Zergatik ezetza Mutiloako zabortegi berriari?

Aratz Igartzabal
2016ko abenduaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak irailaren bukaeran jakinarazi zuen Cespa enpresak Mutiloan daukan Lurpe isurtegira eramango dutela, 2017tik aurrera, Gipuzkoako zaborren zati handiena; hau da, urtean 102.000 tona zabor, hiru urtez, Zubietako erraustegia eraiki arte.

Erabaki horrek kezka eta haserrea sortu du biztanle askorengan: zabortegiak ixten ari diren garaian -San Marko, Urteta, Sasieta eta Lapatx itxi dira- zabortegi berri bat ireki behar da Gipuzkoan?

Zabortegi berria, bai; izan ere, Mutiloako isurtegiak hondakin industrial geldoak besterik ez du jaso orain arte, ez hiri hondakin solido edo zaborrik.

Mutiloako Lurpek «ingurumen baimen guztiak dituela» diote agintariek, baina beste lege arau batzuk ere bete behar dira, eta Mutiloako udalak salatu duenez, ondoko hauek ez ditu betetzen: Mutiloako udalaren hiri-plangintzako arau subsidiarioak eta zabortegia ustiatzen duen Cespa-ren eta udalaren arteko hitzarmena; gainera, jarduera-baimen berria beharko luke isurtegiak hiri hondakinak jasotzekotan.

Ez Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioa, ezta Aldundia ere, ez zirenharremanetan jarri Mutiloa, Ormaiztegi eta Gabiriako udalekin beren iritzia zein den galdetzeko, edo hedabideetara albistea bidali aurretik erabakia jakinarazteko, edo goian aipatutako baimenei buruzko kontsulta egiteko.

Eta hori erabakiak, Goierri osoan ez ezik, bereziki hiru herrietan izango duen eragina begi bistakoa denean. Hau da, Mutiloako Bide Berdean, Gabiriako lautada zabalean eta Ormaiztegiko herrigunean eragingo dituen kalteak. Hasteko, dagoeneko jasanezina den trafiko astuna areagotu egingo da Ormaiztegiko herrigunean.

Argi dago Gipuzkoak arazo larria daukala zaborrarekin: gaur egun herrialdean ez dago inolako instalaziorik birziklatzen ez diren hondakinak tratatzeko. Urtean 165.000 tona inguru errefusa sortzen dira Gipuzkoan: 232 kilo biztanleko, eta, beraz, 19 kilo biztanleko hilabetean. Kantabriara eramaten da gehiena, baina, hori egitea garestia dela eta, Mutiloako irtenbidea hautatu dute Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak eta Aldundiak.

Arduradunek komunikabideetan Goierrik Gipuzkoari eskaini beharreko solidaritatea aipatu dute, baina ze solidaritate mota da hau? Birziklatzea era egokian egiten den eskualde bateko biztanleok askoz okerrago egiten dutenen ondorioak pairatu behar ditugu, gure bailaran zabortegi berri bat abian jarrita?

Izan ere, datuek hauxe diote: zabortegiak zuzenean kalte egingo liekeen hiru herrietako biztanle bakoitzak —hau da, Mutiloa, Ormaiztegi eta Gabiriako biztanle bakoitzak- batez beste 5,8 kilo errefusa sortzen du hilabeteko. Gipuzkoa osora hartuta -esan dugu- biztanle bakoitzak 19 kilo. Hau da, gu baino askoz ahalegin txikiagoa egiten dutenek eragindako arazoaren ondorioak jasan beharko ditugu Goierrin.

Goierri BirZirik plataformak inguruko udaletan mozio bat bultzatu du, eta hor konpromiso hauxe hartzen dute udalek: errefusari gehienez 5,8 kiloko mugan eustea, hilabetean eta pertsonako, eta horretarako bilketa sistema aproposa ziurtatzea.

Neurri hori Gipuzkoa guztian ezarriz gero, urtero sortzen den errefusa kopurua 165.000 tonatik 50.000 tonara jaitsiko litzateke. Eta datua oraindik hobetu daiteke. Mozioak dio alderdi politiko ezberdinen arteko akordioa gauzatzeko ahaleginak egingo direla, eta horrela, mezu bateratu bakarra helaraziko zaiela herritarrei; mezu hauxe, hain zuzen ere: etxeetako hondakinak behar bezala sailkatzea derrigorrezkoa da. Izan ere, gehiago eta hobeto birziklatu behar da, errefusa gutxitzeko.

Goierri BirZirik plataformak, Gabirian, Mutiloan eta Ormaiztegin sortu den atsekabe eta haserreari bidea emanez, hauxe adierazi nahi die erakunde eta alderdi politikoei: herritarrei kalte egiten dien erabakia bertan behera utzi, eta konponbide partekatu, arduratsu eta azkarraren alde lan egiteko garaia dela.

Honegatik guztiagatik, igandean, abenduaren 18an, manifestazioa egingo dugu, 12:00etan Ormaiztegiko plazatik abiatu, eta Lurpe isurtegiaren ateraino. Goierritar guztiak gonbidatuta zaudete. Hori bai, berdez jantzita joatea eta esku artean trapu berde bat eramatea eskatzen dizuegu, gure aldarrikapenaren kolorea hori baita. Goiburua berriz, hauxe: Birziklapenaren alde, Mutiloara zaborrik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.