Onintza Enbeita

Garbitasuna

2025eko irailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dakit seguru zenbat urte izango nituen lehenengoz depilatu nindutenean. Demagun 13 nituela. Ez nuen argi ikusten kontua, eta butanoan argizaria berotzen zen bitartean nire azken bala bota nuen: «Finlandiako emakumeak ez dira depilatzen». Ez dakit nondik atera nuen baieztapena. Izeba batek erantzun zidan: «Han ere garbiak direnak depilatuko dira!». Duela 33 urte, guk ezagutzen genuen Euskal Herriko zatian behintzat, ez zegoen depilatzen zen gizonik; beraz, gizon guztiak zikinak zirela esaten ari zitzaidan izeba. Ez zen hori izango berak esan nahi zidana, baina nik apuntatu egin nuen datua. Izan ere, hortik ez hainbeste urtera, familiako bazkari batean hankak depilatu gabe izatea leporatu zidaten. Ez zait askotan gertatu: ohituratzat hartu izan dut derrigor hasitako bidea, baina uda hasierak jokoz kanpo harrapatu ninduen. Osaba batek esan zidan ile haiek kendu egin behar nituzkeela. Berak ere bereak ken zitzala esan nion, eta «ni gizona naiz», esan zidan. «Bai, hala zara», esan nion, «eta gizon guztien moduan zikina!». Aurpegian igarri nion ez zitzaiola erantzuna gustatu eta nire ondorioa nondik atera nuen kontatu nuen han, familia guztiaren aurrean. Isilik gelditu ziren denak.

Gaur garbitasunaren munduko eguna ei da, eta bat-batean akordatu naiz Finlandiako emakumeei garaipen txiki bat zor diedala.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.