Zubietatik Parisera begira

2015eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Erraustegia da, ezbairik gabe, Gipuzkoak klima-aldaketa moteltzen laguntzeko egin dezakeen txarrena. Komunikabide guztiek dagoeneko hizpide dute Nazio Batuek astelehenetik aurrera Parisen egin behar duten klima-aldaketari buruzko goi-bilera. Gai horretaz inoiz egin den bilerarik garrantzitsuena izango da. Kyotoko protokoloak porrot egin ondoren, estatuek konpromisoak hartu behar dituzte, nahitaez, baldin eta helburua lortu nahi badute, hau da, mende honen bukaeran planetaren batez besteko tenperatura gehienez ere bi gradu igotzea. Izan ere, bi gradutik gora igoz gero, adituek ondorio katastrofikoak iragarri dituzte.

Horregatik, Eguzkikook, mundu zabaleko gainerako ekologistak bezala,egunotan Parisera begira egongo gara. Baina, «global pentsatu, lokal jokatu» filosofia beti gogoan, ez dioguhorregatik gure gertuko inguruari begirik kenduko.

Eta, horrela, ia-ia nahi gabe, begirada joan zaigu Zubietako Gainera, non Foru Aldundiak berriro hondakin-erraustegi bat ezarri nahi duen. Erraustegia da Gipuzkoak ondoko urteetan klima-aldaketa moteltzeko ahaleginei egin diezaiekeen mesederik txarrena. Diferentzia handiarekin, gainera. Horren lekuko dira jarraian aipatuko ditugun datuak, datu publikoak, interesa duen edozeinen esku daudenak, bestalde.

Zabalgarbik, Bizkaiko erraustegiak, iaz 223.340 tona zabor erre eta atmosferara 235.000 tona CO2 isuri zituen, berotegi-efektuko beste hainbat gas eta elementu kutsagarri botatzeaz gain. Enpresak berak Estatuko erregistroari (PRTR) emandako datuak dira, hau da, datu ofizialak (errealak are handiagoak dira, noski). Datu horiei «esker», Zabalgarbi Euskal Herriko bost enpresa kutsatzaileenen zerrendan dago, hirugarren edo bosgarren postuan (segun datuak nola konputatzen diren). Ez da batere postu txarra, batez ere zerrendaburuak Petronor eta Bahia Bizkaia zentral termikoa direla kontuan izanda. Zubietako erraustegian urtean 260.000 tona zabor erre nahi zituzten. Proiektuaren sustatzaileek berek onartu dute gehiegitxo zela eta proiektua «doitu» beharko dutela. Baina «doitzea» zenbatekoa den ez dakigun bitartean, 260.000 tonei heldu behar diegu, nahitaez. Bada, Zabalgarbiko zenbakiak hiruko erregela baten bidez estrapolatuz, Zubietako erraustegiak urtean 273.573 tona CO2 isuriko lituzke. Hori ereEuskal Herriko bost enpresakutsatzaileenen zerrendansartuko litzateke. Gipuzkoako kutsatzaileena izango litzateke, duda handirik gabe.

Beraz, Zubietako erraustegia pertsonen osasunerako zein ingurunerako, ekonomia zirkularrerako zein iraunkortasunerako kaltegarria izateaz gainera, Gipuzkoak ondoko urteetan klima-aldaketari galga jartzeko ahaleginari egin diezaiokeen mesederik zitalena da, arestian esan bezala.

Egunotan Parisera begiratzen baduzu, begiratu Zubietatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.