Edorta Jimenez.

Gernika-Esparta-Gernika

2024ko apirilaren 21a
05:00
Entzun
IRATI EGUREN
IRATI EGUREN

 

Erdi lotan, amets erotikoak izaten ari naiz. Hobe ez! Hau Grezia da. Besterik da noizko Grezia den. Autobusa, esaterako, gure nerabezaroan Bermeo-Bilbo-Bermeo linean ibiltzen ginen haiexen airekoa da.

Geldialdia.

Bidazti batzuk kanpora, beste batzuk barrura, tarte batez hementxe gagoz, geldi. Non baina? Hor kanpoan idatzi dago; Σπάρτη / Sparta.

Esparta! Hara!

Esparta arrunt honek ez dauka zerikusirik izenak dakartzan oihartzunekin. Autobusen geralekuko eraikinari pobreziaren seinaleak ageri zaizkio. Adreiluz eta porlan merkez egina da, auskalo noiz. Euren autobusaren zain dauden emakumeak sorterrikoak dakarzkidate gogora. Gure ama eta, txikiak ginela. Gizonak ez dira inondik ere «300» haietakoen jitekoak. Azken batean Espartako gorpuztu zuen Kirk Douglas New York-eko Amsterdam izenekoan jaio zen.

Zinemaren eragina, bai. Aitzitik, denbora/leku zehatz honetan ez da film epikoen soinu-bandarik aditzen. Aditzen den jendeen berbaroa niretzat ulergaitza da. Neorrelismoa. Espartarrak ez ezik beste greziar gehienak ere espartar diziplina deritzonaren antzeko batek estuturik bizi dira. Munduko Bankuak eta EBk ezarri dien dietaren ajeak.

Hilabete eta erdi edo dela Atenasen bizi izandakoetakoetatik deigarriena datorkit orain gogora. Ez da manifetan poliziak gas poteak jaurtitzen zituela eta manifestariek gas-maskarak eta kaskoak jantzirik ekiten zietela, ez. Hemen zein Italian zein Portugalen euritakoak eta elastikoak saltzen ahalegintzen diren afrikarren lehengusu-lehengusinek Atenasen manifetarako kit osoak saltzen zituzten, horra. Gas-maskarak eta kaskoak, prezio onean. Ikustea izan dudanez, polizien eta manifestarien buruz burukoak Sintagma plazan hasi izaten dira, eta handik hiriaren luze-zabalera hedatzen. Faxistak han, plazako goiko aldean ikusle. Espartako geltoki gainbehera etorrian Atenasera bidean, Sintagma plaza ez dago etxerako nire ibilbidean. Geltoki nagusira, eta aireportura.

Atzera begira Espartako autobus geltokian, Ithaka gertuan izan dugun tarteaz oroitu naiz. Horretan bai emozioa. Beti bezala Konstantino Kavafisen olerkiko lehen lerroez gogoratu naiz. Eta haren euskaratzaile Andolin Eguzkitza bihotzekoak Zestoan koadernotik hara irakurri zigun testu ederraz ez ezik, hango arrats atseginaz, musuez eta edatekoez ere bai, norbait harekin guztiarekin orain ni gogoratzen naizen bezala gogoratzen baldin bada ez dezan gero esan horrek ahaztu dudala inportanteena aipatzea, badaezpada.

Ithakara itzultzeko bidaian abiatzen zarenean,
egizu otoitz bidea luze izan dadin,
menturez betea, ezagutzez betea.

Ithakakoa bart izan zen. Gernika gure ontzia hondoratzen ari zela izan da eta, inon lehorreratu behar izatekoan horrexetan izatea deseatu dut. Lipar batez bederen. Aitzitik ontziak bideari eutsi dio, beste baten txopatik atoian, eta halaxe ikusi dut uharte magikoa horizontean ostentzen, gure ubera baino askoz harago. Eta hona ni naufragiotik salbaturik eta oraindino hamabi ordu igaro gabe, Espartako geltokian.

Salbaturik, nork eta nola, hamahiru urteren buruan ez dut ez horiek ez eta hartan atrakatu genuen portuaren izena ere gogora ekarri nahi. Ez eta Atenaseko geltoki nagusiak eragin zidan zirrara ere. 2011 zen. Urteen buruan eskuindarrak Sintagma plazaren jabe dira. Espartar diziplina, eta heroirik ez inon. Gu geu akaso, Gazara Gernikak sinbolizatzen omen duen mezua, hots, elkartasun eta bake mezua iritsarazi nahirik? Ezta ere. Kretan geneukan Gernika zain, eta hor nonbait lotu da estekaturik. Izena gogora ekarri nahi ez dudan portu horrexetan.

Kreta, Ithaka, Esparta, harako jainko-jainkosen eta heroi aspaldiko haien lekuen izenek durundi egiten omen dute munduan beroen luze-zabalean. Ez dakit ba. Azkenen batean gaur Grezia ez da historiaren edo beste halakoen zaletasunagatik aipatu izaten, turismoaren turuta eta atabalen harrabotsagatik baizik. Bigarren hori oraingoz alde batera utziz, munduan Gernika izenak ere durundi egin zezakeelakoan ezarri zioten haren izena Gazara inoiz iritsi ez zen ontzi gureari. Zera, Gernika izena genozidioa kontzeptuaren metonimia zela uste betean.

Orain, Gazarako hartatik hamahiru urte igarota, eta Israel genozidio telebistaz zabaldua burutzen ari den honetan, hots, sarraskiak metonimiaren premiarik izatekoan hortxe duelako Israel hitza bera genozidio hitzaren sinonimo, diot ba, Greziakoak aspaldidanik sartuta dagozen logikan sartu nahi dute Gernika. Makro Turismoaren negozioaren logikan alegia.

Greziar jatorrikoa omen da logika hitza, denetarako makulu eta estakuru bihurtua bera. Halaxe, logikoa dena arrazoizkoa dela dioskute negozioen jabeek. Horiek biak sintagma askotan polito axioma greziar jatorriko hitzarekin. Egoitza Sintagma plazan duen parlamentuan dugu adibidea. «Greziako gobernua, negozioen axiomak betez, arrazoizkoaren logikara itzuli da».

Atenaseko Sintagma plazatik gure oraingo sintagma polemikoetara etorrita, ez dut konprenitzen nola ez den Gernika izenaren defentsan oraino inor altxatu. Gernika izenak daukan kapital sinbolikoaren balioa hutsaren hurrengoa delako?

Ez ote da kontrakoa, zera, delako balioa handia dela eta horrexegatik eman nahi diotela gringoari? Gernika Guggenheim, zein Guggenheim Gernika, izena izan truk, eta dirua ipini nork eta guk. Txut!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.