Zoria eskutik izan eta etorkizunak ustez prestatua dizuna saihestuz egoerari ehun eta laurogei graduko ezusteko buelta bat emateko gai zarenean, zorteduna zarela esan dezakezu. Behin eta berriz gertatuko zaizuna iragartzen dizuten aztiei ahoa itxi, eta aldez aurretik hilkutxa politikoan sartu nahi zaituztenak zur eta lur uzten dituzunean, ez da zori kontua zurea. Espainiako presidentetzan kargua berritu duen Alderdi Sozialistaren burua den Pedro Sanchez suntsiezinaz ari naiz, noski. Gutxik pentsatuko zuten zenbaitek kutsu nazionala eskaini nahi izan zieten maiatzeko hauteskunde munizipal eta autonomiko haiek eskuinak aise irabazi zituenean, hurrengo egunean bertan Sanchez Moncloa jauregiko atarian agertu eta solemnitate osoz hauteskunde orokorrak aurreratzeko gai izango zenik. Presidenteak, baina, prest zuen ordurako itzulerako partida.
2016ko urriaren 1ean, alderdi popularrak bi aldiz hauteskundeak irabazi baina parlamentuaren gehiengoaren babesa lortzeko arazo larriak zituenean, Sanchez Ferraz kalean aurkitzen den sozialisten egoitzatik burumakur atera zen, popularren gobernu hura ez babestearen posturak –berak sutsuki Ez da ez leloarekin defendatua– ez zuelako orduko buruzagitzaren babesik lortu. Koherentziaz dimisioa aurkeztu ondoren, eta bere zenbait jarraitzaile leialek hauspotuta, gerora ezaguna bihurtuko zen kotxe arrunt baten laguntzaz eta gorbatak zein Madrilgo botere guneak alde batera lagata, probintziaz probintzia ibili zen, geroago militantziak sutsuki babestuko zuen gertuko profil aurrerakoi bat eraikitzen. Behin gobernuan bost urte pasatuta, iraganean emaitza paregabeak eskaini zizkion pertsonaia hura atera zuen Sanchezek armairutik pasa den ekainean. Horixe du kamaleonikoa izateak: rock kontzertu eta ekitaldi anitzetan ezusteko presentzia, kate jeneralista guztietan elkarrizketak edota look aldaketa nabarmena.
Guztia errelatoaren mesedetan, erabat aurka zituen inkesta guztiak irauliz presidentetza mantentzen saiatzeko. Xake partida batekin alderatuz gero, aurrean zuen jokalaria Kasparov trebea bailitzan ekarri zuten Galiziatik; baina finean, kapitaleko jauntxo mediatikoen agindupean nabarmen zimeldu den xakelari amateur bat bilakatu da. Bere ahalmen eta indarguneen jakitun, Sanchezek ondoren bere hirugarren inbestidura –lehena zentsura-mozio bidez izan zen– arrakastatsua izan zedin erabili duen estrategia zabaldu zuen: muturreko eskuina edo neu. Atrezzoa ezarrita, hauteskunde autonomikoetatik ateratako emaitzak oraindik fresko egoteak ere hautagai sozialistaren alde jokatu zuen. Murtzian ala Extremaduran kanpaina betean sinatu zituen Alderdi Popularrak gobernua eratzeko akordioak ultraeskuinarekin. Nola defendatu hautesleen aurrean egunotan egiten diharduzuna ez duzula errepikatuko beranduago estatu mailan?
Feijook eskura jarri zion, beraz, egungo presidenteari kanpainako argumentu sorta, narkotrafikatzaile batekin ateratako argazkiak kanpainako azken egunak zipriztintzen zituen bitartean. Eskuina jada ministerioak banatzen ari zela, uda beteko igande gau hartan aurpegiak luze eta goibelak ziren Genova kaleko egoitzan. Demokrazian, gehiengoa biltzeko aukera duenak irabazten du, eta popularrei matematikek ez zieten presidentetza eskaintzen. Asteon jakin dugu zenbakiek argi utzi zutena iraultzen saiatu izan direla. Eta nola gainera, EAJri industria saileko ministerio bat eskaintzeraino. Ordurako, ordea, Sabin Etxean, Waterloon, Bartzelonan ala Moncloan bertan ere guztiak zuten egoerak eskaintzen zuen aukeraren berri. Eztabaida territoriala irekitzeko aukera, Katalunian amnistia bidez politikaren judizializazioa ixteko modua, eta guztia muturreko eskuinari boterearen ateak parez pare itxiz. Karanbola horretan garaile, beste behin, Sanchez.
Ikusi beharko da orain artean alanbreetan trebeki mugitu denak legealdi zaratatsu honek ekarriko dituen ekaitzei aurre egiteko errementarik ba al duen. Momentuz, eta amnistia legearen ala eskura zutela uste zuten gobernua ez lortzearen aitzakian piztu diren kaleko gatazkek aktualitate mediatikoa monopolizatu nahi izango dute. Presidente hautatu berriak legealdiari eutsiko dieten puzzlearen pieza desberdinak itsatsiko dituen elementua aurki dezake protesta horien atzean aurkitzen den suminduran. Eskuin muturra edo neu, berriro ere. Ez zaio debalde aterako, ordea, ustezko alternatibarik gabeko buruzagi betierekoaren argumentua. Hor izango ditu, fiskaltza lanetan, Waterloo, euskal agenda eta bere ezkerraldeko alderdien arteko liskar andana. Zoria beharko du, beste behin, baina batez ere zoruari hankak ongi itsatsi beharko dizkio, ez baita figura hilezkorrik politikan.