Ziurgabetasunak argitzen

2014ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Unescok kontratatutako arkitekto-paisajistak gure mahastira egin zuen bisita sekretuaz geroztik, hogeita hamar egun pasatu dira. Arkitekto-paisajista horrek Errioxako eta Arabako Errioxako Mahastien Kultura Paisaia izeneko hautagaitzako espazioa bertatik bertara ebaluatu du.

Sektoreko hainbat agenteren iritziak agertzen ari dira prentsan; batez ere, Errioxako Erkidegoko prentsan. Iritzi horiek nahasgarriak dira, eta eztabaida zentzugabeak sor daitezke. Horrek esan nahi du Logroñok gai honetan duen sekretismoa ez dela komeni. Bueno, nolabaiteko sekretismoa, zeren bidaia sekretua zela esan eta ordu gutxira La Rioja egunkariak bidaia hori xehetasun guztiekin argitaratu zuela ikusi genuen harrituta. Artikulu horretan ebaluatzailearen bidaia-plangintza zehatz-mehatz azaltzen zen, izenburu honekin: Unescok Errioxako hautagaitzaren nukleoa bisitatuko du Aldeanuevatik hasita.

Ebaluatzaileak bere txostena lasaitasunez egiteko behar zuen gogoetaldia pasatu ondoren, gertatukoaren errepaso bat egitea komeni da.

1.- Ebaluatzailearen bisita baino lehen ICOMOSeko (gai hauetarako Unescoren nazioarteko lankidetza-erakundeko) gutun gogor bat iritsi zen. Gutun horretan Errioxako agintariei hau eskatzen zitzaien: «Gizadiaren ondarea izango litzatekeen gunea (nukleoa izenekoa) planoen bidez argi mugatzea, helburu den gunearen eta tanpoi gunearen arteko mugak argi finkatzea, azaltzea ea zein arrazoi dela medio tanpoi gunea zabaltzen den ekialderantz Logroñotik harago helburuko gunea Logroñotik mendebalderantz badago...».

2.- ICOMOSen ohar hauek Logroñoko arduradunek kontuan izan zituzten. Gainera, arduradun horiek une horretan bisitako zenbait etapa zehatz-mehatz ari ziren prestatzen. Horri buruz esan behar dut (bisitaren antolamenduak duen zailtasun handia ulertuta ere) bidaiaren lehenengo programa ez zitzaigula gustatu baten batzuei eta akats batzuk ikusarazi genituela. Adibidez, akats hauek: burdinazko bideak hainbat aldiz ikusten denbora gehiegi galduko litzatekeela eta, aldiz, Erdi Aroko herri Laguardia ordubete eskasean ikustera behartuko litzatekeela edo arkitekto-paisajistari Labraza-Viana bezalako paisaia berezia ikusteko aukerarik ez litzaiokeela emango (nahiz eta di-da batean ikusi), edo Izendapeneko bodegarik zaharrena (minutu batzuez bazen ere) ikusteko aukerarik ez litzaiokeela emango, nahiz eta Eltziegotik pasatuko liratekeen Gehryren hotela erakusteko azkar-azkar edo mahastizaintzako herri garrantzitsuenak ez liratekeela bisitatuko, baina herri batzuetara hiru edo lau aldiz joango liratekeela. Egindako ia ohar guztiak atzera bota zituzten Riscal ikustea izan ezik.

3.- Prentsak ebaluatzailearen bisiten programa «sekretua» argitaratu zuen. Hau izan zen bisiten programa: Ábalos-Laguardia- Riscal-San Vicente-Briones-Ábalos- Elvillar/Bilar-Lapuebla- Bastida-Vivanco Museoa-Briñas- Leza- Ábalos- Laguardia- Laserna- San Vicente-Davalillo- Sajazarra-Ollauri- Ábalos- Samaniego-Haro- Ábaloseko Santa María de la Estrella Monastegia,… Hau da, Errioxako agintariek nukleoaren nukleoa izendatu dudana ikusteko bisita antolatu zuten: ebaluatzailea astebetean bueltaka ibiltzeko Kantabriako Mendilerroaren eta Ebro ibaiaren artean, Haro eta Briones artean… Nahiz eta hautagaitzako izenak zabalagoa den beste ideia bat adierazten duen.

4.- Ebaluatzaileari nukleoaren nukleoa erakutsi zioten, baina Cenicero edo Uruñuela ez zizkioten erakutsi Eltziego bisitatu zuen arren. Ez zioten Fuenmayor edo Navarrete erakutsi Lapueblan egon zen arren, ez zuten Logroñora eraman edo Vianara eraman Lasernan egon zen arren… Uste dut Logroñoko arduradunek ez zutela nahi ebaluatzaileak autobide, errepide nazionala, industrialdeak, hiriak eta antzerakoak ikustea. Behin eta berriz Sonsierra erakutsi zioten eta Ebro ibaiaren beste aldera pasatzen zutenean, iparralderantz bideratzen zuten, Sonsierrako mahastiak bakarrik ikusteko.

Ondorioztatu nuena, ebaluatzailearen ahotik entzundakoaren arabera eta nire begiekin ikusi nuenaren arabera, erakutsi genion mahastigintzako paisaia kulturalak ustekabe atsegina eman ziola izan zen. Izan ere, paisaia kultural horretan hauek guztiak ikus ditzakegu: dolmenak, harkaitz-dolareak, nekropoliak, museo zeltiberiarrak, zubi erromatarrak, mahastiak zaintzeko txabolak, mendi-hegaleko mahasti txikiak eta zaharrak, ermita erromanikoak, Goi Erdi Aroko gazteluak, eliza gotiko zoragarriak dauden herri politak, jauregi barrokoak eta ehun urtetik gorako ontze-bodegak etab. Paisaia kultural horrek Nafarroako Sonsierra zaharrarekin eta inguruko herriekin bat egiten du neurri handi batean. Eta paisaia kulturalarena azpimarratzen dut, zeren beste idatzi batzuetan aipatu dudan bezala, Unesco erakundeak kulturala bereziak saritzen ditu eta ez ditu ardo-kalitateak baloratzen ezta Jatorrizko Izendapenak saritzen ere.

Asko gustatu zitzaion erakutsi zioten paisaia kultural zehatza eta mugatua. Badakit hori hala izan zela eta badakit lehenengo unetik zuen duda ez duela argitu ere. Hauxe zen bere duda: zergatik erakusten didate nukleoaren nukleoa bakarrik Errioxako agintariek? Zer dago erakusten didaten horren atzean? Zergatik ez naute eraman Errioxa Beherera edo Errioxa Erdialdera astebetean?

Edonola ere, ebaluatzailearen iritzia laster jakingo dugu eta Unescoren azken nota ere hemendik gutxira jakingo dugu. Nota hori lau motatakoa izan daiteke, aurreko urteetako antzeko esperientzien arabera:

A) Hautagaitzako nukleoa onartzea hasieratik: hori nekez gertatuko dela uste dute adituek.

B) Gutxiegi altua ematea, hurrengo urtean gainditzeko aukerarekin, Unescok ezartzen dituen zuzenketak egin ondoren.

C) Gutxiegi baxua ematea, bi urte geroago gainditzeko aukerarekin, zuzenketa eta aldaketa handiak egiten badituzte, esaterako: hautagaitzari beste izen bat jartzea eta nukleoaren gunea nahiz buffer gunea murriztea. Ziur asko jasoko den nota etorkizun hurbilean gainditu daitezkeen bi kalifikazio horietako (gutxiegi) bat izango dela.

D) Hautagaitzak gutxiegi nota jasotzea behin betiko, etorkizuneko aukerarik gabe: hori gertatzeko oso aukera gutxi daudela uste dute adituek.

Azken nota hori hurrengo udan argitaratu baino hilabete batzuk lehenago jarriko da. Baina baten batzuk, ebaluatzailearen aurpegia ikusita, uste dugu badakigula zein den emaitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.