Gabriel Aresti Segurola poeta, poeta pasearia zen. Ezaguna den legez, Bilbon barna zebilelarik kale haietako izenak hartzen zituen gogoan, eta haiexen bidez gogoeta egiten. Ezagunak bai ezagunak dira hark hiriko kale izenekin egindako batzuk. Esperantzarena, esateko. Askaotik Sendejara/ Bilbaon/ Esperantza/ oso mehar, ilun eta laburra/ da.
Bere buruaren garrantziaz jakitun zegoen Gabriel Aresti, Garesti, berak behin edo behin idatzi zuen bezala idatzita. Jainkoak eztezala nahi Bilboko karrika bati / Nire izenik eman dezaiotela / (Eztut nahi bizargile hordi batek esan dezala: / Ni Arestin bizi naiz, anaiaren / koinata nagusiarekin. Badakizu. Maingua). Hordiek edozer esan dezakete. Kalea ez Bilbon Arestik; Arestik Bilbon etorbidea dauka. Bertan dago Gabriel Aresti anbulatorioa.

Kaleei eta anbulatorioei ez ezik ikastetxeei ere eman zaie ostera Gabriel Aresti izena. Hori gogoan Gabriel Aresti instituturako autobusean ezagutu nuen Solanje, idatz nezake, gonbita eginez zuoi, irakurleok, delako institutua non dagoen bilatzera eta behin topatuta Solanje izena hor sartu izanaren nire arrazoia asmatzera.
Souvenir d'Espagne pour mesdemoiselles Solanje et Helena Gereziaga izeneko testua irakurtzen nien Arestiren Bilbo ibilbideak egiten nituenetan nirekin etortzen zirenei. Arestik testua —olerkia— kokatu zuen inguruan, Bilboko Arte Ederren Museoko atariko harmailetan alegia. Aukerako lekua, bai. Entzuleak 16 urteko neska-mutilak izaten ziren gehien bat, atseginez hartzen zuten, hobe ez!, goiza ikasgelaz ikasgela eman beharrean Bilbon kalerik kale igarotzea! Elkarrekin maiteminduak atzeko ilaran jarri izaten ziren, elkarren gerrialdeak ase ukitu ahal izateko, hara.
Zer da hori? Seinalatu zenuten leihotik. / Deustuko Eskola. Jesuitena./ Ez, hangoa. Egurrezko etxe haek./ Ijitoak, esan nuen lotsaturik./ Urrutian entzuten zen trumoia./ Grekoa. Goia.
Testua ulertarazten saiatzen nintzen. Txabolak hango maldan izan zirela, mendiaren izen biak, Bilboko historia, noiz kendu zituzten haiek, Franco Bilbora etorri zenekoa, nora eraman zituzten ijitoak. Otxarkoaga eta abar. Otxarkoaga Bilbo dela aldarrikatuz, eta halaxe. Gabriel Aresti institutua Txurdinagan dago; gorago, Otxarkoaga. Asmatu duzue zer dela eta sartu dudan Solanje ipuin honetan, ezta? Ezetz? Ba erreklamazio orririk ez dago.
Gure ibilbideak, oraino ez dut esan, Euskalduna ontziolan hasten genituen, Zorrotza ikusteko leku egokia, eta Bilboko udaletxe edo herriko etxeko aurrean amaitu, han paraturik den Oteizaren obraren gerizpe ahulean; haren inguruan ibiliz, lehenik, eta, azken-azkenik poetak artistari egin zion olerkia irakurriz ibilaldia era patafisikoan burutzen genuen. Ez dut akorduan harako Aitaren etxea ospetsua non irakurtzen nien.
Ez naiz lehena izan Bilbon Arestiren ibilbideak egiten, zer esan azkena. Aspaldion hor dago Bilbon dabil Gabriel Aresti proiektua Karmelo Landak ondua. Horretan badira, ibilbidea ez ezik, liburua eta soinua ere. Liburuan ibilbidearen amaierako atalaren titulua iradokorra da, Bilbo da Etxea. 15. atala, azken aurrekoa, Bilbotik Eara Enararen Begiak da. Hain zuzen ere orrialde honetan egundo egin ez dudana egiteko baliatu gura nukeena: Bilbotik, Euskal Herritik, nonahitik, Mundakara etor zaitezten gonbidatu zuok denok. Ekainaren 13an eta 14an bigarrenez egingo dugun Arestiren Mundaka literatur solas eta jolasetara. Nork bereak esatera eta besterenak aditzera, Arestirenak berresatera eta hitzez zein kantuz belartzan gozatzera
Mundakak ez du Eak besteko eragina, eta, beraz, garrantzia, Gabriel Aresti Segurolaren bizitzan, ez dakit obran. Baditu ostera eginak, Bilboko kaleekin zelan egiten zuen, gure Izaroren aipuarekin kopla berriak, haren bizitzako literatur une larrieneko batean jarriak. Zein solasgai ederra, hori eta Gabrielen gaineko beste edozein, Solanje. Hobe autobusean etorriko bazina, bestela trenean, hori ere badugu eta, autoan besterik ezean. Berdin Anton, Gilen, Nerea, Helena.
Ekainean izango dira Gabriel Aresti Segurola hil zela berrogeita hamar urte, zelan ahaztu orduko eguna, bosta. Horren hurrengo astean izango da gurea, Bilbon bertan egingo zaizkionetara joan ahal izatea ez eragoztearren. Gorde egunak. Atsegintzeaz gain, egunotan Gabriel Arestik bizi izan zuen eta berrogei urteren buruan euskarak, euskal kulturak eta batik bat euskal sortzaileok bizi duten, dugun, egoera miserableaz haserretzeko eta mailuari eusteko aukera izango dugulakoan. Txakolinaren distiraz ahaztu gabe.
Txibien eta sagar onduen sasoian.
Mundakan.
Ondo etorriak.