andoni egana
Plazatik

Atzera bueltak

2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Gure haur-jolasetan, gaztelaniazko esamolde bat erabiltzen genuen jolasari nahi bezala ekin ez edo hutsen bat eginez gero, berriz ere hastea ahalbidetzen ziguna. «Vuelta-vuelta si» esatea aski zen, berriz zerotik hasi ahal izateko.

Askotan pentsatu izan dut, eta lagunen batekin horri buruz hitz egin ere bai, atzera bueltarik ezak itotzen gaituela gehien bizitzan. Instante bateko kontuak ordura artekoa hankaz gora jar dezakeela jakiteak adinako desasosegua, ezer gutxik sortuko digu. Hain ongi zindoazen autoan eta handik bi segundora… Mendian zenbiltzan eta handik une batera… Irribartsu sartu zinen medikuaren kontsultan eta… Hain ongi ari zinen errimatzen eta… Nagusiak deitu zizun bere bulegora eta… Horrelako zerbait—txiki ala handi— gertatu izan zaigunean, gertatu aurreko unean zeinen ongi genbiltzan eta zeinen zoriontsuak ginen akordatuko gara beti. Baina bizitzan gauza asko dira atzera bueltarik ez dutenak. Eta egoera berrira ahalik eta ongien egokituz , berriz bilatu beharko dugu lehengo zorion hura.

Atzera bueltak direla eta ez direla, ederra armatu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, Josu Uribetxebarria libre uzteko epaia baliogabetzeko eskatzean. Hitzei punttaren puntta atereaz presoaren hiltzeko arriskua «agerikoa» bai baina «berehalakoa» ez delako ez omen du eskubiderik kalean egoteko. Eta mingarri gertatzen diren zifrak ere eman dira argitara: Espetxe Zuzendaritzak gaixorik dauden presoak libre uzteko dituen irizpideenarabera, urtebetean hiltzeko arriskua%10etik gorakoa denean dute presoek baldintzapeko askatasun eskubidea. Donostiako Ospitaleko medikuen ustez, urtebetean hiltzeko %90eko aukera du, eta, Auzitegi Nazionaleko medikuaren arabera, %50ekoa. Eta? Hainbesteraino kalka beharra al zegoen? Jogurtek estalkian bezala pertsonek kopetan geure iraungitze data bagenerama, bizitza jasanezina litzateke. Nik uste nuen legeetan mamiak zuela garrantzia, eta ez hitzak eta zifrak komenentziara bihurritzeko gaitasunak. Josu gaixorik dago. Larriki gaixo. Legeak dio kalean behar lukeela, eta beste hamahiruek ere bai. Eta horrek atzera bueltarik ez du.

Atzera bueltarik ez duen beste bat Espainia bera da. Argigarri iruditu zaizkit Jesus Egigurenek aste honetan bertan elkarrizketa batean botatako hitzak: subiranismoak baino ardura handiagoa sortzen omen dio, bere gainbehera eta arazoen kontziente ez delako, Espainiarekiko sor daitekeen edo sortu den atxikimendurik ezak. Ez du arrazoirik falta gainbeheraz ari denean. Inoiz espainiar sentitu ez garenok ere estimutan genituen Errepublika garaiko espainiar askoren eginahalak, frankismoaren aurkako borrokan aritu zirenen ahaleginak, orduko espainiar artista, idazle eta intelektualak… Egungo Espainian, ordea, orobat, ez da ezer erakargarririk. Gobernuek, batak bestearen atzetik, ez diote legeari diruari adinako begirunerik. Epaitegiek gobernuei diete legeari baino errespetu handiagoa. Lapurreta ez dago hain gaizki ikusia ere. Hedabideek, gureek logura sortzen badute, hangoek nazka, askotan. Badakit garena ez garenetik eraikitzea ez dela munduko ideiarik distiratsuena, baina helduleku hautsiari eustea baino hobe da hutsera jauzi egitea.

Olvido Hormigos zinegotziaren kasuak hartu duen durundiak ez du lehendik genuen ustea zurkaiztu baino egin. Badakizue: bideo bat egin zuen, masturbatuz, senarrari bidaltzeko asmoz. Auskalo nola, baina bideo hori Internet bidez hedatu da bazter guztietara. Eta dimisioa aurkeztu beharrean aurkitu zen emakumea, gero atzera egin zuen arren. Segur aski atzera bueltarik ezaz ari da pentsatzen orain, bideoa grabatzea otu zitzaion uneaz. Botoi bati edo besteari kalka zion segundo erdi hartaz. Baina hori da, niretzat, gutxienekoa. Espantua bera da kezkagarri, lapurreta, transfugismoa, entxufismoa eta gainerako likiskeriak ohikotzat onartzera ohitua zegoen gizarte batengan. Sare sozialak aldeko eta aurkako iruzkinez bete dira, eta ez dut pentsatu ere egin nahi zer kirtenkeria idatzi dituen jendaila klase batek anonimotasuna babes. Kongresuan bozeramaile den Eduardo Madina sozialistak ez dimititzeko erregutu zion, eta Bernarda Albaren Espainia hau betirako bukatzeko ordua dela aldarrikatu. Parez pare asmatu du definizioan, baina berandutxo. Asko gara Bernarda Albaren etxean bizi nahi ez dugunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.