Imanol Murua Uria.
Handik eta hemendik. Imanol Murua Uria

Badoa tigrea

2012ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Tigrea ekarri zuen Konstantzako Unibertsitatera Harkaitz Canok. Euskal Kultura eta Gatazka Politikoa jardunaldiaren hasiera ekitaldian lehen hitzak esateko eskatu zioten Unibertsitateko eta Etxepare Institutuko antolatzaileek, eta: «Dakidan gauza bakarra da tigre bat bizi dela gurean».

Willy Uribek Allí donde ETA asesinó liburuan jasotako argazkiak erakutsi zituen Joan Pere Tous irakasle katalanak. 1978tik aurrera ETAk Euskal Herrian inor hildako leku guztietako argazkiak atera ditu Uribek, hilketaren ordu berean guztiak ere: taberna barru bat, bidegurutze bat, industrialde bat, garaje aurre bat... Lekuko mutuak. Francisco Letamendia irakasleak liburuari balioa eta interesa aitortu zizkion, eta alde bakarrekoa zela ere ohartarazi zuen. Egitasmo ezinezkoa proposatu zuen: ondo legoke, esan zuen gutxi gorabehera, hainbeste jende torturatu dituzten zuloetako argazkiekin ere liburu bat egitea.

«Tigre batzuk nobleak direla diozue? Tigreak tigreak dira, haratago ni ez naiz ausartzen».

Errealitatea ez da tituluetan kabitzen, Blanca Urgellek ondo azpimarratu zuen bezala hitz batzuk esatea egokitu zitzaionean. Baina literaturan, bai. Euskarazko literaturan gatazkaren errealitatea nola kabitu den azaldu zuten Marijo Olaziregik, Izaro Arroitak eta Mikel Aierbek ikertzaileen ikuspegitik, eta Arantxa Urretabizkaiak, Iban Zalduak eta Harkaitz Canok idazleenetik. Olaziregiren ondorioa: euskal literatura ez da inondik ere errealitateari bizkarra emanda ari, asko eta ondo idatzi da gaiaz aspaldian, eta bere gain hartua du gainera «gero eta beharrezkoagoa den baketzean ekarpena egiteko erronka».

Markos Zapiainen ateraldiarekin errematatu zuen Arantxa Urretabizkaiak hitzaldia: «ETAk Euskal Herriari egindako ekarpenik garrantzitsuena ETAri buruzko euskal literatura izan da». Ez zion arrazoirik eman, baina kendu ere ez. Idazle normala izan nahi duela esan zuen Harkaitz Canok, idazle normala herri normal batean. Akaso horregatik idatzi du Twist. Euskaraz euskal gatazkaz lehenengoz irakurri zuenean susmatu omen zuen Iban Zalduak euskal literaturak merezi zuela, eta orduantxe hasi zen euskaraz ere idazten. Stuart Neville idazle irlandarraren aipua ekarri zuen Zalduak, onena etortzeko dagoela adierazteko: «Denok —berdin dio lubakiaren zein aldetan geunden— iraganean akaso ikusten ez genituen egia deseroso batzuei egin beharko diegu aurre. Uste dut fikzioak protagonismo handia izango duela prozesu horretan. Gatazka bati buruzko fikziorik onena ez da iristen gatazka bukatzen den arte».

«Zehatz eta zuzen nahi nuke idatzi tigrearen marra bihurrietan».

ETAren amaierari buruz galdetu zioten Juan Aranzadi antropologoari, erakunde armatuaren bilakaeraz bere irakurketa bukatu zuenean: ea gogoeta etikorik sumatzen duen erabakian, edo ea pragmatismo hutsa besterik ikusten ez duen. Erantzuna: ETAren erabakiaren oinarrian arrazoi pragmatikoak daudela da onena. Horrexek pentsarazten dio Aranzadiri, hain zuzen ere, bukaera benetakoa dela, «hiltzailea konbentzitu delako ez zaiola komeni». Bere hitzetan, «terrorismoa moralaren eta etikaren betekadaren ondorioa da: jende gehiegi ongia egin nahian». Pragmatismoa aipatu zuen, presoei buruz galdetu ziotenean ere: «Presoak kartzelatik aterako dira PPn pragmatismoa nagusitzen bada. [...] Bloke nazionalistak nahikoa indar biltzen baldin badu eta PPrentzat presoak ez askatzea presoak askatzea baino arazo handiagoa izatea lortzen baldin badu, askatuko dituzte».

«Tigre batekin bizi naiz eta ez dakit asmatuko nukeen bizitzen tigrerik batere gabe».

Letamendiak «adiskidetze iraunkorra» jarri zuen ipartzat. Posible dela esan zuen. Nola? Ez dago sekreturik: besteak gatazkari buruz duen irakurketa ezberdina aintzat hartu ondoren desadostasunak konpontzeko arauetan ados jarrita. «Konpondu beharreko arazoak, bake prozesu guztietan errepikatzen direnak —armen isiltasuna, biktimen erreparazioa, errepresaliatuen itzulera, autogobernua, giza eskubideen garaipena—, horrela ulertutako adiskidetzearen arboletik eroriko den fruta heldua dira».

«Tigre batekin bizi gara baina ez ditugu elkarren begiak ezagutzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.