Aner Euzkitze.
MELE

Bastoia

2023ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Aspaldi ez zineten elkartu, eta Bilbo Bilbo izan da zuentzat. 12:30ean Arriaga parean. Bezperan bueltatu zineten kanpinetik, kontzertu lasai bat harrapatu zenuten ustekabean herriko plazan, eta izozki bat janez etxeratu. Gaur Bilbora zoaz, azkenengo autobusean bueltatzekotan, baina poltsan aldagarri bat hartuta, badaezpada. Ja ingurukoak hasi dira irailean zer egingo duzun galdezka. Iritsi zara San Mamesera, txosnetan lehenengo tragoa, Alde Zaharrean beste bat, eta telefonoa. Aita da. Ondo iritsi al zaren galdetu dizu, eta amona hil dela esan.

Abuztua azarotu da, eta lagunak turistatu. Sentitzen dut-ak entzun dituzu, eta ea zer behar zenukeen galdetu. Bilbon geratuko zarela erabaki duzu, eta «oso ondo» egingo duzula esan dizu ondoko batek, «normaltasuna» dela onena, bizitza ospatu egin behar dela, eta, bera hiltzen denean ere parranda egin dezazula eskatu. Hirugarren tragoa ez zaizu horren ondo sartu. Etxera joango zara arratsaldeko autobusean. Ez zara elizkizunetara sartzen, hilerrira joan ere ez, amona ere ez zen bereziki elizkoia. Baina nola agurtu joan dena?

Hildakoei negar egiten diete hildakoek egin ezin dutelako. Erritu kristau bat gehiago da. Dena da erritu kristau bat: mediku-txostena, eskelak, bertsoak, beilatokia, hileta, erretzea, hilerria, bakea, maitasuna, memoria. Ez dago joan osteko agurrak baino gauza zentzugabeagorik. Norentzat dira? Zuk ez dituzu behar.

Bilbo ez da enteratu, baina amona hil da. Eta hala ere, sartzen dena baino jende gehiago irteten da Zazpikaleetako metro geltokitik. Amorrua hartu diozu «normaltasuna» hautatu eta bizitza ospatzen jarraituko duen hiri gordinari. Zuk ere nahiko zenuke hiltzen zarenean parranda egin dezaten zugatik, ospa dezaten; baina zu ez zaudenean. Batek daki zer egingo duzun irailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.