Elorri horia gehiegi hazten zaigu, eta urtero kendu behar izaten dizkiogu adarrak. Garai honetan elorriaren adarrak eder-eder egoten dira, kanika laranjaz beteta, eta jendeak etxea apaintzeko erosten dizkigu arantzaz betetako adarrok. Astelehenean, ordea, bikote bat hurbildu zitzaidan mahaira. Landarearen izena galdetu zidaten lehenengo, eta argazkiak egin zizkioten gero. Gaztelaniaz nola deitzen zen esan nien, telefonoko itzultzaileak haien hizkuntzan esan ziezaien. Haiek uste zutena zen eta poztu egin ziren. Pilota laranjak nahi zituzten, hostorik eta arantzarik ez. Jendeak apaingarri gisa erosten zituela esan nienean eskuak eraman zituzten burura. Haien herrian elorriaren fruitua jan egiten dela esan zidaten; osasunerako ona ei da. Halakorik ez nuen entzun astelehenera arte. Gurean beti txoriek jan dituzte pilotatxoak. Errezetak erakutsi zizkidaten Interneten eta hizketan egon ginen. Astelehenean gehiago eramateko eskatu zidaten.
Gogoratu nintzen, behinola, ondoko postukoak barre egin zidala kanpotarrak etortzen zitzaizkidalako erostera. Harro nago ni, ordea. Beti gauza bera eta beti berdin kozinatzeko eramaten duenak nekez irakatsiko digu gauza berririk. Momentuz, elorriaren pilotak eztiarekin nahasten hasi naiz. Egunero zerbait berria ikasteko, beharrezkoa da egunero zerbait ikasteko prest jaikitzea.