Aukeraren eta premiaren artean

BERRIA.
2017ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Hilabete hauetan, argudio bakar batek eutsi dio Aralarren pistak egiteko proiektuari: Aralar beren aziendaren bazkalekutzat darabilten artzainen eta abeltzainen duintasuna; horrexetan bakarrik oinarritua. ENBA eta EHNE sindikatuen bidez adierazi dutenez, XIX. mendeko baldintzetan bizi dira han. Aralarko Parke Naturalean abeltzaintzako jarduera garatzearen aldekoa naiz, besteak beste, hango habitat batzuk kontserbatzen laguntzen duelako. Hala ere, ez dut onartzen onuradun bakan batzuen «duintasunak» arriskuan jarraraztea Aralarko Parke Naturalaren beraren duintasuna, baldin eta horrek berekin badakar galtzea halakotzat izendatu ahal izateko kalitatea.

Europako Batasunaren Direktibek ezarria da Aralarren indarrean dagoen araudia, Europako Batasunaren interesekoak diren eta parkean dauden espezie horiek —Batasunaren intereseko 65 espezie eta 18 habitat— babesteari buruzkoa. Zer gertatzen da habitat horien duintasunarekin, eta hainbat giza jardueraren eraginez mehatxatuak dauden landare eta animalia espezieekin, haiek ez baitute ozen aldarrikatzerik gustura itzuliko liratekeela XIX. mendera?

Nola liteke Gipuzkoako Foru Aldundiak —Aralarko baliabide naturalak babestu, kontserbatu, lehengoratu eta hobetu beharko lituzkeen erakunde horrek— ez betetzea Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana, bakarrik abeltzaintza sektorearen mesedegarri, eta arriskuan jartzea tokiko habitat eta espezie batzuk —asko eta asko babestuak—, zeintzuei litekeena baita ondorio larriak ekartzea pista horiek egiteak? Jakina, ez dago gaian aditua izan beharrik susmatzeko halako lanek ezin konponduzko kalteak eragingo lituzketela ingurunean: besteak beste, lurzoruen higadura handitzea, akuiferoei erasatea eta paisaia degradatzea.

Enirio-Aralar Mankomunitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ENBA eta EHNE sindikatuek hainbat itxaropen sortu dituzte artzainen eta abeltzainen sektorean, ez baitiete ohartarazi litekeena zela lege eragozpenak izatea pistak egiteko, eta, proiektua onartzeko prozesuan elkarte kontserbazionistek salatu dutelarik legea urratu dela, orain kontserbazionistak egin nahi dituzte pistak ezin egitearen erantzule.

Abeltzainen eta artzainen lan baldintzak hobetzearen alde nago erabat, eta uste dut oso garrantzitsua dela lehen sektorea sustatzea eta hari laguntzea. Baina ez da ahaztu behar Aralar, batik bat, parke natural bat dela, kontserbazio bereziko eremu bat eta Europako Natura 2000 Sarearen parte bat, eta hura kontserbatzea lehenetsi behar dela. Horregatik, kudeaketa bateragarri bat behar da, abeltzaintza eta lurzoruaren, uraren, flora eta fauna basatiaren zaintza uztartuko dituena, eta tokiko aberastasun naturala eta kulturala arkeologia, espeleologia eta paisaia ondaretzat gordetzeko bidea emango duena. Aralarrek ere etorkizun duin bat merezi du. Ala ez?

Premia ekologiko bat eta pentsamenduaren garabide bat da ikuspegi kontserbazionista, baina gure agintariek ez dute oraindik erdietsi pentsamendu hori.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.