Edorta Jimenez.
BEGIAK LAU

Optalidón Kodeina Biodramina Ginebra

2023ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Drogen historiara itzuli naiz. Aspaldiko bizio batek berriro harrapatu duenaren antzera. Luzaroan zigarrorik izioturik gabe izan denaren grinaren parekoaz. Ahazturik uste nituen batzuk erabat ahazturik ez dauzkadala frogatzera. Halaxe oroitu naiz gaiari buruz irakurri genuen lehen liburuarekin; Peter Laurie haren Las drogas. Eta esan ere irakurri genuela baldin badiot, liburua erosi zuenak behin berak irakurrita pasatu zidalako diot. Biok, ba.

Liburua 1969an argitaratu zuten gaztelaniaz, eta, guztiz oker ez banago, kaleratu bezain laster eskuratu genuen. Beraz, hamasei edo hamazazpi urterekin. Bageneukan, bai, jakingura. Drogak eurak eskuratzeko modurik ez, ostera. Dena dela, guk gure burua horretan ere janzteari ekin genion. Frankismoarenak laster egingo zuelakoan, eta gizarte berri librean halakoak legezko izango zirelakoan.

Legezkoak eta ez legezkoak direla eta,liburuak argi utzi zigun drogak direla gure eguneroko kafea, tabakoa, alkohola eta besteren bat. Horiek alde batera, besteak ezagutu nahi genituen. Legez kanpokoak. Paperean behintzat. Eta hara non, hura irakurriz jakin genuen izan ere bazirela gure artean legearen barruan saltzen ziren ez-legezko drogen antzeko batzuk. Hala nola, Biodramina izenekoa.

Nerabezaroko urteetan, etxetik Bilbora eta Bilbotik etxera busean astean bitan gutxienez jota, huraxe hartzen nuen; ez zorabiatzeko. Eta halako efektua egiten zidan hark non Bilbotik etxerako ordu eta erdiko tartean Peter Laurieren liburua zorabiorik gabe irakur nezakeen. Hura bai droga, hura. Zera, AEBetan droga eta botika esateko berba bakarra erabiltzen dute, drug. Biodramina droga multzo bietako zen.Kolokoi itzelak eragiten zizkidan. Lasaiak, nire baitara sakon biltzen nindutenak. Halako batean, ordea, haren formula aldatu zuten. Harrez gero ez zuen behialakoak lako kolokoirik eragiten. Hartzeari utzi nion.

Biodramina hitza erabiliz soneto baterako lagunak bilatuz gero, horra beste drug bat, legezkoa: Kodeina xarabea. Amak behin edo behin ematen zigun, eztul gaiztoen sendagarri. Haren ondoan lekutan ziren amamaren enplastoak eta. Dena dela gure ama ez zen halako zera miragarriekin fio. Haren bihotzferaren gertuko beste bat edo beste bai, ostera. Eta halaxe ba, horiek, Optalidón ahalguztiduna agertu zenean, haren gurtzaile bilakatu ziren.

Lehenengo gurtzailea amaren lehengusina izan zen. Hark ere bost ume etxean gureak legez, eta gizona itsasoan, eta txerri bi kortan, eta dirutxoren bat aurreztearren beti josten eta puntua egiten, eta gainera ahizpa tarteka etxean senar maltratadorearen atzaparretatik ihesean, eta zertarako segi, ba, hark gure amari nire aurrean esaten zion, zera, «optalidoia Antoni, hau barik ezin dot bizi, Antoni».

Ba bizi behar izan zuen hura gabe amaren lehengusinak, bizi behar izan zuenez, ze halako batean Optalidón ahalguztiduna bere jatorrizko galaxiara erbesteratu zuten. Jatorrizko Biodramina bezalaxe. Kodeina xarabeari gertatua ez aipatzearren. Haienak bai zorion urteak. Herriaren opioa, izan ere, opioaren familiakoak zirenekoak.

Esan gabe doa Optalidón ahalguztiduna erbesteratu aurreko denboretan gure amak aholkua estimatzen ziola, kortesia hutsez, lehengusinari. Ez zuen inoiz hartara jo. Ez zen fio, badiot. Mesfidantzaren indargarri, lantzean behin bihotzferako beste txokotxo batetik hura areagotzen zioten berri latzak etortzen zitzaizkion. «Zure koinata —aitaren arreba—, berriro ere ospitalera; estomagua garbitzera; anbulantzian; pastilla mordoa oraingoan ere».Aitak amari halaxe esaten ziola daukatgogoan. Dosia eta gaindosia legezko hitzak beste galaxia batekoak ziren, zer esan adikzio edo menpekotasun hitzez. Galaxia, aldiz, gerturatzen ari zitzaigun. Amaren lehengusinak eta koinatak adikzioa garatu zuten. Dosiari buruzko aholkuez, baldin eta halakoez ezer bazekiten, paso egiten zuten. Zorionaren pilulen garaiak ziren, alafede. Hurrengo urteetan zorion-gurak pilulen ordekoak topatu zituen. Optalidón zaleen aldarri zaharrari eutsiz topatu ere: Nire buruaren jabe, neu! Heroiak eta heroinak.

Peter Laurieren liburuak eztabaida luzeetarako soka luzatu zigun. Adibidez, nork zein droga hartu? Galdera horren erantzuna izaten zen, ba ze, adin, sexu, lan edo ez lan, eta halako beste aldagarri zenbaiten araberakoa zela erabakia. Garaiko kapitalismo ereduak emakumeen gorputz esklaboentzat Optalidón ahalguztiduna zeukan. Hala hemen nola AEBetan zein UKlegendarioan. Halaxe kantatu ahal izan zuen Rolling Stones jatorrizkoak guk artean ezagutzen ez genuen kantua.

«Gaur egun umeak ezberdinak dira, aditzen diot esaten ama bati / eta egiatan gaixorik ez badago ere, badauzka nonbaiten pilula hori horiek / eta hor doa korrika gordeta dauzkan tiraderara». (Mothers Little Helper, 1966).

Pilula horiak Valium-a ziren. Optalidoiak gorrixkak ziren. Berdin dio. Zorionaren Urte haietan Optalidón hari uzkur zitzaizkion emakumeak ere eutsi egiten zioten, hala edo nola. Amak noiz edo behin etxe ondoko tabernara bidaltzen ninduen, tripetako minak zituela eta, ginebra basoerdi baten bila. Min haiek hilekoarenak izaten zirela, urteak igarota jabetu nintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.