'Zorioneku'-ren zoritxarra

2023ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Irulegiko Eskuko testuaren analisi linguistikoan murgilduta jardun dut 2023ko urtean, eta horrekin batera eskuari buruzko ekitaldien jarraipena egiten, batez ere Aranzadiren biena (Irun?ea, Donostia), edo Gasteizko beste saio batena, Joseba Abaituarena.

Ikerlan horren abiapuntua, ordea, iazko azaro-abenduan kokatzen da, bi artikulutan testuaren interpretazioa plazaratu zenean, sintesian, Arabako Alea aldizkarian. Filologo talde baten izenean aurkeztu zen, neu tartean, itxaropenarekin ezen horrek eztabaida linguistikoa eragingo zuela. Baina ez da gertatu, agian azalpena sinplea irudituta, edo interpretazioa asmakeriatzat hartuta.

Beraz, eta ondorio gisa, interpretazioa indartzeko testuko elementu guztienhizkuntz analisi sakona etorri da aurten, dagoen dokumentazio gehiena miatuta, baita eskuaren inguruko problematikaren jarraipena eginda ere. Guztia PDF dokumentu batean jasota dago (150 orrialde) Atalak webgunean, eskuragarri. Izan ere, ikerlana ez da egokitzen ikerketa-aldizkari klasikoen formatura, eta liburu moduan oraindik ez da atera.

Baina sarreratxo hori eginda, izenburuko zoritxarra azaltzea dator. Labur esanda, eskuko testu bikainak bidea darama museo bateko horman geratzeko, mutu: El zorioneko. Tristea. Bada, saiatuko naiz hemen gako batzuk laburbiltzen, dokumentuan luzeago tratatzen direnak eta xeheago erakusten, grafikoekin-eta.

Batetik, transliteraziokoa dago. Zeinu bat falta da, oker interpretatuta; testuak ez ditu 40 zeinu, baizik eta 41. Eta ez da kopuru kontua; arazoa da silaba hori gabe hirugarren lerroko testua ez dagoela osorik: ulergaitz. Bestetik, uste okerrekin jarraituta, esaten da testuko bost hitzetatik lehenengoa bakarrik deszifratu dela, eskuan bost hitz baleude bezala, (egindako) zatiak adina. Analisiak hamabost hitz edo elementu azaleratzen ditu, adituen ikerketekin bat datorrena, antzina hartako gure hizkuntzako hitzak laburrak zirelako, bisilaboak gehienak; geroko garapenean agertuko ziren hitz eratorri asko, elkartuak eta bai maileguak ere.

Arazo mamitsuan barneratuz gero, hizkuntzarena dator. Badirudi vasco?nico izan litekeela, baina konbentzimendu gabe, zer izan ote daitekeen zehaztu ezinik, ahapeka bezala. Eta euskara dela ezin da esan, antza. Ingelesezko hedabideetan, ordea, lasai asko: «The Hand of Irulegi is the oldest surviving example of the Basque language». Izan ere, ez dago zalantzarako zirrikiturik, zeren garai hartan, Nafarroako eremu hartan, hiru hizkuntza ziren: barskunena (baskoiak), zeltiberoena, eta latina, hurbiltzen ari zena. Iberiera penintsulako ekialdean kokatzen zen, aparte. Ezinbestean, eskukoa baskoien hizkuntzan dago, garai hartako idazkera sistema hedatuan, baina beraiek egokituta zutena, T zeinua(-tz, -ts) lekuko. Eta zein hizkuntza zen barskunena? Aitzineuskara, hots, euskara; duela bi mila urtekoa, noski. Lehenengo hitza, zorion, froga ezin garbiagoa. Orobat testu osoa, analisiak erakusten duenez.

Hori da, bada, lehenengo zoritxarra, oraindik ere aitzineuskara dela ez sinestea gure zirkulu filologikoetan, eta ez da fede kontua, agerikoa baita. Baina honek ondorio larriak ditu, urtebete igaro eta ez baitute ezer ikertu. Bestalde, aitzakia ona da ez ausartzeko, eta korapiloa iberisten esku uzteko. Bide ziurragoa izango da tesi klasikoak egiten jarraitzea. Baina iberisten aldetik ez da etorriko mezua argitzea: iberiera ezin dute deszifratu eta euskara gutxi dakite, dakitenek.

Bigarren zoritxarra, gure zoritxarrerako, da testua hain berezia izatea. Ez du parekorik antzinateko ohiko testuekin; ez da aipatzen gerrarik, ez buruzagirik, ez antzekorik. Testu herrikoia da, humanistikoa, poetikoa ia. Aranzadiren saioetan Joakin Gorrotxategik esan bezala, ez da ezer ulertzen, baina ez dauzka testu iberikoek izaten dituzten elementuak (osagaiak, ustezko morfemak...), ezta idazkun klasiko batean espero daitezkeenak ere (pertsona izenak...). Arraro-arraroa.

Hortaz, koktel itzela bildu da Irulegiko Eskuan: hizkuntzarena gehi testu fantastikoa. Eta hor dago egonean euskararen altxor bikaina. Baina espero dezagun material berriak agertzea edota euskalariak iratzartzea, jada urtebeteko porrota betikotu ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.