Lagun giroan, tartean badira umeak ere. Solas eta jolas, hurbildu natzaio atzetik umeetako bati, estaltzen dizkiot begiak eta esaten diot: nor naiz? Umeak bi segundoko tartea hartzen du erantzun aurretik. Eta gero: Aitana. Umeak bere izena eman dit. Askotan galdetzen nion gauza bera, baina begiak estali gabe. Beti Anjel erantzuten zidan. Begi tapatuek dute misterioaren giltza. Mundutik isolatu dut, eta bera da mundua, bera da ni. Ni beste deus gabeko mundu batean zegoen.
Oroitu nintzen Gabriel Arestiren esaldi harekin —buruz doa aipua—: «Nitaz mintzatzen naiz, naizelako munduaren neurria». Nia munduaren neurri, nia mundu, nitaz mintzatu. Ni naiz mundua. Den-dena norberaren galbahetik pasatzen da. Besteei buruzko pertzepzioa, besteen pozen eta oinazeen sentimendua ez da deus ez baldin bada norberaren pozaren eta saminaren galbahetik iragazia, neurtua, ulertua.
Gizakiok begiak estalita ikusten dugu mundua.
Hitz beste
Begiak estalita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu