Zine gehiago, mesedez

2023ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Parisen jaiotako zazpigarren arteari gorazarre eginez,Cine, cine, cine... más cine, por favor. Que todala vida es cine, y los sueños cine son, halaxe kantatzen zuen Luis Eduardo Autek. Bizialdia zinea baita, eta ametsak zinea direlako. Horregatik da hain garrantzitsua zinea euskararentzat, eta baita euskara zinearentzat ere.

Asko poztu gaituen albistea eman du aurten Donostiako Nazioarteko 71. Zinemaldiak. Kursaalaren kubo nagusian proiektatuko dituzten Sail Ofizialeko film guztiek euskarazko azpidatziak izango dituzte; lehen aldiz. Oso pozik hartu dugu albistea, baina, denbora asko generaman zain, era berean.

Albiste horrekin batera, streaming plataforma baten iragarpena ere egin du ETBk: Primeran izenekoa. Bertan, arduradunek azaldu dutenez, Euskal Herriko ekoizpenak eta nazioartekoak jarriko dituzte eskura, euskaraz. Gainera, Donostiako Zinemaldian parte hartu duten euskal filmei eskainitako atal bat izango du.

Kultura gutxituek beren hizkuntza, hizkera eta kontakizunak behar dituzte. Horiek horrela, hizkuntza eta kultura gutxituarentzat zinemak eta ikus-entzunezkoek berealdiko garrantzia dute, eta berariazko politikak behar dituzte. Gaur egun aisialdian dauden kontsumo ohiturak aztertzen baditugu, konturatuko gara gero eta garrantzi handiagoa dutela zinemak eta ikus-entzunezkoek euskararen erabileran eta normalizazioan.

Datuen argitan:plataformatan eta nahieran

Euskal Hedabideen Behategiak euskarazko ikus-entzunezkoen egungo produkzioa aztertu du, eta emaitzak argitaratu ditu 2022ko urtekarian. Bertan aipatzen denez, ikus-entzunezkoen testuingurua izugarri aldatu da azken urteotan. Internetek, sare sozialek eta streaming plataformek hankaz gora jarri dituzte kontsumo ohitura tradizionalak. Egun, munduko produkzio gehienak ditugu eskura, eta nahi duguna kontsumi dezakegu nonahi eta noiznahi.

Hedabide nagusiak Internet eta telebista dira. Halere, bigarrenak ez du garai batean zuen eragina eta audientzia. Zineak, irratiak, aldizkariek eta egunkariek behera egin dute. Datuak ikusita, Internet da etorkizuna, eta bertan daude azken urteetan hainbeste zabaldu diren streaming plataformak.

Horiek horrela, egun, Hego Euskal herrian bi lagunetik bat da VOD (Video on Demand) plataforma bateko harpideduna —gazteen kasuan hamarretik ia zortzi—, Neftlix nagusi delarik. Iparraldeko daturik ez dugu, baina joerak antzekoak direla pentsatzekoa da.

Gazteen ohiturei erreparatuz gero, astean 3-5 aldiz edo maizago erabiltzen dituzte plataforma horiek. Audioaren hizkuntzari dagokionez, gaztelaniaz kontsumitu ohi dute nagusiki (%67). Ondoren, laurdena pasa ingelesez (%26,5). Euskaraz ikusten dutenak %0,7 dira.

Legeria dela eta, Espainiako ikus-entzunezkoen legea onartu zen 2022an eta horrek streaming plataformei zein telebistei betebehar batzuk ezartzen zizkien. Ondorioz, plataforma garrantzitsu batzuk hasi dira eduki batzuk euskaraz bikoiztuta eta batez ere azpidatzita ematen.

Euskararen eszenatokia

Euskarazko ekoizpena gorantz doa, aniztasuna da nagusi eta genero ugari jorratzen dira. Kimuak programaren emaitzak agertzen ari direla ikus dezakegu. Zinemagintzan euskaraz naturaltasunez diharduten zuzendari, gidoigile, aktore eta ekoizleen belaunaldia iritsi da.

Egiteko asko dago, ordea. Plataformatan eta telebistatan euskarak zer leku duen aztertu du Pantailak Euskaraz elkarteak. 50 telebista katetik hiru dira euskaraz (ETB1, ETB3 eta Hamaika Telebista), eta eskualde batzuetan tokiko telebistak ere bai. Zinemetan 700 inguru ekoizpenetik bost-hamar dira euskaraz. Streaming plataformetan 26.000 edukien artean euskaraz ehun inguru dira (ez da iristen %0,1era)... Laburtuz, esan genezake euskarazko edukiak gutxi direla eta galduta geratzen direla.

Gogoeta horretatik abiatuta, egoera iraultzeko hamar aldarrikapen nagusi landu dituzte ikus-entzunezkoetako eta euskalgintzako hainbat eragilerekin elkarlanean, eta aurkeztuta daude Eusko Legebiltzarrean, hala nola: Euskarazko ikus-entzunezkoen finantzaketa handitzea; EITB hizkuntzaren normalkuntzarako tresna bihurtzea; zinemetan euskararen presentzia legez bermatzea (gaur egun estreinaldien %2 inguru izaten da euskaraz); streaming plataformetan euskararen presentzia bermatzea; hori guztia posible egingo duten ikus-entzunezko legeak; eta ikus-entzunezkoen gardentasun, aniztasun, araudien betetzea, eta hizkuntza ofizialen erabilera zainduko duten kontseiluak eratzea.

Testuinguru osoa hartu behar da kontuan, hala nola: euskaraz ekoiztea, beste hizkuntzetako lanak euskarara bikoiztea (eta alderantziz) zein jatorrizko bertsioak azpi idaztea. Era berean, kate osoari erreparatu behar zaio, hau da, sorkuntza eta ekoizpen, zabalkunde eta sustapen, teknologia, ikasketa eta ikerketa, eta legeriari. Horrek guztiak industria bat sortzeko bidea ematen du, hain beharrezkoa dena une honetan. Bestela, ahaleginak sakabanatuak geratzen dira, eta ekoizpenek publikoarengana iristeko zailtasunak dituzte, edota ez da behar eta nahi adina lan ekoizten.

Arloaren garapenak euskarazko erabileran eragiten du, eta ohiturak sortzeko zein hautatzeko eskubidea izateko aukera ematen du. Baita euskararen corpusa garatzeko ere, berori handitu eta aberasten laguntzen du, esamolde, terminologia, gai eta hizkera berriekin.

Euskararen erabileran eragitekogaraian gaude, beraz, zinema eta ikus-entzunezko alorrak konkistatu behar ditu euskarak. Zine, zine, zine... zine gehiago euskaraz, arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.