Zertarako Zubietako kartzela?

2011ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Moralaren kontrakoa» izango litzateke espetxea eta errauste planta leku berean egitea. Odon Elorza (2006).

Hasi ziren Zubietan errauste planta egiteko lanak, herri eder hura eta hango txoko natural paregabeak suntsituko dituen proiektu sortaren barruan. Orain, berriz, beste egitasmo bati ere ekin diote, eta hura, gure ustez, oraindik ere ikaragarriagoa, anakronikoagoa eta makabroagoa da: «kartzelatzar bat» egingo dute, zentro eredu eufemismoa erabiliz izendatzen dutena, errauste plantatik ehun metrora, eta 504 zigor gela izango ditu, bi ohatzekoak gehienak, eta 1.000 lagunentzako baino gehiagorentzako lekua izango du, espetxeratu kopurua handituko lukeen pilaketetako indize zuzentzailea aplikatu gabe hori. Ekin diote lanari, bada, baina ez dute kontuan hartu bi azpiegitura horiek elkarren ondoan egonda zer-nolako ondorioak izango diren espetxean zigorra beteko dutenen osasunean eta han lan egingo duten langileenean.

Kartzelatzar horrek —edo, nahiago baduzue, kartzela kolonia edo kartzela herri horrek, orain esaten dieten moduan—, ezinbestean, preso daudenei gizatasuna kentzea ekarriko du eta gogorkeria giroa eta segurtasun falta bultzatuko ditu. Pertsonak errausteko labe bat eraikitzea esan nahi du azkenean, eta, egin berri dituzten kartzeletan gertatzen den moduan, han pilatu, abandonatu eta erreko dituzte eta etsipenean hondoratuko dituzte, gizarteko zaborra balira bezala, askatasuna kendutako eta ahanzturaren zulora botatako ehunka lagun.

2006ko otsailaren 23an, kartzela erraldoiak kentzeari buruzko legez besteko proposamen bat onartu zuen Eusko Legebiltzarreko gehiengoak (08/11/02/01/0120). Hor, laugarren atalean, hauxe eskatzen dio Espetxezaintzako Zuzendaritza Nagusiari: utz diezaiola EAEn Zubietarako pentsatutakoaren gisako zentro ereduak eraikitzeari eta bizkortu dezala lurralde historiko bakoitzean Gizarteratze Zentroak zabaltzeko lana. Horrek, legeak kontuan dituen kartzelaz besteko tratamendu programetan inbertitzearekin batera, lagundu egingo luke oraingo espetxeetako egoera arintzen eta zaharkituta dauden horiek ixten, noiz edo noiz espetxeetako agintariek aitortu duten bezala.

Ez Donostian, ez Gipuzkoan, ez Euskadin, ez munduko inongo tokitan ere ez da behar halako kartzelarik. Kontrakoa sinetsarazi nahi digute, ordea, Euskal Herriko kartzela zaharkituetan preso daudenak zein egoera penagarritan dauzkaten gogorarazita; zertarako, eta interes inmobiliario eta espekulatiboei lotutako azpiegitura proiektuak aurrera eramateko bakarrik, nahiz eta interes horiek inongo zerikusirik ez duten oraingo kartzela sistema gizatiarrago egiteko eta zuzenbidera egokitzeko beharrarekin.

Gutxi gorabehera, Gipuzkoako edo Gipuzkoan errotutako 600 lagun ari dira kartzelaren batean zigorra betetzen. Haietatik gehien-gehienek lurralde horretatik kanpo beteko dute gerora ere zigorra, sakabanatze politika berezia dela medio eta kartzela berrian izango diren lekuak ez direlako bat etorriko presoen ezaugarriekin. Hala, zigortutako gipuzkoar gehienek jaioterritik urrun beteko dute zigorra, eta Zubietako kartzelan edukiko dituztenak, mila eta gehiago, kanpokoak izango dira, jaioterritik ateratakoak horiek ere. Hortaz, Gipuzkoak ez du behar kartzelatzarrik, eta zigortutakoak zigorra betetzeko espezializatu gabeko zentro edo zerbitzu bakar batean biltzea, are gutxiago. Behar izatekotan, zigorra betetzeko zentro edo zerbitzu txiki eta espezializatuak beharko lituzke. Bidegabea da halako tamainako kartzelatzarrak egitea.

EAEk baditu zenbait eskuduntza delituei aurrea hartzeko eta haiek borrokatzeko arloan, polizia autonomoak hala baititu, eta, hala ere, delituen kontra lan egiteko modua beti bat da Poliziak jazarritakoei dagokienez, hark zaintzen dituen lekuei dagokienez, hark lehenik babesten dituen ondasunei dagokienez, eta abar. Ezinbestekoa da delituak selektiboki borrokatzeko politika horiek ondo berraztertzea, zigorrak betetzeko zein sistema behar dugun jakiteko. Gizarte eredu berriak sortzeko orduan, hauxe dugu erronka handienetako bat: nola gelditu zigortzeko politika horiek, zuzenbide garantista deuseztatu eta zigorretan salbuespen egoera ekarri nahi dutenak aurkariaren zigor zuzenbideko doktrinaren bidez, ia delitu mota guztietan zigorrak handituz, kartzelako eskubideak murriztuz, kartzeletan leku gehiago eginez eta abar. Kontua da nola sortu, orain arteko eskarmentuan oinarrituta, zigortzeko eredu bat non inor preso sartzea salbuespenezko neurria izango den eta gainerako zigor neurriak, orientazio sozialekoak, araua izango diren eta, hala, kartzelaren neurria pixkanaka baztertuko den.

Kontua, azken batean, kartzeletan preso gutxiago izatea da, eta horretarako politika bat antolatzea, eta ez kartzeletan leku gehiago egitea. Jarraibide hori ez da guk asmatua: Barne ministroek eta Justizia ministroek Europako Batasunean erabakitakoa da, orain dela 30 urte baino gehiago. Atxilotuak eta presoak tratatzeko orduan kontuan hartu beharreko printzipioak eta arauak proposatu zituzten orduan: delitua sozialki kontrolatzeko bitarteko gisa zigor sistemari atxikitako funtzioak erlatibizatzea, gehiegikeriak debekatzeko printzipioa errespetatzea, gutxieneko esku hartzea izateko printzipioa errespetatzeko beharra izatea eta kartzelaren ordezko neurriek eta kartzelak zabaltzeak herritarren babes orokorra ez dutela gutxitzen sinestea.

Printzipio eta gomendio horiek erakusten dute zigortzeko beste sistema bat behar dela eta sistema horrek lehentasuna eman behar diela zigorrak betetzeko orduan dauden kontrol mekanismoei eta zigorra betetzeko orduan kartzelak izan duen garrantzi zentrala behin betiko gutxitzeari, beste politika batzuk eta kartzelaz besteko programak asmatuz, zeinek ez duten askatasuna murriztuko eta pertsonak hezteko, gizarteratzeko, laguntzeko, lanerako prestatzeko, etxeratzeko eta adiskidetzeko balioko duten eta biktimari eta delitugileari protagonismo berezia eta erabakigarria emango dieten, gatazkak konpontzeko orduan bide zibiletik jotzeko, orain bezala zigorraren bidetik jo beharrean.

Burutik sano ez daudenak, harroak eta ezjakinak bakarrik egon daitezke Zubietan zaborra errausteko planta baten ondoan pertsonak giza hondakinak balira bezala errausteko labe handi bat egitearen alde hemen azaldutako erronka eta eztabaidei eta beste batzuei aurrez heldu gabe, non eta ez dituzten beste interes batzuk proiektu hauetan eta nahita isildu egiten dituzten, edo non eta ez daukaten bakarrik agindutzat bizikidetza eta bake soziala hobetzeko borroka, gizarte damutu, bidegabe eta berdintasunik gabeko baten aldeko beren apustu praktikoa ez erakusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.