko Sistema bat, pertsona ororen eskubide oinarrizkoak betetzea ekarriko duena —jana, jantziak, bizilekua, eta duin bizi ahal izateko gastu ezinbestekoak—, zeinak jasoak baitaude hala Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean nola Europaren eremuko eta estaturik gehienetako konstituzio ordenamenduetako eskubideen aldarrikapenean; eta, orain, geure buruari galdetzen diogu ea zerk eta zeintzuek egiten duten bideraezin baldintzarik gabeko Errenta Oinarrizko baten proposamena gauzatu ahal izatea.

Gogoeta hau egitean, ziurtzat jotzen dugu halako neurri bat aplikatzeari buruzko proposamenen bideragarritasunean ez dutela zerikusirik honako kontu hauek: finantzabide arazoak; haren administrazio kudeaketari buruzko zailtasunak; herritarren klase batek omen dituen arrisku funtsik gabekoak —hau da, lanik egin gabe eta errenta bat kobratuz bizitzea nahiago izatea— baldintza prekarioetan biziz irauteko. Eta ez du zerikusirik, behin eta berriz esan izan den bezala, hura aplikatzeak «gaitzespen soziala» ekar dezakeelako kontuarekin —batzuek diote herritarren gogoz kontrako neurri bihur litekeela eta, ondorioz, zilegizkotasuna kendu halakorik ezarri nahi duten alderdi eta erakundeei—.

Ustezko zailtasun horiek, zeinak alibi gisa ere erabiltzen baitira, nahikoa eta gehiegi ikertuak eta gaitzetsiak izan dira, eta neurri bideragarria dela erakutsi da.

Jarraian, hiru arrazoi besterik ez dugu aipatuko, hura ez dela bideragarri erakusten duten arrazoi nagusitzat dauzkagun hainbaten artean.

Lehenik, aldatu egin beharko litzateke gizarte politikaren eredua: gizarte politikek herritar guztiak izan beharko lituzkete xede; horrez gainera, herritar eskubidea pertsona guztiengana hedatu beharko litzateke, eta, hala, unibertsal izan beharko luke. Bigarrenik, aldatu egin beharko litzateke subjektu eskubidedun kontzeptua, zeinaren bidez taxutzen baitira pobrezia egoeren inguruko diagnosiak eta erantzunak. Pertsonak izan beharko luke subjektu eskubidedun, eta ez familia eta bizikidetza unitateak edota etxeak.

Gure zuzenbide moderno burges honetan, norbanakoarenak dira betebeharrak eta eskubideak, eta, hala ere, ez soilik baina batik bat gizarte eskubideak baliatzeari dagokionez, subjektu eskubidedun gisa hartzen da familia, zeina, —esaterako, gazte langabeen— pobrezia ezkutatzeko oso baliagarria ez ezik, zuzenbide kanonikoaren oroigarri ere bai baita —zuzenbide modernoaren inspirazio iturri joria, bestalde—, eta Kristau Demokraziaren gotorleku, zeinak urteetan gobernatu izan baitu Euskal Herrian eta zeinetako kide baitira Mendebaldeko estatuetan gobernatzen duten alderdi hegemonikoak. Alderdi horiexek aldeztu izan dituzte, hain zuzen ere, bestelako gizarte politika batzuk —birbanaketa baldintzapekoa, ongintza bidezkoa, klase arriskutsuak kontrolatzekoa, eta abar—, eta haien politika aldatzen denean aldatuko da Oinarrizko Errentako subjektu eskubideduna.

Hortaz, bada, norbanakoena izatea funtsezkoa da behingoz ez dezagun erabil etxea toki jakin gisa, non pobretze eta langabezia egoeretan modu informalean banatzen baita errenta, non batik bat emakumeek egiten baitituzte lan indar emankorra zaintzeko premiazkoak diren etxeko lanak, bai eta arbasoak zein ondorengoak eta gaixo dauden edo disfuntzionaltasunak dituzten pertsonak zaintzeko lanak ere, dohainik, eta trukean inolako aitorpenik eta ordainsaririk jaso gaberik.

Pertsonak beharko luke izan laguntzen subjektu eskubidedun; hartara, ez litzateke ezkutatuko etxe barruko pobrezia. Halakoak ezkutatzeak eragin egiten die esklabo gisa etxeko lanetan diharduten emakumeei eta inolako emantzipazio ahalbiderik ez dutelako familian dirauten gazterik gehienei. Langabezia eta hura prekario bihurtu izanak sortuak dira halako egoerak, eta enpresa zein finantza estrategia arrakastatsu baten emaitza ere badira, zeinak krisi bat asmatu baitzuen ekoizpen kostuak murrizteko eta irabaziak areagotzeko soldatak jaitsiz eta behin-behinekotasuna baliatuz, administrazioak besteak beste lan alorrean eta gizarte segurantzan ezarritako murrizketa politiken babesarekin eta laguntzarekin. Eta halakoetako protagonistak izan dira, eta dira, inolaz ere onartzen ez duten horiexek norbanakoen eskubide bat dela errenta oinarrizkoa.

Hirugarrenik, aldatu egin beharko litzateke diskurtso mediatiko gailena, eta halako neurrien aldeko iritzi publikoa sortu, bestelako auzi batzuetan egiten den moduan.

Halako iritzi enpresa edo fabrikek, pribatu edo administrazioaren kontrolpeko publikoak izanik ere, badute azken helburu bat, ez dezagun ahantz: irabaziak lortzea publizitatea eta banalizazioa baliatuz, eta jende gehienarengan hainbat ideia sortuz: badela gazte jende alfer eta biziotsu bat, laguntzak gehiegikeriaz baliatzen direla, kanpotarrek kobratzen dituztela, eta beste hainbat mezu demagogiko eta funtsik gabeko; bestelako auzi batzuk ez aipatzearren, hala nola erreproduzitu egiten dutela zaintzaile gisako emakumearen irudi eta rola, zeinak sekulako ekarpena egiten baitio emakumeen nortasun ablazioari.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.